Estadio online | ES | EUS
Menu

Haurtzaroan ariketa,bigarren mailako nota hobeekin lotuta

Haurtzaroan ariketa,bigarren mailako nota hobeekin lotuta

Haurtzaro hasieran egindako ariketa, bigarren hezkuntzaren hasieran nota hobeak lortzeari lotua.

Aurrez egindako ikerlanek erakutsi dute lotura bat dagoela jarduera fisikoaren eta ikasketetako emaitzen artean. Preventive Medicine aldizkarian argitaratutako ikerlan batek aztertu du ea zer lotura dagoen sei urteko adinean egindako ariketa fisikoaren mailen eta sei urte geroago ikasketetan lortutako emaitzen artean. Ikertzaileek Quebeceko Haur Garapenaren Luzetarako Ikerlanean emandako datuak erabili zituzten; ikerlan horretan, 2.800dik gora haur sartu zituzten. Gurasoek sei urteko haurren jarduera mailen berri eman zuten, eta hala irakasleek nola ikasleek haur horiek 12 urte zituztenean ikasketetan izandako emaitzak ebaluatu zituzten.

Aurkikuntzek adierazten dute lotura positiboa dagoela txiki-txikitan egindako ariketaren eta gero ikasketetan izandako emaitzen artean; eta estatistiken aldetik erlazio esanguratsua dutela astialdiko jarduera maila altuenek (dela kirola, dela jolas egituratugabea, dela bestelako jarduera egituratu bat) irakasleek jakinarazitako hizkuntza eta matematika arloetako ikasketa emaitzekin, bai eta ikasleek jakinarazitako hizkuntza arloko notekin ere. Ikertzaileek, gainera, jarduera maila altuenak ikasgelako parte-hartze hobearekin lotu zituzten. Aurkikuntza horiek nabarmentzen dute zein garrantzitsua den haurrek jarduera fisikoa egiteko aukera izan dezaten sustatzea.

Datuak: Gonzalez-Sicilia D., Brière F. N., Pagani L. S. «Prospective associations between participation in leisure-time physical activity at age 6 and academic performance at age 12». Preventive Medicine. 2019ko urtarrila; 118:135-141. doi: 10.1016/j.ypmed.2018.10.017. Epub: 2018ko urriaren 22a.