Estadio online | ES | EUS
Menu

‘Estadio Berria’, kalitateko kirolaren erreferente berria Vitoria-Gasteizerako

‘Estadio Berria’, kalitateko kirolaren erreferente berria Vitoria-Gasteizerako
Estadio gunearen asmo handiko berriztatzeak hurrengo 50 urteetarako instalazioak eratuko ditu, eta erabilera anitzeko eskaintza lortuko da, kirol-joera berrietara egokitua

Bere 60. urteurrenean, Estadio Fundazioak badu bere instalazioak hurrengo 50 urteetan izango direnaren proiektua. Erakundearen presidenteak, Jon Urrestik, ‘Estadio Berria’ aurkeztu du gaur goizean, kirol-gunearen eraldaketa garrantzitsua, hausnarketa sakonaren emaitza, eta “mende erdi luzea abangoardian izan ondoren, kalitate, edukiera eta jasangarritasun bultzada berriari ekingo dio, eta berriz ere izango da Vitoria-Gasteizko kalitateko kirola gidatuko duen aitzindaria”.

Kirol-instalazioetan estalita zegoen ur-azalera zabaltzeko beharrizanetik sortu zen berriztatzea, baina, zenbait hilabete gaia sakon aztertzen eman ondoren, askoz harago doan proiektua onartzea erabaki da, eta Estadio XXI. mendeko kirol-erreferente izan dadila du helburu.

Horretarako, proposamen berriak klubaren erabilerak eta espazioak egituratu ditu, terrazen erabilera erraztu da, igerileku berria egingo da, baita 300 metro koadroko spa berria ere eta aldagela erabat irisgarriak, besteak beste. “Kirol-jarduerarako edukiera handiagoa emango diogu, lehorreko disziplinetarako nahiz hezeetarako, eta erabilera eta ondo pasatzea erraztuko diegu bazkideei, kirol-jarduerarako gehiago gehituta”, esan du Urrestik.

Horrela, Vital Fundazioan integratuta dagoen 40.000 m²-ko kirol-gune erraldoi honen hainbat tokitan helduko zaio lanari. Igerileku estalien eraikinaren zabalkuntzak Estadioaren irudia bateratuko du, dauden eraikinak lotuko dituelako eta kanpoko hainbat plataforma eta eskailera sortuko ditu, orain apenas erabiltzen diren terrazak erraz erabili daitezen.





Eraikin berriaren beheko solairuak (plano osoa ikusi), fatxadarekin batera, kirol-gune lehorrak bilduko ditu, eta argitasun eta bentilazio naturala emango die, altuera handiagoa eta lorategietarako bistak emateaz gain. 1.400 m2-ko espazio berriak, erabilera malgutasun gorenarekin, banaketa mugikorren sistema baten bitartez, 82 metro luze izango duen fitness gimnasio berritzailea hartuko du barne, dena kanpora begira, hau da, “Lurraldeko beste kirol-instalazioek ez duten berrikuntza handia”, adierazi du Fundazioaren presidenteak. Baina, batez ere, lan eta jarduera aukerak biderkatzen ditu, erabateko bentilazioa dauden instalazio berrietan, eta kirola egiteko era berrietara bideratutako disziplina berriak sartzea ahalbidetzen duten azken belaunaldiko teknologiekin.

Kirol-gune hezeak lehenengo solairuan (plano osoa ikusi) elkartuko dira. Hortxe kokatuko da 25 metroko igerileku berria, gaur egun dagoena ere berrituko da, hori ere 25 metrokoa, gainezka egiten duen ur-azala duena, eta 300 m²-ko spa berria egingo da. Ikasteko igerilekuaren eginkizuna gazteen eraikineko igerilekura eramango da (pinguinoak), igerileku hori erabilera berrirako egokituko baita, hartara, erabiltzaile gazteenak eraikin berean elkartzeko ahalegina egingo da. Gainera, igerilekuen instalazio guztia izango da iraunkorragoa ingurumenari dagokionez, eta batez ere, “igerileku estalian gaur egun dagoen bero eta kloro giroa erabat aldatuko da, eta giro berria osasungarriagoa, higienikoagoa eta erosoagoa izango da”.

Eraikinaren bigarren solairua (plano osoa ikusi) guztiontzako irisgarria izango da, igogailu berri biren bidez, eta bake eta isiltasun handiagoa behar duten erabiltzaileentzat izango da: 230 m2 yoga edo pilates geletarako, boulder gune bat eta 135 m2 osasun eta fisioterapia zentro berri baterako. Solairu hau igerileku-guneen gainera iraultzen da eta komunikazio zuzena izango du, bai spa-rekin, bai kirol-gune lehorrekin, bai kanpoko aldearekin.

Hobekuntza horiek, azaldu du Urrestik, “ur-azalera handiagoaz gozatzeko aukerak zabalduko dituzte eta ur barruko kirol-jarduera berriak erraztuko dituzte, gaur egun ditugun 25 metroko igerileku estaliak bikoizteaz gain”. Era berean, spa berri eta zabalak laukoiztu egingo ditu gaur egun eskaintzen diren aukerak. Behin jarduera fisikoa amaituta, abonatuak erlaxatu daitezen lagunduko du, eta lesio txikien errehabilitazioa ere egingo da.

Aldagelak, bere aldetik, eraikinaren barruko aldera eramango dira, erabat irisgarriak izango dira eta hiru gune izango dituzte: familientzako, emakumezkoentzako eta gizonezkoentzako. Gainera, gaur egungoek baino 250 m² gehiago izango dituzte eta komunikazio zuzena kirol-gune lehorrekin nahiz igerilekuekin eta spa zerbitzu berriekin. “Hartara, erantzuna emango diogu abonatuen eskaera garrantzitsuenetako bati”.

Igerileku estalien gaur egungo solariuma 1.200 m2-ko kirol-terraza berria izango da. Udaldian bere erabilerari eutsiko dio, baina, gainerako urte garaietan, eguraldiak uzten badu, aire zabaleko jarduerak egiteko erabiliko da eta sarbide zuzena izango du aldagelen gune berritik.

Azkenik, bulegoak, bilera-gelak eta Estadio Aretoa eraikin sozialera (plano osoa ikusi) eramango dira, eta gainera, coworking eremua ere egingo da bertan, “bazkideekiko elkarrekintza erraztuko du eta erabilerak zehaztu, kirol-eraikin nagusia edo igerilekuena kirol-erabileretarako baino ez baitira izango”.

Uraren eta airearen kalitateaz arduratzen diren instalazio teknikoak gaurkotzea ere aurreikusi du ‘Estadio Berria’ proiektuak, izan ere, 50 urte luzeko erabileraren ondoren haien balio-bizitzaren azkenetan daude, eta ondorioz, indarrean dagoen araudiari eta Estadio Fundazioak hartu dituen ingurumen konpromisoei egokitu behar zaizkie.

Fatxada berriak, Estadiorako irudi berritua eratzeaz gain, bere raginkortasun energetikoa hobetuko du, klimatizaziorako kontsumoa murriztuko duelako eta gune hezeetan gaur egun dauden kondentsazioak ekidingo dituelako. Era berean, eguzki-plaken gune berria instalatzea aurreikusi da, baita argiztatze naturala hobetzea ere, sabai-leiho eta irekidura berrien bidez.

Estadio Fundazioak bulego teknikoa izango du bere egoitzan, berritze-lanen egoerari buruzko informazioa emateko eta, gainera, kirol-gunea berriztatzen den bitartean bisitaldiak egitea ere aurreikusi da. Halaber, atari bat gaituko da bere webgunean, berritze-lanen egoera denbora errealean jarraitu ahal izateko eta galderak egin ahal izateko, eta proiektuari buruzko workshop-ak ere antolatuko dira.


Kronograma eta inbertsioa

1. fasea 19ko abe. – 20ko ots. Bulego berriak Pinguino-igerilekuaren egokitzapena 348.000 €
2. fasea 20ko uzt. – 21eko uzt. Eraikin zentrala birmoldatzea 4.346.000 €
3. fasea 20ko mar. – 21eko uzt. Instalazio teknikoak eguneratzea 1.470.000 €
Guztira:6.164.000 €