Estadio online | ES | EUS
Menu

Mar Más

Mar Más
Kirolean generoen arteko soldata arrakala kentzen

Emakumeen kirolaren zale maiteok. Eskerrik asko, bihotzez. Mila esker egunero guri laguntzeagatik, pabiloiak eta lokatzez beteriko ateak betetzeagatik. Jokaleku bakoitzeko harmaila horietan hunkitzeagatik eta zirraratzeagatik. Eskerrik asko gehiagora egiteagatik eta Wanda, Mendizorrotza edo San Mames betetzeagatik. Eskerrik asko egoteagatik eta txalo egiteagatik. Espero dugu astebururo zuek ikustea, beti bezala, lurraldean ditugun lehiaketa guzti-guztietan; hirietara iristen diren eta gozatzeko eta kirolari emakumezkoen zerrenda handia dugula ikasteko aukera ematen diguten txapelketetan, nahiz eta proba horietako sari ñimiñoetan guk ez dugun eurorik ere.

Eskerrik asko, era berean, sare sozialetan eta —ateratzen gaituztenean— hedabideetan gu jarraitzen ematen dituzuen orduengatik. Gutxi, baina lortzen ari gara. Torneoak ditugu hedabideek estaltzen dituzten diziplina guztietan, nahiz eta, oraingoz, beren tokiaren % 5 besterik ematen ez diguten. Hala ere, batzuk sentiberatzen ari dira dagoeneko, eta ordu eta lerro batzuk gehiago ematen ari zaizkigu. Baina gizonezkoenak, % 95ean jarraitzen du. Zer axola dio telebista publikoa erdi hbana ordaintzen badugu ere, gizonezkoen futbola soilik ikusteko? Badakit asko erakartzen duela. Baina txundigarria zait ikustea nola 300 bat milioi oparitzen ditugun, doako publizitatean, gure zergetatik; zergetan ba baitago berdintasuna. Kalkulu hori gaingiroki egina da, jakina, baina irrati eta telebista publikoetan minutua zer preziotan dagoen aintzat hartuta, ba gutxi gorabehera... edo esango nuke milioiren bat gehiago ere. Eta gero esan dezatela emakumeok ez dugula kopuru bera sortzen. Beharbada, doako publizitate kanpaina hori izango bagenu, guk ere gehiago sortuko genuke. Izan ere, horixe da kontua, sortzea, irabazteko. Eta ez bakarrik partidetan edo lehiaketetan; baita ordainsarietan eta eskubideetan ere.

Urrezko domina bakarra dago, baina hura lortzeko bultza egiten duten talde eta kirolari asko. Eta emakumeok ere gogoko dugu irabaztea. Dominak eta dirua. Eta eskainitako denborarengatik ordainsaria izan nahi genuke. Lana deitzen dioten hori, eta profesionalak izatea. Baina zerumuga oso urrun batean jarraitzen du.
Bitxia da kirolaren balioez hitz egiten dugula, hor dagoen laguntasunaz. Baina bidezko banaketa bat egiteko denean, ez dugu interes askorik ikusten hedabideen mendiaren errege direnen partetik. Bitxia da boterea. Izan behar du, iristen denari askatzea kostatzen baitzaio.
Beraz, buruari bueltak ematen gabiltza, ea nola eskura dezakegun kirol eremuaren erdia. Estatuaren kutxetatik irteten den diruaren erdiarekin, horretatik bizi ahal izateko. Eta Garapen Sostengagarriaren Helburuen maparekin jarri gara; gogoko dugu mapa hori, planeta osorako delako.
Ez da gutxi!

Has gaitezen atzetik. Garapen Sostengagarriaren 17. Helburutik; eta jarrai dezagun gorantz. Aliantzak. Interesgarria. Enpresen, gobernuen eta herritarren arteko harremanak, konfiantzan eta elkarrekiko hazkunde sostengagarrirako suspergarrietan oinarrituak. Non zaudete, babesleok? Non gaude, lazo horiek lanean jartzeko? Non daude erakundeak, emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna benetakoa izan dadin?

Baditugu talentua, dominak —baita gizonezkoek baino gehiago, gutxiagorekin—, eta jarraitzen gaituzten eta harmailak betetzen dituzten zaleak dirudienez ere bai. Orduan, zer falta da ekuazio horretan?
Garapen Sostengagarriaren 16. Helburua izango da. Bakea, eta erakunde sendo eta ustelkeriarik gabekoak. Baditugu legeak, hala nola berdintasunaren legea: lege hori kirolaren legearen gainean jartzen baduzu eta langileen estatutua batzen badiozu, tresna txit egokia geratzen zaizu exijitzearren ezen lan hitzarmenak, zuri —gizonezko kirolari horri— balio badizute, balio diezadatela niri, emakumezko kirolari honi.

Eta halaxe, guztiarekin. Eta guztiekin. Izan ere, balio onuragarriz beteriko herritarrak izan gaitezen, orain ditugun balioak zalantzan jartzetik hasi behar dugu. Klima aldaketa dugu. Ikasi behar dugu nola kudeatu baliabideak, hala nola ura; eta kutsatzeari utzi, eta lehorreko nahiz itsasoko ekosistemak babestu. Modu arduratsuan kontsumitzen ikasi behar dugu, eta pentsatu bizitzeko diseinatzen ditugun hiri horiek izan daitezela pertsona guztientzat. Desberdinkeriak murriztuz eta industrietan benetako eraginkortasun hoberena izanez, lan duina eta ekonomikoa eman diezaguten. Guztia, energia eskuragarri batekin. Izan ere, eguzkia izanik, argiak hainbeste kostatzen zaizkigu, ezin ditugu ordaindu.

Beraz, hasteko, bila dezagun kalitate hori ikasten ditugun gauzetako bakoitzean, planeta honen ongizatea eta osasuna partekatua izan dadin. Inor ez dadila goseak izan, eta horrela pobrezia amaiaraziko dugu. Espirituaren pobrezia, eta diruzkoa.

Horregatik, eskerrik asko, zaleok. Kirol abentura honen parte izateagatik. Gu jarraitzeagatik eta guri eskatzeagatik. Jokalekuetan eta helmugetan ikusten dugu elkar, eta entrenamendu bakoitzean, eta partekatzen dugun orduetako bakoitzean. Orain, goazen borrokatzera gure diruarengatik eta gure eskubideengatik, dominagatik borrokatzen garen bezainbesteko indarrarekin.
Ikas dezagun geure burua maitatzen, eta gogor ematen.


Mar Más
Kiro Profesionaleko Emakumeen Elkarteko (AMDP) lehendakaria