Estadio online | ES | EUS
Menu

Arautegia

Arautegia
Instalazioak eta zerbitzuak erabiltzeko eta abonatuen eta erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak arautzeko, nahitaez bete beharreko araua batzuk behar ditugu, Arautegi honexetan jasotzen direnak, hain zuzen.

Estadio Vital Fundazioa, Vital Banku Fundazioak eratua da -bere garaian Arabako Aurrezki Kutxak eratua (egun, Vital Banku Fundazioa)- irabazi asmorik gabeko erakundetzat, eta xede hau du: gorputz, kirol, gizarte, kultura eta aisia jarduerak egin daitezen sustatu eta ahalbidetzea, gehienbat Arabako lurralde historikoan eta bere egoitzan, Gasteizko Cervantes ibilbideko 20. zenbakian.

Horretarako, Estadio Vital Fundazioak bere jardun eremuan garatzen diren gorputz eta kirol jardueren irakaskuntza sustatzen eta gauzatzen du, eta bere gobernu organoei dagokie bere jardun programak garatzea. Eta bere instalazioak («Estadio» izenez ezagunak) sostengatzearren saiatzen eta aritzen da, gorputz, kirol eta aisia jarduerak egin daitezen, jarduera horien kudeaketa eginda.

Instalazioak eta zerbitzuak erabiltzeko, eta abonatu eta erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak arautzeko, beharrezkoa da nahitaez bete beharrekotzat jotzen diren arauak ezartzea. Arautegi honetan biltzen dira arau horiek, hain zuzen.

I. TITULUA: IZENA ETA HELBURUA

1. artikulua

Estadio Vital Fundazioa irabazi asmorik gabeko fundazio pribatu bat da, gizarte izaerakoa, Vital Banku Fundazioarena, eta egoitza Gasteizen du, Cervantes ibilbideko 20.ean.

2. artikulua
Fundazioaren xedea da gorputz, kirol, gizarte, kultura eta aisia jarduerak sustatu eta gauzatzea, gehienbat Gasteizen eta Arabako lurralde historikoan.


II. TITULUA: ABONATUEZ: ONARTZEA, KUOTA MOTAK ETA KANPOAN UZTEA

3. artikulua
Fundazioaren onuradun dira Fundazioaren gobernu organoak inskribatzea onartzen dien pertsona guztiak.
Horren ondorioz, abonatu izaera hartuko dute. Abonatua izateak berekin dakar arautegi hau onartu eta errespetatzea.

4. artikulua
Abonatu bakoitza, urteko kuota aplikatze aldera, talde hauetakoren batean sartuko da:

a) Helduak: 16 urtetik gorakoak, adin hori betetzen duten urtetik hasita.
b) Adintsua: 65 urtetik gorako guztiak.
c) Ohorezkoa: 75 urtetik gorakoak izanik, etenik gabe 45 urtez bazkide izan diren guztiak.
d) Haurrak: 16 urte baino gutxiagokoak.
e) Aldi baterako utzialdia: urtebete baino luzeagoa eta bost urte baino laburragoa den aldi batez Arabako lurralde
historikotik kanpo bizi diren abonatuek, aldi baterako abonatu izateari uztea eska dezakete. Horretarako,
bizileku berria egiaztatzen duen agiria entregatu beharko dute.

5. artikulua
Talde bakoitzerako kuota orokorra ezartzen da. Kuota mota bakoitzaren barruan, deskontuak ezar daitezke, orokorrak eta objektiboak diren xehetasunak aintzat hartuta, hala nola adina, mendekotasuna, Arabako lurralde historikotik kanpo bizi den ikaslea izatea, familia ugarikoa izatea, eta antzekoak.

6. artikulua
Kuota arruntaren eta gainerako zerbitzuen zenbatekoa, bai eta hobaririk jartzen den zehaztea, urtero erabakiko dute Fundazioaren gobernu organoek.

7. artikulua
Fundazioaren gobernu organoen eskumen izango dira, besteak beste, ondorengo bi hauek: batetik, pertsona
abonatuen kopurua zehaztea; eta, bestetik, fundazioaren estatutuei jarraituz, abonatu berriak onartzeko baldintzak
jartzea.

8. artikulua
Ezarritako urteko kuota ordaintzeari uzten dion abonatu orok, zuzenean galduko du abonatu izaera hori.

9. artikulua
Abonatuen eskubideak:

- Fundazioaren instalazioetan libreki sartzea, betiere jendearentzat zabalik dauden egunetan eta orduetan.
- Fundazioarekin nolabaiteko lotura duten erakundeen instalazioetara libreki sartzea, kasuan-kasuan ezartzen diren baldintzetan.
- Instalazio eta zerbitzuak erabiltzea, kasuan-kasuan ezarritako baldintzetan, betiere arautegi honetako 22. eta 23. artikuluetan ezarritakoa errespetatuz.
- Fundazioak antolatutako ikastaro eta jardueretarako izena ematea, kasuan-kasuan ezartzen diren baldintzetan. Ikastaro eta jarduera horietan zerbitzu egokia jasoko du abonatuak.
- Instalazio eta zerbitzuak erreserbatzea, ezartzen diren prozedura eta baldintzei jarraituz.
- Fundazioaren jardunari buruzko informazioa, kasuan-kasuan zehazten diren bideen bitartez.

10. artikulua
Abonatuen betebeharrak:

- Esparruan sartzean eta irtetean, egiaztagiria (txartel pertsonalizatua) erabiltzea; eta Fundazioko langileek eskatutakoan, egiaztagiria erakustea.
- Fundazioaren instalazio, ekipamendu eta zerbitzuak zuzen eta ondo tratatuz erabiltzea.
- Gainerako abonatu eta erabiltzaileak eta Fundazioko langileak errespetatzea.
- Beste abonatu edo erabiltzaile batzuen lehentasunezko eskubideak errespetatzea, bereziki instalazioak eta zerbitzuak erreserbatzean.
- Kopuru hauek garaiz ordaintzea: urteko kuota, ikastaro eta jardueretarako izen-ematea, eta instalazio eta zerbitzuen erreserbak.
- Instalazio, ekipamendu eta zerbitzuetako erabilera arauak eta instalazioetako langileen aginduak betetzea.
- Harremanetarako datuetan (helbidea, bankuko datuak...) akatsen bat edo aldaketaren bat izanez gero, Fundazioari lehenbailehen jakinaraztea.

11. artikulua
Abonatuen betebeharrak huts egiteak zigorrak ekar ditzake; eta berriz huts egiteak, abonatu izateari utzi beharra.

12. artikulua
Abonatuen betebeharrak huts egiteak Fundazioaren instalazio, ekipamendu edo zerbitzuei kalte egiten badie, errudunak ordaindu beharko du konpontzearen zenbatekoa. Gainera, errudunari dagokion zigorra ezarriko zaio.


ZEHATZEKO PROZEDURAZ

13. artikulua
Fundazioaren organo eskuordetu gisa, Diziplina Batzordea eratzen da. Honek, izapidetu eta ebatziko
ditu —eskuordetzen zaizkion eskumenak erabiliz— abonatuek euren betebeharrak ez betetzeagatik abiatzen diren
espedienteak.

Horretarako, Diziplina Batzordeak, hala egokituz gero, bidezko deritzen zigorrak proposatu edo ezarriko ditu, gertakarien larritasunari eta Fundazioaren diziplina araubideari jarraituz.
Diziplina Batzordeko kideak Fundazioaren gobernu organoek izendatutako bi pertsona izango dira; horietako bat, abonatua eta abonatuen ordezkari gisa.

Diziplina Batzordearen ebazpenen aurkako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaie Fundazioaren gobernu organoei. Organo horiena izango da azken erabakia.


III. TITULUA: ERABILTZAILEEZ

14. artikulua
Erabiltzailetzat joko dira gizabanako edo talde hauek: Fundazioaren helburuekin bat datorren lana egiteagatik, kasuan kasu zehazten diren baldintzetan instalazioak erabil ditzaten Fundazioaren gobernu organoek baimentzen dituzten gizabanakoak edo taldeak.


IV. TITULUA: INSTALAZIOEN SARTZEA

15. artikulua
Instalazioetan sartzeko, ezinbestekoa izango da abonatu izatea eta dagozkion kuotak ordainduak izatea.

16. artikulua
Fundazioko abonatuek, abonatu izatearen egiaztagiria (txartel pertsonalizatua) erabili beharko dute esparruan sartzeko eta irteteko. Era berean, Fundazioko langileek abonatuari egiaztagiri hori eskatu ahal izango diote instalazioen barruan.

17. artikulua
Egiaztagiri hori (txartel pertsonalizatua) pertsonala da, eta inola ere ezin da besterendu. Abonatuak agiri hori inori lagatzen badio, edota beste pertsona batzuk iruzurrez sar daitezen laguntzen badu edo halako iruzurrak bideratzeko parte hartzen badu, abonatu izateari utziko dio berehala.

18. artikulua
Fundazioko abonatu ez direnek, badute instalazioetan sartzerik, betiere abonatu batek lagunduta. Abonatu ez denak sarrera —urteko salneurrien zerrendan zehazten den zenbatekoa— ordainduko du.

19. artikulua
Arautegi honetako 14. artikuluarekin bat etorriz, Fundazioaren gobernu organoek gizabanako edo taldeei eman diezaiekete instalazioetan sartzeko baimena. Gizabanako edo talde horiei, agiri egokiak emango zaizkie.

20. artikulua
Instalazioetara kirol, kultura edo aisia jardueretarako sartzea librea edo ordainpekoa izan daiteke, abonatuentzat eta abonatu ez direnentzat. Fundazioaren gobernu organoek ezarriko dituzte kasu bakoitzerako prozedura eta baldintzak.

21. artikulua
Debeku da inolako animaliarik sartzea (itsu txakurrak izan ezik), edonorentzat arriskutsu izan daitezkeen
objektuekin sartzea, edota instalazioetan zehar edozein motatako bizikletatan, patinetetan edo patinetan ibiltzea ere.


V. TITULUA: INSTALAZIOAK ETA ZERBITZUAK

22. artikulua
Fundazioaren instalazio eta zerbitzuak, horietako bakoitzaren erabilera arautegi osagarriarekin bat etorriz erabili beharko dira.

23. artikulua
Zenbait instalazio eta zerbitzu erabiltzeko, daitekeena da aldez aurretik erreserbatu behar izatea. Fundazioaren gobernu organoek erabakiko dituzte kasu bakoitzerako prozedura eta baldintzak.

VI. TITULUA: XEDAPEN OROKORRAK

24. artikulua
Oro har, ez dago baimenduta gai toxikorik, estupefazienterik edo psikotropikorik kontsumitzea; gaitutako eremuetatik kanpo, tabakoa kontsumitzea (errez nahiz lurrungailuz); ostalaritzako guneetatik kanpo edari alkoholdunak kontsumitzea; soinu bozgorailu eramangarriak erabiltzea; Fundazioaren instalazio edo zerbitzuak helburu ekonomikoetarako erabiltzea, Fundazioaren baimenik gabe; ez eta aldageletan edo instalazioetako gainerako tokietan irudiak hartzea ere, argazkia edo grabazioa egin zaien pertsonen edo Fundazioaren baimenik gabe.

VI. TITULUA: XEDAPEN OROKORRAK

25. artikulua

a) Fundazioaren gobernu organoek zehaztuko dute zein egunetan eta zein ordutan izango diren instalazio eta zerbitzuak zabalik edo itxita, gizarte egokitasunaren, salbuespenezko egoeren, urte sasoiaren edo beste arrazoi batzuen arabera.
b) Vital Banku Fundazioak, kiroldegiaren jabe denez, instalazioetako bakoitza osorik edo zati batean erabiltzeko
eskubidea gordetzen du, bere sozietate jardueretarako interesatzen zaizkion helburuetarako.
c) Fundazioak ez du bere gain erantzukizunik hartzen, abonatu edo erabiltzaileei galtzen zaizkien edo lapurtzen
dizkieten objektuak edo dirua direla eta.
d) Fundazioaren gobernu organoek interpretatu eta ebatziko dituzte arautegi honetako artikuluei buruz sortzen
diren zalantzak, eta eurentzat gordetzen dute arautegi hau aldatu edo zabaltzeko eskubidea, Fundazioaren
interesetarako egokien jotzen duten moduan.
e) Arautegi honetan aurreikusi ez diren kasuak, Fundazioaren gobernu organoek ebatziko dituzte.