Estadio online | ES | EUS
Menu

Izaro Esteban, Clara Fernández de Trocóniz eta Silvia Lasarte

Izaro Esteban, Clara Fernández de Trocóniz eta Silvia Lasarte
saskibaloi jokalariak

Emakumeen saskibaloia, Araban, unerik onenetako batean bizi da, eta protagonismo berezia hartu du azken asteotan, gure hirian jokatu baita Erreginaren Kopa. Sarrerak agortu ziren, Mendizorrotzean norgehiagokak ikusteko.

Gure instalazioetan, gainera arro ikusten ditugu etorkizun oparoa nabari zaien hainbat emakume jokalari. Izaro Estebanek (16 urte), Clara Fernández de Trocónizek (18) eta Silvia Lasartek (18) Arabako selekzioan ezagutu zuten elkar. Espainiako eta Euskadiko selekzioen hautatzaileen arreta erakarri dute, eta hirurak dira Asador 10 Gibajas taldeko kideak. Araba eta San Viator elkarteak batuta sortutako talde hori lider da Euskadiko Junior Ligan. Guztiek erro sendoak dituzte Estadion, txikitatik baitira abonatuak, eta kirolzaleak dira erabat, edozein diziplinatan.

Noiz eta nola hasi zineten saskibaloian jokatzen?

Clara Fernández de Trocóniz: Nire familian, guztiok oso kirolariak izan gara, eta txikitatik bultzatu gaituzte horretara. Nik eskia eta saskibaloia konbinatu ditut orain-berriki arte, eta erabaki nuen lehentasuna saskibaloiari ematea, baina eskia erabat utzi gabe. Talde kirolak gehiago betetzen nau, banakako kirolak baino; izan ere, zeure kabuz eta besteengandik ere ikasteko aukera ematen dizu. Haiek laguntzen dizute hobetzen.

Beraz, eskolan jokatzen nuen, eta Espainiako selekzioarekin jokatzera ere heldu nintzen; gero, iaz Asador taldera etorri nintzen. Bestelako talde bat da, ez zaude egun osoa jende horrekin, eta helburuak erabat desberdinak dira.

Silvia Lasarte: Nik kontserbatorioan ikasi nuen Piano eta Biolin profesionaleko laugarren mailaraino, eta Judimendi igeriketa klubean sartzekotan izan nintzen, baina saskibaloian hasi nintzen ikastolan. DBHko bigarren mailan, Sanvi ikastetxera aldatu nintzen. Aurrerapauso handia izan zen, Espainiako klub txapelketarako sailkatu ginen, eta areago sartu nintzen saskibaloian, maila profesionalagoan. Azkenean, presioak eta denbora faltak eraginda, kontserbatorioa utzi nuen. Iaz, Araba eta Sanvi elkartu ziren, Asador taldea eratzeko, eta helburuak betetzen ari gara.

Izaro Esteban: Ni eskiatzen ibiltzen nintzen txikitatik, eta futbolean jokatu nahi izango nukeen. Deportivo Alaveseko bazkidea naiz. Saskibaloian hasi nintzen ikastolan, baina nire adiskideak baino urtebete geroago, kontserbatorioan Gitarra ikasten ari nintzelako. Talde guztietatik pasatuz joan nintzen, harik eta Arabara joatea erabaki nuen arte, maila handiagoa zelako.

Hirurak bat datoz: unibertsitateak ez ditu saskibaloitik aldenduko. Clara eta Silvia dagoeneko unibertsitatera joango dira datorren ikasturtean.

Zer ematen dizue kirol honek?

Ez dago desadostasunik erantzutean, hirurek aho batez diote: Laguntasuna, kideengandik ikasteko sentsazioa, elkarrekin gehitu egiten dugu, borrokatzen eta gogor lan egiten ikasten da, ahalegin orok duela saria...
Baina ez dute ahazten alde ludikoena ere: saskibaloia guretzat ilusioa da, pasioa... eta deskonektatzeko modu bat. Ikasketekin hobeto antolatzen laguntzen digu, eta bestela ezagutuko ez genukeen jendea ezagutzen dugu. Adiskide onak ditugu beste hiri batzuetan.

Zer maila du orain emakume saskibaloiak gure lurraldean?

Silvia eta Clara, biak 18 urtekoak, bat datoz kategoria horretan maila indartsuagoa dutela 16 urte dituen Izarorenean baino, eta Arabak Euskadiko txapelketan egindako jardun ona aldarrikatu dute.
C: Euskadiko mini txapelketetan 50 puntuz ere galtzen genuen, baina hori berdinduz joan da.
S: Herrialdeko lehiaketan maila baxua da, baina Euskadiko junior ligan lehenak gara. Partida guztiak irabazi ditugu, eta Espainiako txapelketara hurbiltzen ari gara.


Jokatzera Arabatik kanpora zoaztenean, maila diferentziarik nabari al duzue beste jokalarien aldean?

S: Maila altuena Katalunian dute.
C: Beste erritmo bat dute, gorputzekoa baino gehiago burukoa.
I: Txikitatik.
C: Bai, indar handiagoa, eta ohituta daude erritmo konstante bati eusten.
I: Baina Euskadin estiloa antzekoa da.
S eta C: Espainiako txapelketetan ikusten dugu aurre egin diezaiekegula.

Eta gizonezkoen saskibaloiarekin alderatuta, zuen iritziz aukera berdintasuna dago? Zer uste duzue egin daitekeela?

C eta S: Gure kategorian ez dago alderik. Konparaezina da ezaugarri fisikoengatik, baina aukera berak ditugu. Diferentziak geroago etortzen dira, beste maila batean, eta berdintasun hori lortzeko borrokatu behar dugu.
Emakumezkoen saskibaloia asko hazi da. Adibide bat da Araskik lortu duena.
I: Kopan ikusi duguna garrantzi handikoa da. Bidaiatzeko nahia duen eta prest dagoen jende asko dago.
S: Pixkanaka, iritsiko da une bat non diferentzia fisikoa baino ez den izango.

Zer esango zeniokete kirola egiten hastera doan neskato bati, zein kirol hartu erabaki behar badu? Zuen ustez zein dira saskibaloiak eman ahalko dizkion balioak?

C eta I: Kirol batean aritzeak lan handia eskatzen du. Beraz, egin dezala gozatzeko. Edozein aukeratzen duela ere, gustukoa duelako izan dadila.
S: Garrantzitsua da ilusioa izatea, denbora asko eskainiko diolako, egunez egun horretan arituko delako.
C: Niretzat, funtsezkoa da taldeko kirol bat izatea. Irabazten eta galtzen irakasten dizu; besteak errespetatzen.
S: Hemen, laguntasuna ikasten da, heziera, eta erantzukizuna. Jende askok ez du ulertzen azterketa garaian gu entrenatzera joatea, baina konprometitu gara, eta bete egin behar da.

Estadioko abonatuak zarete. Zer instalazio erabiltzen dituzue gehien?

S eta I: Guk, neguan estudio gela; eta udan, igerilekua. Noizbait, bolei jokalekua.

PROFILA:

Gasteizko toki bat: Armentia
Hondartza edo mendia: hondartza
Liburu bat:
C: Martes con mi viejo profesor Mitch Albom idazlearena.
S: El castillo de cristal, Jeanette Walls idazlearena.
I: Juego de tronos, George R R Martin idazlearena.
Film bat:
C: La vida es bella, Roberto Benigni zuzendariarena.
S: Interstellar, Christopher Nolan zuzendariarena.
I: La casa de papel, Alex Pina zuzendariarena.
Miresten duzun kirolaria:
C: Amaya Valdemoro
S: Maya Moore
I: Lebron James
Sare sozialak:
Instagram