Estadio online | ES | EUS
Menu

Uxue Alba

Uxue Alba
«Banakako kirola dela pentsatu ohi da, baina taldea da onena»

16 urte ditu, eta irribarre itzela. Uxue Alba arabar igerilaria, Espainiako haur mailako txapelketan nabarmenena, egunero joaten da bere DBHko laugarren mailako eskoletara, gainerako ikaskideak bezala. Hala ere, bestelako errutina du. Goizeko 5:30ean jaiki da, Estadioko igerilekuan entrenatzeko; eta arratsaldean, eskolak amaitzen direnean, berriro egingo du. Bere ahaleginari esker (uko egiten dio sakrifiziotzat definitzeari), Euskal Herriko selekzio absolutuan parte hartzea lortu du, haur mailakoa izanik. Selekzio horrekin, txapelduna da 200 metro bizkarreko lehiaketan, eta Arabako errekor absolutua du modalitate horretan eta 1.500 metrokoan; Espainiako haur mailako azken txapelketan bosgarren eta seigarren geratu zen 100 eta 200 metro bizkarrekoan, hurrenez hurren. Koronabirusak eragozten ez badu, hurrengo hitzordua Sabadellen izango du: Espainiako junior txapelketa, Olinpiar Jokoetarako sailkatzekoa.

Noiz eta nola hasi zinen kirola egiten? Zergatik igeriketa bezain diziplina sakrifikatua?

Bost urte nituela, Kanpezun, igeriketa ikastaro batean izena eman nuen, Kanpezun ematen baikenituen udak, aitona-amonekin. Eta handik Urgain Klubera joan nintzen zuzenean. Bost denboraldi daramatzat Judimendi igeriketa klubean. Igeriketa aukeratu nuen anaiak horixe egiten zuelako eta inbidiaz nengoelako: nik gauza bera nahi nuen. Hasieratik lotu ninduen. Azkenean anaiak utzi egin zuen, baina nik jarraitu dut. Egia esan, niretzat ez da sakrifizioa, horregatik jarraitzen dut. Une bat izan zen, 12 edo 13 urte nituela, triatloia probatu nahi izan nuena, baina ezin izan nituen biak batera egin.

Zer ematen dizu kirol hau egiteak? Beste gazte batzuei gomendatuko zenieke?

Eroso sentitzen naiz igerian eta, batez ere, lagunekin. Kontrakoa dirudi beharbada, jendeak uste baitu bakarkako kirola dela, baina taldea oso garrantzitsua da. Eta diziplina gogor honetan, edo kideek asko bultzatzen zaituzte, edo igeriketak asko erakartzen zaitu; bietako batek huts egiten badu...

Baina dudarik gabe gomendatzen dut. Sakrifizioak asko konpentsatzen du. Txapelketetan, denborak ateratzen zaizkizunean, marka bat lortzeak sortzen duen sentsazioa ezin da bestela bizi.

Zein da zure eguneroko errutina, eta nola uztartzen duzu ikasketekin?

Astean bi egunetan 5.30etan jaikitzen naiz, eta zuzenean entrenatzera joaten naiz: 6:00etan dagoeneko uretan nago. Ordubete igerilekuan eta beste ordubete pisuak altxatzen eman ondoren, entrenatzaileak institutura eramaten nau. Bidean gosaltzen dut, autoan; eta atsedenaldian bazkaltzen dut. Eskolatik irtetean, etxetik pasatzen naiz motxila aldatzeko, eta igerilekura joaten naiz berriro. Bi ordu eta erdiz uretan ibiltzen naiz, eta azkenean 18:00etan etxean nago berriro, meriendatzeko eta ikasteko. Afaldu eta goiz oheratzen naiz. Gainerako egunetan, entrenamendua arratsaldean soilik egiten dut.

Egia esan, etxera nahiko nekatuta iristen naiz, eta kosta egiten zait ikasketetan kontzentratzea, baina azkenean atera egiten dut. Onartzen dut gogor samarra dela, bai: borondate indartsua behar da.

Nire errutinak dieta berezi bat ere badu, gihar gehiago eta koipe gutxiago lortzeko. Eta adiskideekin leku askotara joateari utzi behar izan diot, lehiaketetara joan ahal izateko, baina merezi du.

Nola ikusten duzu zure etorkizuna? Igeriketan modu profesionalagoan aritzea pentsatzen ari zara?

Ez dut horretan esklusiboki aritzeko asmorik; ikasketekin uztartzeko gai naizen eta aspertzen ez naizen bitartean jarraituko dut. Nire erronka da denborak jaisten jarraitzea. Eta horrek Espainiako txapeldun izatera eramango banindu, amets bat betetzea izango litzateke.

Duela bi urte arte Estatu Batuetako unibertsitate batera joatea pentsatu nuen, baina iritziz aldatu dut. Hilabete batzuetarako ondo egon daiteke, baina hara bizitzera joan... EHUko Kirol Fakultatean Soin Hezkuntza ikastera noa, eta kirolari lotuta jarraituko dut.

Estadioko abonatu gisa, zein bazterretan ikus zaitzakete sarrien?

Udan ping-pong mahaietan egoten gara, adiskideekin. Orain, neguan, Gazte Klubera gatoz, ikasgelaren ondoan dagoen aretora, edo igerilekura.


Profila

- Gasteizko toki bat: Musikaren ibilbidea
- Hondartza edo mendia: hondartza
- Liburu bat: The Fault in Our Stars, John Green idazlearena
- Film bat: Divergent, de Neil Burger zuzendariarena
- Miresten duzun kirolaria: Sarah Sjöström suediar igerilaria, munduko errekorra duena 50 m eta 100 m tximeletan
- Ikusi nahi izaten duzun kirol bat: futbola eta atletismoa
- Sare sozialak: Instagram (@uxuealba)