Estadio online | ES | EUS
Menu

Estatuak

Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legeari jarraiki, Fundazioaren Estatutuetan honako hauek jasotzen dira izena, sortze-helburuak, helbidea, aginte-organoak…. Haien lehen bertsioa 1983an egin zen eta harrezkero...

Eduardo de Arana y Abreu jauna Vitoria-Gasteizko notarioak 1983ko apirilaren 29an baimendutako eskritura baten bidez, Arabako Aurrezki Kutxa Probintzialak “Fundación Cultural Privada Estadio Sociedad Deportiva” izeneko kultura eta kirol fundazio pribatua eratu zuen.

“Fundación Cultural Privada Estadio Sociedad Deportiva”, gaur egun “Fundación Estadio Vital Fundazioa” deitzen dena, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan aitortu, sailkatu eta inskribatu zen, 005 erregistro-zenbakiarekin, hirugarren sekzioan, Euskal Autonomia Erkidegoko Kultura eta Turismoko sailburuaren 1983ko abenduaren 12ko Aginduaren arabera, eta haren hasierako xedea kirol-jarduerak, sozio-kulturalak eta aisialdikoak sustatzea eta burutzea zen.

Bestalde, "Caja Provincial de Ahorros de Álava" eta "Caja de Ahorros Municipal y Monte de Piedad de Vitoria" kutxen arteko bat-egitearen ondorioz, "Caja de Ahorros de Vitoria y Álava - Araba eta Gasteizko Aurrezki Kutxa" ("Caja Vital Kutxa") sortu zen, Manuel María Rueda Lamana jauna Vitoria-Gasteizko notarioak 1990eko ekainaren 18an baimendutako eskrituraren bidez.

Azkenik, Alfredo Pérez Ávila jauna Vitoria-Gasteizko notarioak 2014ko uztailaren 3an baimendutako eskrituraren bidez, "Caja Vital Kutxa" “Fundación Bancaria Caja de Ahorros de Vitoria y Álava - Araba eta Gasteizko Aurrezki Kutxa" bihurtu zen, gaur egun "Fundación Bancaria Vital - Vital Banku Fundazioa" ("Banku Fundazioa") deitzen dena, eta banku fundazio bilakatzeko aipatutako eskrituran aurreikusitakoaren arabera, Banku Fundazioaren ondarearen parte dira Fundazio izaera juridikoa eskuratu zuen unean zeuden “Caja Vital Kutxaren" ekonomikoki baloratu zitezkeen ondasun eta eskubide guztiak baita gerora eros ditzakeenak ere.


“FUNDACIÓN ESTADIO VITAL FUNDAZIOAREN” ESTATUTUAK

I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- IZENA ETA IZAERA.


“Fundación Estadio Vital Fundazioa” deritzo fundazioak, eta irabazi asmorik gabeko Fundazioa da, izaera pribatukoa eta gizarte ekintzakoa. Bere ondarea Estatutu hauetan zehaztuko diren interes orokorreko helburuak gauzatzeari lotuta dago era iraunkorrean.

2. artikulua.- ARAUBIDE JURIDIKOA.

1. Fundazioa hainbat araubidek eraenduko dute: Estatu hauek; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legeak; ekainaren 19ko 100/2007 eta 101/2007 Dekretuek, zeintzuen bidez onesten baitira, hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren Arautegia eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Arautegia, eta halaber, hari aplikatu dakiokeen indarreko beste edozein lege-araudik.

2. Bere Estatutuak euskaraz eta gazteleraz idatzi dira.

3. artikulua.- NORTASUN JURIDIKOA ETA JARDUTEKO GAITASUNA.

1. Fundazioak gaitasun juridiko eta jarduteko gaitasun osoa ditu, eta Estatutu hauek eta ezar dakizkiokeen lege-xedapenek ezartzen dituzten mugak baino ez ditu.

2. Ondorioz, eta babesletzari egin behar zaizkion bidezko jakinarazpenen kalterik gabe, Fundazioak jarduteko gaitasun osoa izango du bere helburuak betetzeko, Kode Zibilaren 38. Artikuluan xedatutakoaren arabera.

3. Fundazioak honako hauek egin ditzake:

a) Mota guztietako jarduera ekonomikoak garatu, bere helburuak lortzeko edo baliabidek abildu helburu horiei jarraiki.

b) Mota guztietako ondasunak eta eskubideak erosi eta besterendu, edozein titulurengatik, eta mota guztietako egintzak, negozioak eta kontratuak burutu.

c) Mota guztietako egintzak egikaritu, bere Estatutuen eta dagozkion Legeen arabera.

4. Ongintzazko fundazio izaera duenez, legezko xedapenek onartzen dizkioten eskubide guztiak izango ditu: funtsezkoak, prozesalak, fiskalak nahiz beste izaera batekoak, doako justizia barne

4. artikulua.- IRAUPENA.

Fundazioaren iraupena mugagabea da eta, bere jarduna bukatutzat ematera edo bere nortasuna iraungitzera, edo Estatutuetan edo aplikatu dakiokeen araudian berariaz aurreikusitako balizkoetan bakarrik egin dezake.

5. artikulua.- HELBIDEA.

Fundazioak Vitoria-Gasteizen izango du bere helbidea, Cervantes ibilbideko 20an.

Patronatuak erabakiz gero, helbidea Arabako Lurralde Historikoko beste edozein lekutara eraman daiteke, aplikatu daitekeen araudian ezarritako baldintzak beteta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroari ere jakinaraziko zaio, behar bezala inskribatuta ager dadin.

6. artikulua.- LURRALDE EREMUA.

Fundazioak batez ere Arabako Lurralde Historikoan garatuko ditu bere jarduerak, nahiz eta, Patronatuak hala erabakitzen badu, Euskadiko Autonomia Erkidegoko gainerako eremuan eta, kasua bada, beste lurralde batzuetan jardun dezakeen.

7. artikulua.- JARDUERA PRINTZIPIOAK.

Fundazioak honako printzipio hauei jarraituko die bere jardueran:

a) Publizitatea eta gardentasuna, bere helburuei eta jarduerei buruzko informazio nahikoa emanez, herritarrek, oro har, eta bere onuradun izan daitezkeenek ezagutu ditzaten.

b) Inpartzialtasuna eta diskriminaziorik eza pertsona onuradunak aukeratzean, baita euren jarduerenak eta prestazioenak ere.

c) Jarduera zuzentarauen sustapena, portaera kodeak eta funtzionamendu praktika onak sortuz.

d) Patronatuko kideei zerbitzu-espiritua sustatzea, baita Fundazioen interesei lehentasuna ematea ere, norberaren edo interes partikularren aurretik.

e) Lankidetza leiala eta iraunkorra Euskadiko Fundazioen Babesletzarekin.

f) Fundazioaren ondarea eta errentak fundazio-helburuetarako erabiltzeko betebeharra egiatan betetzen dela defendatzea eta babestea, Estatutu hauetan eta indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera.

g) Genero berdintasuna.

8. artikulua.- HELBURUAK.

1.- Fundazioaren helburua jarduera fisikoak, kirol-jarduerak, jarduera soziokulturalak eta aisialdiko jarduerak sustatzea eta egitea da.

Horretarako, bere jardun-eremuan garatzen diren jarduera fisikoen eta kirolen irakaskuntza sustatu eta burutuko du, eta bere aginte-organoei dagokie bere jarduera-programak garatzea. Bere instalazioak mantentzen saiatuko da, jarduera fisikoak, kirol arlokoak eta aisialdikoak egin daitezen, eta jarduera horien kudeaketa egingo du.

Eta, oro har, jarduera nagusien osagarri edo ondorio diren edo haiekin lotura edo mendekotasuna duten jarduketa guztiak egingo ditu.

2. Fundazioak askatasun osoa izango du bere jarduerak kudeatzeko, bere Patronatuaren iritziz lehentasuna duten helburu zehatzen arabera. Estatutu hauetatik eta aplikagarria den arauditik eratortzen diren mugak baino ez dituzte izango, eta are gehiago, egun dauden edo Fundazioak berak sor ditzakeen beste erakunde edo organizazioen bitartez ere bai.

3. Fundazioak publizitate nahikoa emango die bere helburu eta jarduerei, gizarteak eta bere onuradunak eta interesa izan dezaketenak ezagutu ditzaten.

9. artikulua.- JARDUERAK.

1. Fundazioak gizarte helburua du eta bere jarduera nagusia bere jardueraren arretara eta garapenera, eta bere ondarearen kudeaketa egokira bideratuko du.

2. Fundazioa, bere helburuak betetzea edo jarduerak garatzea xede, berak komenigarri deritzen elkarteetan edota erakundeetan integratu daiteke, baita hitzarmenetan edo beste edozein lankidetza motatan parte hartu ere, antzeko helburuak lortu nahi dituzten edo izaera bereko eragiketak garatzen dituzten beste fundazio, instituzio, sozietate nahiz elkarte batzuekin.

3. Fundazioak merkataritza jarduerak gara ditzake, eta hori zuzenean nahiz zeharka egin dezake, fundazio-helburuekin zerikusia duten edo horien osagarriak edo lagungarriak diren jarduera ekonomikoak eginez, bai merkataritza sozietateetan parte hartuz, bai ordenamendu juridikoak onartzen dituen bestelakoetan parte hartuz ere.

10. artikulua.- ONURADUNAK.

Fundazioaren aginte-organoek inskripzioa onartzen dieten pertsona guztiak izango dira Fundazioaren onuradun, eta, ondorioz, abonatu izaera eskuratuko dute. Horretarako, irizpide orokorrak, objektibotasuna, inpartzialtasuna eta diskriminaziorik eza hartuko dira kontuan, instalazioek zerbitzu egokia emateko duten gaitasunak mugatuta baino ez, eta Estatutu hauetako 7. artikuluan jasotako jarduketa-printzipioen arabera.

Era berean, abonatuak izan gabe, baina Fundazioaren helburuekin koherentea den lana egiteagatik, pertsona indibidualak edo kolektiboak ere izan daitezke Fundazioaren onuradun, Fundazioaren aginte-organoek sartzeko eta instalazioak eta zerbitzuak erabiltzeko baimena ematen badute, kasu bakoitzean zehazten diren baldintzetan, eta, betiere, aurreko paragrafoan ezarritako irizpideen arabera.

II. TITULUA
FUNDAZIOAREN AGINTEA

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

11. artikulua.- FUNDAZIOAREN AGINTE ORGANOAK


Fundazioaren aginte organoak dira, Legean eta Estatutu hauetan xedatutako terminoen arabera:

a) Patronatua.

b) Batzorde Betearazlea, baita Patronatuak, edozein izenaz, eratu dezakeen beste edozein batzorde eskuordetu ere.

12. artikulua.- AGINTE ORGANOEN FUNTZIONAMENDUA.

1. Aginte-organo guztiak Fundazioaren interesen onerako baino ez dira arituko eta bere gizarte-eginkizuna betetzeko, lehentasuna horiei emanez, eragin diezaiekeen beste edozeinen aurretik.

2. Etikarekiko errespetuak bultzatuko du Fundazioaren aginte-organoen jarduna. Portaera etikoari datxezkio arduraz jokatzea, on ustez aritzea eta karguan leialtasunez lan egitea.

13. artikulua.- ESTATUTUAK ONARTZEA.

Aginte-organoren batean parte hartzeak, zeinahi ere den, Estatutu hauek eta beroriek osatzen dituzten akordio eta xedapen guztiak onartzea dakar, baita horiek bete beharra ere.

14. artikulua.- FUNDAZIOEN ERREGISTROA.

Hala aginte-gobernuetako edozein kargu bereganatu behar duten pertsonen izendapenak, nola, berritzeak eta kargu-uzteak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuko dira, aplikatu dakizkiekeen kasuan kasuko xedapenen arabera.

Patronatuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroari jakinarazi beharko dio bere kideen izendapena eta kargu-uztea, akordio horiek hartu direnetik edo uko egite datatik hiru hilabeteko epean, eta inskripzio horrek aitortza ondorioak izango ditu.

Era berean, eskuordetze eta ahalordetze orokorrak, baita horien berritzea ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatu beharko dira, eta inskripzio horrek aitortza ondorioak izango ditu.

II. KAPITULUA
PATRONATUAZ

1. ATALA
IZAERA, EGINKIZUNAK ETA BALDINTZAK

15. artikulua.- PATRONATUAZ.


1. Patronatua da Fundazioaren aginte, administrazio eta ordezkaritza organo gorena. Patronatuari dagokio fundazio-helburuak betetzea, eta arduraz administratzea Fundazioaren ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak, horien errendimendua eta erabilgarritasunari eutsiz.

2. Patronatua subiranoa da bere eginkizuna betetzean, Babesletzak aplikagarria den araudiak ematen dizkion ahalmenak egikaritzearen kalterik gabe, eta Fundazioaren borondatea ordezkatzen du eta fundazio-helburuak gauzatu eta betetzeko beharrezkoak diren ahalmen eta eskumen guztiak egikarituko ditu, Estatutu hauetan eta ordenamendu juridikoan xedatutakoaren arabera.

3. Fundazioaren helburuak hobeto garatu daitezen, Patronatuak egoki irizten dien beste batzorde eskuordetu edo betearazle eratu ditzake, eta kasu bakoitzean erabakiko du zein ahalmen ematen dien. Era berean, askatasunez aukeratzen duen edo dituen pertsona edo pertsonen aldeko ahalordeak eman ditzake eta kasu bakoitzean erabakitzen dituen ahalmenak izango dituzte.

16. artikulua.- PATRONATUAREN EGINKIZUNAK.

1. Patronatua da fundazio-helburuak eraginkortasunez betetzeko Zuzenbidean beharrezko diren ahalmen eta eskubide guztien titularra.

2. Bere ahalmenak baliatzen dituelarik, Estatutu hauek eta aplikatu dakiokeen araudian ezarrita dagoenak eraenduko dute Patronatua, nolanahi ere, eta batzuk aipatzearren, hurrengo eginkizun hauek dagozkio, besteak beste:

1.- Estatutuak zorrotz betetzen direla zaintzea. Estatutuak interpretatzea izaera lotesleaz eta, kasua bada, haietan esan gabeak betetzea edo aldatzea.

2.- Fundazioaren helbidea aldatzea.

3.- Egoki irizten dien beste batzorde eskuordetu edo betearazle sortu edo eratzea, eta kasu bakoitzean erabakitzea zein ahalmen ematen dien, eta batzorde horien funtzionamendu barne erregimeneko erregelamenduak onartzea eta, kasua bada, aldatzea eta batzorde horiek osatu behar dituzten kideak izendatzea, kontuan izanda haien osaerari buruzko estatutu-arauak edo erregelamendukoak.

4.- Fundazioaren eta bere ondasun eta eskubideen defentsa eta iraupena zaintzea, une eta inguruabar orotan horretarako beharrezko edo egoki diren ekintza guztiak burutuz.

5.- Fundazioaren ondarea eta eskubide erabiltzea, administratzea, gordetzea eta defendatzea, baita funts propioen inbertsioa zehaztea, gauzatzea eta zaintzea ere.

6.- Fundazioaren jarduerak arautzea eta adostea, eta bere eskuetan dagoen kasuan, bere baldintzak zehaztea, baita egoki irizten dien erabaki guztiak onartzea eta Fundazioaren jardueran sor litezkeen kontuak ebaztea ere.

7.- Edozein erabaki hartzea eta Fundazioaren eragiketekin zerikusia duten edozein motatako egintzak eta kontratuak baimentzea eta betearaztea, indarrean dauden legezko xedapenei atxikita, eta, behar izatera, egoki deritzen bermeak konprometitzea, edozein izanda ere berorien izaera.

8.- Edozein motatako ondasun higiezinak nahiz edozein izaerako eskubide errealak erostea, edukitzea, besterentzea, hipotekatzea eta kargatzea eta, ondasun eta eskubide horiei dagokienez, edozein egintza edo kontratu egitea: zibilak, merkataritzakoak eta administratiboak, inolako salbuespenik gabe, baita hipotekak eta gainerako eskubide errealak eratzea, aldatzea eta kitatzea ere, bai halaber, Fundazioaren aktiboak edo/eta pasiboak lagatzea, errentan hartzea, salerostea eta eskualdatzea, hori guztia aplikatu daitezkeen legezko mugapenekin.

9.- Titulu, balore, akzio nahiz obligazio mota oro erostea, besterentzea, trukatzea, eskualdatzea, kargatzea, harpidetzea eta eskaintzea, nahiz baloreak saltzeko edo erosteko eskaintza publikoak egitea, baita edozein motatako sozietate edo enpresatako partaidetzen kasuan ere.

10.- Higigarri eta higiezinen gaineko gozamenak, erroldak, zentsuak, zortasun aktiboak eta pasiboak eta izaera errealeko beste edozein eskubide eratzea, aldatzea eta iraungitzea Fundazioarentzat onuragarrienak deritzen baldintzetan, aplikatu daitekeen indarreko araudiaren arabera.

11.- Jaraunspenak, dohaintzak eta legatuak onartzea, jaraunspenetan inbentario-onurari bildu dakiokeelarik.

12.- Kontuak, Memoria, Urteko Balantzea, Emaitzen Kontua eta urteko aurrekontuak aztertzea eta onestea, ondorio haietarako egoki diren ebazpenak hartuz.

13.- Sozietateak, elkarteak, organismoak eta edozein izaera juridikoko beste erakunde batzuk eratzea eta beraietan parte hartzea, beharrezko izango litzaizkiokeen kapitalak ipiniz.

14.- Fundazioaren helburuak bete daitezen, berorren finantza-administrazioaren eta finantza-kudeaketaren ardura eman zaion organoa denez gero, Patronatua bera izango da arlo horren gaineko akordioak onesteko eskumena duena.

15.- Nahikoa ahalorde ematea egoki deritzen pertsonen alde, komenigarri deritzen ahalmenekin, salbu eta legez haiek eskuordetu ezinak izan, eta ahalmenak ezeztatzea.

16.- Fundazioaren iraungipena eta likidazioa onestea, bai halaber, beste erakunde batzuekin bat egitea, nahiz egiturazko beste aldaketa bat egitea.

17.- Kanpo-auditoriaren izendapena onestea.

18.- Estatutuetatik, baliozki hartutako akordioetatik edo indarrean dauden arauetatik sortutako gainerakoak.

3. Patronatuak bere ahalmenak eskuordetu ditzake bere kide batengan edo gehiagorengan, edo Patronatuko kide batzuen alde, batzorde betearazle edo eskuordetu bat edo batzuk eratuta.

Ezin eskuordetu daiteke, ezein kasutan, jarraian zehaztuko diren honako gai hauei buruzko akordioak hartzea:

a) Urteko Kontuen onarpena.

b) Jarduera Planaren onarpena.

c) Estatutuen aldaketa.

d) Fundazioaren bate egitea, zatitzea, eraldatzea, iraungitzea eta likidatzea.

e) Beste pertsona juridiko bat eratzeko egintzak, salbu eta egintza horiek zuzenean helburuei lotuak izan.

f) Partaidetza edo partaidetzen salmenta egintzak beste pertsona juridikoetan, horien zenbatekoa Fundazioaren aktiboaren % 20tik gorakoa bada.

g) Fundazioaren aktiboaren % 20tik gorakoak diren ondasunen edo eskubideen gaineko erabilera dakarren edozein egintza.

h) Zuzkidura handitzeko edo murrizteko.

i) Aktibo eta pasibo guztien edo batzuen bat egitea, zatitzea edo lagapen globala.

j) Sozietate edo beste pertsona juridiko batzuen iraungitze egintzak.

k) Patronatuko kideen autokontratazioa, salbu eta egintza hori errepikaria izan eta Babesletzak aldez aurretik baimendua izan baldintza berberetarako.

l) Erantzukizunpeko adierazpenak hartzea eta gauzatzea.


17. artikulua.- KARGUEN IZAERA.

1. Patronatuko kideek doan jardungo dute euren karguan, bakoitzak bere eginkizunean jardutean karguak eragiten dizkien gastuak, behar bezala egiaztatu ondoren, ordainduak izan dakizkien eskubidearen kalterik gabe.

2. Goiko atalean ezarritakoagatik ere, Patronatuak ordainsaria ezarri dezake Patronatuko kideentzat, horiek Fundazioari ematen dizkioten zerbitzuak Patronatuko kide izateagatik dagozkien eginkizunetan jarduteak dakartzanez bestelakoak direnean, eta aldez aurretik Babesletzak baimenduak izan beharko dute hiru hilabeteko epealdian.

3. Era berean, Patronatuak zenbateko zehatz bat ezarri dezake asistentzia-sari gisa, karguaren zereginak betetzeak eragindako gastuak konpentsatzeko eta, kasu horretan, Patronatuko kideak bere kargua betetzeak eragin dizkion gastuen itzulketaren edo asistentzia-sariaren artean aukeratu beharko du.

2. ATALA
OSAERA ETA JARDUERA ARAUBIDEA

18. artikulua.- OSAERA.


Patronatua hamabost (15) kidek osatuko dute, eta Banku Fundazioaren Patronatuko kide direnek osatuko dute.

Fundazioaren Patronatuko kideei Banku Fundazioko Patronatuko kideen izendapen, hautaketa, berritze eta kargu uzte erregimen bera aplikatuko zaie, eta eskubide eta betebehar berberak izango dituzte.

19. artikulua.- PATRONATUAREN BARNE FUNTZIONAMENDUA.
Patronatua, bere Presidenteak deiturik, dagozkion eginkizunak ondo betetzeko behar adina aldiz bilduko da, eta gutxienez, hiru hilabetean behin.

Urte bakoitzeko lehenengo sei hilabeteetan derrigorrez bilduko da urteko kontuak onartzeko, baita ekitaldiko azken hiru hilabeteetan, hurrengo ekitaldiko Ekintza Plana onartzeko.

Patronatuaren funtzionamendu erregimena bere barne araudian ezarriko da, eta araudi hori Patronatuak berak onartu beharko du.

Urte bakoitzeko lehenengo sei hilabeteetan derrigorrez bilduko da urteko kontuak onartzeko, baita ekitaldiko azken hiru hilabeteetan, hurrengo ekitaldiko Ekintza Plana onartzeko.

Patronatuaren funtzionamendu erregimena bere barne araudian ezarriko da, eta araudi hori Patronatuak berak onartu beharko du.

20. artikulua.- ERATZEA ETA AKORDIOAK HARTZEA.

1. Patronatua behar bezala eratu dela joko da saioa irekitzean kideetatik erdia gehi bat bertan badaude edo ordezkatuta badaude. Patronatuko kideek Patronatuko beste kide batzuei baino ezin laga diezaiekete euren ordezkaritza eta idatziz eman beharko dute eta berariaz egin beharko dute Patronatuko bilera bakoitzerako.

Deitutako bilerara Patronatuko kideetatik erdia baino gehiago joan ezean, bigarren deialdian eratu ahal izango da, eguneko gai-zerrenda berberaz, beti ere, bertaratu diren edo ordezkatuta dauden Patronatuko kideak orotarako kide kopuruaren, gutxienez, heren bat badira, eta lehenengo eta bigarren bileraren artean gutxienez, hirurogei (60) minutu tartea egon dadila.

2. Patronatuak eguneko gai-zerrendan agertzen diren giei buruz eztabaidatu eta erabakiak har ditzake, eta horiei buruz besterik ez, Patronatuaren barne erregelamenduan xedatutakoaren kalterik gabe.

3. Bertaratu diren edo ordezkatuta dauden Patronatuko kideen gehiengo sinplearen aldeko botoaz hartuko ditu akordioak Patronatuak, Estatutu huetan edo aplikagarria den legedian gehiengo berezia eskatzen duten akordioen kasuan izan ezik. Berdinketa gertatuz gero, Presidentearen botoa erabakitzailea izango da.

Gehiengo sinplea dela ulertuko da, akordioaren aldeko botoen kopurua kontrako botoen kopurua baino altuagoa denean, abstentzioak eta boto zuriak aintzat hartu barik.

Kideetatik bi herenaren botoa behar izango da bat-egite akordioak hartzeko, egituraren edozein aldaketa egiteko eta Fundazioa desagerrarazteko, baita Estatutu hauek aldatzeko ere.

Aurrekoaren kalterik gabe, aginduzko arau batek atal honetan aipatzen diren akordioak hartzeak eskatzen duen edozein betebehar ezarriko balu, akordioak arau horretan zehaztutako gehiengoz hartuko lirateke eta, araudian aurreikusi ez balira, gehiengo sinplez.

4. Bozketak nominalak izango dira, bertaratu diren Patronatuko kideetatik gehienek sekretua izan behar duela erabaki ezean.

5. Baliozki hartu diren akordioek Patronatuko kide guztiak behartzen dituzte, disidenteak eta ausenteak ere bai.

6. Patronatuaren deliberamenduak eta akordioak, baita ematen den dokumentazioa, isilpekoak izango dira, eta ezin konta ditzakete ez kideek, ez bileretan parte hartzen dutenek, Fundazioaren Patronatuari berari ez bada. Aurreko betebehar hori haustea Patronatuko kide karguan jardutetik banantzeko zio izango da, egoki gerta litezkeen beste motaren bateko erantzukizunen kalterik gabe.

21. artikulua.- AKTA LIBURUA.

1. Patronatuaren erabakiak aktetan jasoko dira, eta Presidenteak eta Idazkariak sinatu beharko dituzte. Aktetan ipini behar dira: bilkura bakoitzera etorritakoen zerrenda; deliberamenduen laburpen bat; bozketen modua eta emaitza, eta hartzen diren erabakien hitzez hitzezko testua.

Bilkura bakoitzaren akta bilera bera amaitutakoan nahiz hurrengo bilkuran onetsi daiteke.

2. Patronatuak hartutako erabakiak egiaztatzen dituzten ziurtagiriak organo horretako Idazkariak egingo ditu, Presidentetzaren onespenaz.

3. Presidenteak, berak egoki deritzonean edo gutxienez Patronatuko kide kopuruaren laurdenak eskatuta, notario bat, berak hautatua, egoteko eskatuko du, Patronatuaren bileraren akta egin dezan. Notarioaren akta Patronatuaren aktatzat joko da, beraz, Patronatuaren akten liburura transkribatu beharko da.

4. Akta onesten den egunetik aurrera izango dute indar betearazlea erabakiek, eta baliozki hartutako erabakiek Patronatuko kide guztiak behartzen dituzte disidenteak eta ez ausenteak ere bai.

III. KAPITULUA
BATZORDE BETEARAZLEAZ

22. artikulua.- BATZORDE BETEARAZLEA.


Patronatuak Batzorde Betearazle bat eratuko du bere barnean, bost (5) kidez osatua.

Batzorde Betearazlearen eskumenak, edozein kasutan, aplikagarria den araudiari doituko zaizkio eta kudeaketa arrunteko egintzetara zabalduko dira eta Babesletzaren baimena behar ez duten haietara ere bai. Lege muga horiek betez gero, Patronatuak Batzorde Betearazlean eskuordetu ditzake eskuordetzeko modukoak diren ahalmen guztiak.

Funtzionamendu-araubidea beraren barne arautegian ezarriko da eta Patronatuak onetsia izan beharko du.

IV. KAPITULUA
PATRONATUAREN PRESIDENTETZA,
PRESIDENTEORDETZA
ETA IDAZKARITZA

23. artikulua.- PATRONATUAREN PRESIDENTETZA ETA PRESIDENTEORDETZA.


1. Banku Fundazioan kargu hori duen pertsona izango da Patronatuko Presidentea, eta Patronatuak, bere kideen artean, Patronatuko Presidenteordea izendatuko du, beste agintaldi bat hasi eta hurrengo hilabetearen barruan.

2. Patronatuko Presidenteari honako eskuduntza hauek dagozkio:

a. Bera buru duten organoen batzarraldiak deitzea eta berorietako buru izatea, eguneko gaien zerrenda proposatzea, debateak bideratzea eta aktak ikus-onestea.

b. Bera buru duten organoen erabakien ziurtapenak ontzat ematea.

c. Fundazioaren eragiketen araubideari eragiten dioten aktak eta ahalordeak baimentzea.

d. Fundazioa behartzen duten edo horri eragiten dioten lege-xedapenak bete daitezen zaintzea, baita Estatutu hauetako eta bere Arautegiko manuak ere.

e. Fundazioaren sinadura eramatea eta Patronatuaren akordioak betearaztea, berorietan bestelakorik ezartzen ez bada.

f. Aginte-organoen erabakiak betetzea eta betearaztea.

g. Fundazioaren urteko kontuak egitea eta proposatzea, Patronatuak onetsi ditzan. Urteko kontu horiek balantzea, emaitzen kontua eta oroitidazkia, baita Fundazioaren beraren urteko aurrekontua ere jasotzen dituzte.

3. Patronatuko Presidentea ez dagoenean, gaixorik dagoenean edo bere eginkizunak betetzea ezinezko egiten dion beste edozein inguruabarretan, Patronatuko Presidenteordeak beteko ditu Presidentearen eginkizunak.

Patronatuko Presidenteordea ez dagoenean, gaixorik dagoenean edo bere eginkizunak betetzea ezinezko egiten dion beste edozein inguruabarretan, Patronatuak izendatzen duen Patronatuko kideak beteko ditu Presidenteordearen eginkizunak, eta hori ezean, Patronatuko kide zaharrenak

4. Patronatuko Presidenteak, eta halaber Presidenteordeak, hautatuak izan diren ekitaldiari dagokion epealdirako jardungo dute euren karguan, Patronatuak, epealdi hori bere bukaerara iritsi aurretik, gehiengo osoz haren kargugabetzea erabakitzearen kalterik gabe.

5. Patronatuko Presidente kargua nahiz Presidenteorde kargua hutsik gertatuz gero, postu hori bete beharko da gehienez ere hilabeteko epean, gertaeraren egunetik hasita kontatuta.

24. artikulua.- IDAZKARIA.

Banku Fundazioan kargu hori duen pertsona izango da Patronatuko Idazkaria, eta Patronatuaren erabakiak ziurtatzea dagokio eta Patronatuak agintzen dizkion beste eginkizun guztiak.

Idazkaria egon ezean, Patronatuko kide gazteenak jardungo du haren eginkizunetan.

III. TITULUA
ARAUBIDE EKONOMIKOA

25. artikulua.- FUNDAZIOAREN ONDAREA.


1. Fundazioaren ondarea eraldaketa eskrituran agertzen diren ekonomikoko balora daitezkeen bere ondasun, eskubide eta betebehar guztiek osatzen dute, baita gerora eskura ditzakeenak ere, zuzkidurari atxiki ala ez.

Nolanahi ere den, ondare-zuzkidurak nahikoa izan beharko du fundazio-helburuak betetzeko, eta bere bideragarritasun ekonomikoa ziurtatzeko ere bai.

2. Fundazioak garatzen dituen jarduerengatik edo ematen dituen zerbitzuengatik lor ditzake diru-sarrerak, beti ere fundazio-helburuen interes orokorra edo irabazi asmorik eza indargabetzen ez badute, eta onuradun izan daitezkeen pertsonen eremuaren mugatze bidegabea ekartzen ez badute.

3. Ondarearen administrazioa eta erabilpena Patronatuari dagokio, Estatutu hauetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean xedatutako eran.

26. artikulua.- FINANTZAKETA ETA JARDUERA EKONOMIKOAK ETA MERKANTILAK.

1. Bere helburuak garatzeko Fundazioak bere ondaretik datozen etekinetatik finantzatuko da eta beste edozein motatako baliabide publiko edo pribatutik datozenetatik.

2. Fundazioak zuzenean edo beste erakunde batzuen bitartez garatu ahal izango ditu bere fundazio-helburuekin zerikusia duten jarduera ekonomikoak, enpresakoak edo merkataritzakoak edo horien osagarriak edo lagungarriak direnak, beti ere, konpetentziaren defentsaren arau erregulatzaileen mende.

Gainera, beste edozein jarduera ekonomikotan esku hartu ahal izango dute, beste erakunde batzuetan duen parte hartzearen bitartez, gizarte zorretan pertsonalki erantzuten ez de kasuetan.

3. Fundazioak merkataritza-sozietate batean % 20ko edo hortik gorako partaidetza balu, Babesletzari jakinarazi beharko dio Ureko Memorian. Partaidetza horrek gehiengoa duenean, Babesletzari eman beharko dio horren berri berehala.

Partaidetzaren gehiengoa duela ulertuko da kapital sozialaren edo boto eskubideen % 50etik gora duenean, eta ondorio horietarako egintza bakarrean eskuratzen diren gehiengo partaidetzak nahiz gerora eskuratzen direnak gutxiengo partaidetzak kontatuko dira, horien guztien metaketak Fundazioak sozietate horretan edo horietan posizio dominantea izatea baitakar.

Merkataritza-sozietate batean duen partaidetza Fundazioaren ondare garbiaren % 50etik gorakoa denean ere jakinarazi beharko dio Babesletzari.

4. Fundazioak edozein tituluren truke jasoko balu, bai hasierako zuzkidura gisa, bai gerora, partaidetzaren bat 2. ataleko bigarren paragrafoak aipatzen dituen erakundetako batean, eta horietan pertsonalki erantzun beharko balu gizarte zorretan, partaidetza hori besterendu beharko du, salbu eta urtebeteko gehieneko epealdian erakunde horiek eraldatu eta sortzen diren berrietan bazkidearen erantzukizuna mugatuta geratu.

27. artikulua.- DOHAINIK ESKURATUTAKO ONDASUNAK.

1. Fundazioak jaraunspenak onartzea inbentarioaren onurarako egina ulertuko da. Patronatuko kideak izango dira inbentarioaren mozkin galeraren erantzuleak Fundazioaren aurrean, Kode Zibilaren 1.024 artikuluak eta, kasaren arabera, Euskadiko foru zuzenbide zibilak, aipatzen dituen egintzengatik.

2. Kargak dituzten legatuak edo kostu bidezko edo ordainezko dohaintzak onartzea eta kargarik gabeko jaraunspenei, dohaintzei edo legatuei uko egitea Babesletzari jakinarazi beharko dizkio Patronatuak hurrengo 10 laneguneko epean, eta Babesletzak dagokion erantzukizun ekintzak egikari ditzake Patronatuko kideen aurka, bere egintzak Fundazioarako kaltegarriak badira, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean xedatutakoaren arabera.

3. Jakinarazpenarekin batera jaraunspenaren edo dohaintzaren onarpena adierazten duen Patronatuaren akordioaren ziurtagiria aurkeztu beharko zaio Babesletzari, baita akordio hori gauzatzen duen eskritura publikoa ere.

28. artikulua.- FUNDAZIOAREN BALIABIDEEN EZARPENA.

1. Fundazioak, fundazio-helburuak betetzeko, kontzeptu guztiengatik lortutako emaitzen kontuko diru-sarreren % 70 erabili beharko du gutxienez, diru-sarrerak lortzeko egindako gastuak kenduta, fundazio-helburuak betetzeari dagozkionak izan ezik.

2. Dagozkion emaitzak eta diru-sarrerak lortu diren ekitaldiaren hasieratik ekitaldi hori itxi eta hurrengo hiru urteen artekoa izango da betebehar hori betetzeko epea.

3. Aurreko paragrafoan adierazitakoaren ondorioetarako, ez dira diru-sarreratzat hartuko Fundazioaren zuzkidura osatzen duten ondasun higiezinak besterentzetik datozen etekinak, ezta zuzkiduran sartuta dauden ondasun eta eskubideak kostu bidez eskualdatzekoak ere, ezta dira diru-sarreratzat hartuko modu zuzenean eta iraunkorrean fundazio-helburuetarako onartutako ondasunen gaineko erabiltze edo kargatze egintzetatik datozenak ere, betiere eskualdaketan lortutako zenbatekoa berriz inbertitzen bada zuzkidura ondasun edo eskubidetan edo lotura bera duten ondasun eta eskubidetan.

4. Administrazio-gastuak Fundazioaren ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak administratzeak zuzenean eragindakoak izango dira, baita Patronatuko kideei kargua betetzean sortutakoak ere, baldin eta itzultzeko eskubidea badute, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean aurreikusitakoaren arabera.

Administrazio-gastuen zenbatekoak ezin dezake gainditu honako kopuru hauetatik handiena: funts propioen % 5 edo urteko ekitaldiko soberakinaren % 20, diru-sarrerak lortzeko egindako gastuak kendu ondoren, fundazio-helburuak betetzeari dagozkionak izan ezik.

5. Zuzkidura edo erreserbak handitzeko erabili beharko dira, Patronatuaren erabakiaren arabera, Artikulu honetako 2. paragrafoan ezarritakoa betetzera bideratu behar ez diren gainerako errenta edo sarrerak, administrazio-gastuak kendu ondoren; administrazio-gastuon gehieneko ehunekoa erregelamendu bidez zehaztuko da.

29. artikulua.- FUNDAZIOAREN ONDAREAREN ZAINTZA.

Fundazioaren ondare autonomoa osatzen duten ondasunen zaintza ziurtatzeko, hurrengo arau hauek beteko dira:

a) Fundazioaren ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak, dagozkien erregistro publikoetan inskribatuko dira Fundazioaren izenean.

b) Balore higigarriak eta funts publikoak Patronatuak erabakitzen duen erakundean gordailutuko dira Fundazioaren izenean.

c) Gainerako ondasun higigarriak, jabetza-agiriak, gordailu-ordezkagiriak eta jabetza, edukitzea, erabilpena, gozamena, edo eta Fundazioa bera titular den beste edozein eskubide egiaztatzen dituzten beste edozein ziurtagiri, Patronatuak berak zainduko ditu, edo bestela, hark eskuordetzen duen pertsonak.

d) Ondarearen Erregistro Liburu batean Fundazioaren ondasun guztien inbentarioa egingo da; hura Patronatuaren ardurapean egongo da eta bertan haiek identifikatzeko eta deskribatzeko beharrezko inguruabarrak agertuko dira.

IV. TITULUA
KONTABILITATEA, BALANTZEA ETA EMAITZAK

30. artikulua.- EKITALDI EKONOMIKOA.


Ekitaldi ekonomikoa urtebetekoa izango, egutegi-urtearekin bat. Urteko ekitaldi ekonomikoa ixtean, urteko kontuak eta Kudeaketa Txostena eratuko dira.

31. artikulua.- KONTABILITATE ARAUBIDEA.

1. Fundazioak kontabilitate ordenatua eraman beharko du eta bere jarduerari egokitua, egindako eragiketen jarraipen kronologikoa ahalbidetuko duena, indarrean dagoen kontabilitate-araudiaren araberakoa.

Urteko Kontuek unitate bat eratzen dute, argi eginak izan behar dute eta Fundazioaren ondarearen, finantza-egoeraren eta emaitzen irudi leiala islatu behar dute, eta hauek dituzte osagai: Balantzea, Emaitzen Kontua, memoria, fundazioetarako Kontabilitate Planak ezartzen dituen gainerako dokumentuak. Erantzukizun-aitorpenei eta horien objektu diren egintzen edo kontratuen perfekzioari buruzko informazioa Memoriaren gutxieneko edukiaren atal izan behar dute.

2. Patronatuko Presidenteak, edo Patronatuak hartu duen akordioaren arabera dagokion pertsonak, aurkeztuko ditu Urteko Kontuak, eta aipatutako aginte-organoak onetsi beharko ditu, ekitaldia itxi denetik sei hilabeteko gehieneko epealdian, fundazioei aplikagarria zaien araudiaren arabera.

3. Urteko Kontuak onetsi eta hurrengo 30 egun naturaletan, Fundazioaren Patronatuak Urteko Kontuak behar bezala sinatuta helaraziko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroari, bertan gordailutu daitezen, eta indarrean dagoen araudian xedatutako dokumentuak aurkeztu beharko dituzte.

Urteko Kontuak osatzen dituzten agirietako bat edo batzuk modu laburtuan formulatu badira, hala jasoko da ziurtagirian, arrazoia adierazita.

V. TITULUA
DERRIGORREZKO DOKUMENTUAK

32. artikulua.- JARDUERA PLANA.


1. Patronatuak egin, onetsi eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzari igorriko dio, aztertu dezan, ekitaldi bakoitzaren azken hiru hilabeteen barruan, jarduera plan orekatu bat. Plan horretan helburuak geratuko dira islatuta, hurrengo ekitaldian egiteko aurreikusi diren jarduerak, kalkulatu diren diru sarrera eta irteeren aurreikuspena eta jarduera plan horren azalpen-memoria bat. Dokumentazio horrekin batera jarduera planaren Patronatuaren onespenaren ziurtagiria ere igorriko da.

2. Beste alde batetik, Patronatuak ziurtagiri bat bete eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroari igorriko dio, Urteko Kontuekin batera. Ziurtagiri horretan Fundazioari buruzko erregistro-datu eguneratuak agertuko dira.

33. artikulua.- DERRIGORREZKO LIBURUAK.

Fundazioak akta-liburua izan beharko du. Akta-liburu horretan Fundazioaren Patronatuaren eta gainerako organo kolegiatuen bileren aktak jasoko dira.

Akta horiek Idazkariaren sinaduraz eta Presidentearen oniritziaz egiaztatuko dira.

Era berean, Eguneroko Liburua eta Inbentario eta Urteko Kontuen Liburua ere izan beharko ditu. Horien guztien edukia eta egitura merkataritza legedian xedatutakora egokituko dira.

VI. TITULUA
ESTATUTUAK ALDATZEA

34. artikulua.- ESTATUTUAK ALDATZEA.


Patronatuak Estatutu hauek aldatzea erabaki dezake, Fundazioaren interesei komeni bazaie, beti ere, fundazio-helburuari eusten bazaio eta Erakunde Sortzaileak espresuki debekatu ez badu.

Erabakiak arrazoitua izan beharko du eta Patronatuko kideen hiru laurdeneko gehiengoz hartu behar da, nolanahi ere, Patronatuak onetsi duenez, estatutuen aldaketak fundazio-helburua errespetatzen duela ulertuko da, beraz, ez du Babesletzaren onarpena izan beharko erregistroan inskribatu baino lehen.

Estatutuak aldatzeko akordioa eskritura publikoan gauzatu beharko da eta Fundazioen Erregistroan inskribatu onartu denetik sei hilabeteko epe barruan. Inskripzioak eratze-izaera izango du, akordioa formalki hartu zeneko datara arteko atzera eraginez.

VII. TITULUA
BAT EGITEA, IRAUNGITZEA ETA LIKIDAZIOA

35. artikulua.- BAT EGITEA.


Patronatuak Fundazioaren beste fundazio batekiko bat egitea erabaki dezake, beti ere, fundazio-helburua errespetatzen bada, eta Erakunde Sortzaileak debekatu ez badu, parte hartzen duten Fundazioen Patronatuak aldez aurretik akordio batera iritsita, eta akordio hori Babesletzari jakinarazita.

Bat egiteak fundazio-helburuak hobeto betetzeko komenigarritasunari erantzungo dio eta bi era hauetara egin ahal izango da: bai lehendik zegoen fundazio batek beste fundazio bat edo gehiago irentsita, eta ondorengotza unibertsalaz hartuko ditu irentsi dituen fundazioen ondareak eta irentsiak likidazio barik iraungiko dira; bai fundazio berri bat eratuta, bat egiten duten fundazioak likidazio barik iraungita eta horien ondareak blokeak transmitituta fundazio berrira, berri horrek ondorengotza unibertsalaz eskuratuko baititu.

Bat egite erabakia parte hartzen duten fundazioen Patronatuetako kideen hiru laurdeneko gehiengoz hartu beharko da, edozein kasutan, Fundazioaren Erakunde Sortzaileen adostasuna eta Babesletzaren onespena edukita, eta eskritura publikoz formalizatu beharko da eta Fundazioen Erregistroan inskribatu.

36. artikulua.- IRAUNGITZEA: ARRAZOIAK ETA PROZEDURA.

1. Fundazioa honako kasu hauetan iraungiko da:

a) Patronatuak hala erabakitzen duenean, bere kideen hiru laurdeneko aldeko botoaz.

b) Fundazioaren helburua betetzea ezinezkoa denean, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean Estatutuen aldaketari, bate egiteari eta banantzeari buruz xedatutakoaren kalterik gabe.

c) Bat egiteko prozesu batetik edo Fundazioa bera berregituratzetik hala gertatzen denean.

d) Legeetan aurreikusitako beste edozein arrazoi gertatzen denean.

2. Aurreko ataleko a), b) eta c) epigrafeetan agertzen diren baldintzetan, Fundazioaren iraungitzeak Babesletzak berretsitako Patronatuaren akordioa eskatuko dute. Patronatuaren akordiorik ez balego, edo Babesletzak berretsiko ez balu, Fundazioaren iraungitzea arrazoitutako ebazpen judiziala eskatuko du, Babesletzak edo Patronatuak premiatua, kasuan kasukoa.

Aurreko ataleko d) epigrafearen kasuan, ebazpen judizial arrazoitua eskatuko da.

3. Iraungitze akordioa edo, kasuaren arabera, ebazpen judiziala Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuko da.

37. artikulua.- LIKIDAZIOA.

1. Fundazioaren iraungitzeak, bere jatorria bat egite prozedura bat den kasuetan izan ezik, edo iraungitze arrazoiak betetzeak, zehaztuko di likidazio-prozedura irekitzea. Likidazio-prozedura hori Patronatuak burutuko du edo aginte organo horrek izendatutako likidazio Batzorde batek, Babesletzaren kontrolpean, besterik zehazten duen arrazoitutako ebazpen judizial bat ez badago. Fundazioak bere izaera juridikoa gordeko du, aipatutako prozesu hori bukatu arte, eta epealdi horretan Fundazioak «likidazioan» dioen identifikazioa eraman behar du.

2. Likidazio-prozesua likidazio batzordea izendatzeko Patronatuaren akordioaz irekiko da

3. Behin batzorde hori izendatuta eta karguak onartuta, Patronatuak bere funtzio guztiak utziko ditu. Likidazio batzordea eratzea ezinezkoa balitz, Patronatua izango litzateke likidazio prozesuan galdatutako betebeharrak betetzeko beharrezko erabakiak hartzeko arduraduna.

4. Likidazio ekintzei dagokienez, likidazio batzordea osatzen duten pertsonek Fundazioaren Patronatuko kideen eskubide, betebehar eta erantzukizunak izango dituzte. Likidazio batzordeak berehala eman beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzari bere eragiketen berri, eta, era berean, likidazio eragiketei buruzko txosten bat aurkeztu beharko du. Babesletza horrek prozesuari buruzko aldizkako informazioa jaso beharko du likidazio batzordetik eta emandako dokumentazioari buruzko informazio gehigarria ere, eta epailearen aurrean aurkaratu beharko ditu ordenamenduaren edo estatutuen kontrako deritzen likidazio ekintzak, baina lehenengo zuzentzeko eskatu beharko luke, aukera hori dagoen kasuetan.

5. Fundazioa hiru urteko epealdian likidatu beharko da. Epealdi hori igarota, babesletzak aginte judizialaren esku hartzea eska dezake. Likidazio prozesuan ezin daiteke likidaziorako, kredituak kobratzeko, zorrak kitatzeko edo egikaritzeko dauden egintzak betetzeko beharrezkoak diren baino obligazio gehiago hartu. Beharrezkoa balitz, Babesletzak Fundazioa bere kontrolpean har dezake, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 53. artikuluan xedatutakoaren arabera.

6. Likidazio eragiketak eskritura publikoan gauzatuko dira eta akordioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuko da, Babesletzak aldez aurretik txosten bat eginda. Likidazio batzordeak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistrora jo beharko du eta likidazio-balantze onetsia aurkeztu eta Babesletzaren berrespena, baita likidazio eragiketak gauzatuta islatzen dituzten dokumentuen kopia ere. Egikaritu gabe dauden eragiketak zeintzuk diren ere jakin behar da eta nola gauzatuko diren. Erregelamendu bidez, Erregistroan aurkeztu behar diren beharrezko dokumentuak eta baldintzak aldatu ahal izango dira.

7. Likidazio onartuta, babesletzak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistrora igorriko du, bertan dauden Fundazioari buruzko erregistro-idazpenak eta inskripzioa deuseztatzeko.

VIII. TITULUA
FUNDAZIOEN BABESLETZA ETA ERREGISTROA

38. artikulua.- EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO FUNDAZIOEN ERREGISTROA.


Fundazio honen eraketa, bai halaber, legez hala behar duten egintza edo negozio juridiko guztiak, indarreko araudiaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuko dira.

39. artikulua.- EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO FUNDAZIOEN BABESLETZA.

Fundazio hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren tutoretza, aholkularitza eta kontrolpean dago, indarrean dauden legeetan xedatzen denaren arabera.

40. artikulua.- ZEHAPEN ARAUBIDEA.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean aurreikusitako zehapen araubideari lotuta dago Fundazioa.



Testu hau “Fundación Estadio Vital Fundazioaren” Patronatuaren aho bateko akordioaz onetsia da, 2018ko maiatzaren 23an egindako bileran eta aho batez aldatu da 2019ko abenduaren 18an egindako bileran .