Estadio online | ES | EUS
Menu

Juan Geijo eta Miguel Larraga

Juan Geijo eta Miguel Larraga
Swimrun jardueran, alde txarra bitan zatitzen da, baina alde ona bikoiztu egiten da

Nola ibili lasterka mendian zehar neoprenoz jantzita, edo nola igeri egin lasterketako oinetakoak jantzita? Bi jakin-min horiek izan ziren eragileetako bat, Juan Geijo eta Miguel Larraga swimrun kirol ezezagunean has zitezen. Izan ere, kirol horretan parte hartzaileek material bera eraman behar dute (esandakoez gain, bainu txanoa, betaurrekoak, txilibitua eta aukerakoa den buia txiki bat), irteeratik helmugaraino, tartean aintzirak zeharkatuta, bideak korrituta, basoak gurutzatuta edo arroketan gora etorrita. Hiru urteko tarte laburrean, munduko txapelketa batean parte hartzea lortu dute, gozamena izanik helburu bakar.

Nola deskribatuko zenukete swimrun kirola?

Juan: Garrantzitsuena da binaka egiten dela, eta honetan datza: lasterka egitea, igeri egitea, lasterka egitea, igeri egitea... Saiatu behar duzu toki jakin batetik beste batera bide laburrenetik joaten, naturan barrena. Egunero da ezberdina, eta horrek oso dibertigarri egiten du.
Miguel: Ez da kirol soila, esperientzia ere bada, adiskide batekin gozatzen duzun abentura bat, alde txarra biren artean banatzen duena, baina alde ona bikoizten duena.

Zertan datza lehiaketako proba?

J: Munduko txapelketa 65 kilometro dira lasterka, eta beste 10 igeri, Baltikoko uretan. Baina proba konbentzionalak edozein distantziatakoak izan daitezke.
M: Hasteko, astakeria dela pentsa liteke. Hala ere, zati laburretan tartekatuz doazenean, konturatzen zara 1+1, honetan, ez direla bi.

Eta nolatan bi gasteiztar hasi dira swimrunean?

J: Laneko bidaia batean, Miguelek Stockholmeko munduko txapelketari buruzko erreportaje bat irakurri zuen, eta lau adiskideri proposatu zigun, afari batean, gure kontura egiteko jardueratzat. Hortik sortu zen hamabost laguneko elkarretaratze bat, urtegian. Urtarrilaren hiru bat zen, ura zortzi graduan zela, baina bikain pasatu genuen.
M: Erabat inprobisatua izan zen. «Zerbait polita izan liteke» bat izan zen, eta, behin jardunari ekinda, konturatu ginen ez zela latako kirol bat; handik lasterka eginez eta hortik igeri eginez, imajinatuko ez genukeen bezala gozatzen ari ginen. Nahi genuen aldiro praktikatu genezakeen, eta hemen zortea dugu aintzira zoragarria dugula, eta sekulako ingurunea.

Eta hortik, probak antolatzen aitzindari izatera.

J: Kirol hau praktikatzen eta gozatzen hastean, eta ikusita Gasteizen eta Araban aukera handi horiek zeudela, ezin genuen guretzat bakarrik gorde. Ustekabean ezagutu genuen, probatu genuen, eta gustatu zitzaigun. Zergatik ez ginen saiatuko jende gehiagok ezagutu zezan? Eta afari hartako bost adiskideon artean lehenengo Epic Landus lehiaketa antolatu genuen, Estatuko lurraldean egiten zen bigarren proba.
M: Orain, gainera, urtean hirutan edo lautan DemoDays lehiaketa antolatzen dugu Aldayeta ur kiroletako klubean, jendeak 12 bat kilometroko ibilbide labur batean probatzeko aukera izan dezan.

Munduko txapelketa batean lehiatzea ez da eguneroko kontua.

M: Beste kasualitate bat. Hortik zehar ateratzen ziren lehiaketetarako izena ematen aritu ginen. Maiatzean, sailkatze proba batean parte hartu genuen, gozatzea beste asmorik gabe. Baina egun batean antolatzaileen komunikazio bat jaso genuen, zozketarako toki gutxi batzuk irekiko zituztela. Aldi berean gurutzatu genuen mezu bana: «Eta izena ematen badugu?». Zozketarako izena eman genuen, tokatu zitzaigun, eta Stockholmera joan ginen.
J: Sei aste besterik ez genuen, zer eta 75 kilometroko munduko txapelketa bat prestatzeko. Ordu arte, gehienez ere 42 kilometro egin genituen!

Esaten da munduko erresistentzia proba gogorrena dela...

J: Nik ere irakurri dut, baina uste dut ezen, nahiz eta gorputzari estutua ematen dion eta entrenatu izana beharrezkoa den, kirol honek funtsean buruko lana eskatzen duela. Eta, gure kasuan bezala, zure ondoan norbait baikorra baldin baduzu, eta zu harekin oso ondo moldatzen bazara, seguru da helmugara iritsiko zarela.
M: Eguna edozein modutakoa dela ere, proba egiten da. Batzuetan, eguraldiak gogortu egiten du proba; baina beste batzuetan, gozamenik handiena bihurtzen du.

Zertan datza zuen prestakuntza?

J: Ni duela gutxi arte triatloirako entrenatzen nintzen, eta ostiraletan swimrun egiten nuen, berariaz prestatu gabe. Txapelketarako, ordea, laguntzaile dugu Ciro Tobar, triatloiko entrenatzailea.
M: Entrenamendurik hoberena swimrun egitea da. Igerilekuan edo kalean, kilómetroak egin ditzakezu, baina lasterka eta igeri egitearen arteko trantsizioak falta dira, eta garrantzitsuak dira.
J: Asko entrenatzen dugu, baina ondo pasatzeko egiten dugu. Lanak eta eguneroko betebeharrek aski eskatzen dizute dagoeneko; zertarako torturatu zeure burua zaletasun batekin?

Zer esango zeniokete jendeari, swimrunari ekitera animatzeko?

J: Adibidez, igerilarientzat, iraupen ona dutenez eta beharbada igerilekuaz nekatuta egongo direnez, aukerarik hoberenetako bat da, berriz ere bete-betean gozatzeko. Triatloia egiten duenak hemen aurkituko du entrenamendurako osagarri hoberenetako bat. Eta kirola gogoko duen orok abentura bat bizi izateko aukera du, konpainian, eta lehen minututik azkeneraino dibertituz.

Estadioko zein eremutan ibiltzen zarete maizenik?

Denbora asko ematen dugu igerilekuan eta gimnasioan. Gainera, lasterka egitera ateratzen garenean ere, hemendik abiatzen gara.

PROFILA:

Gasteizko toki bat: urtegia.
Hondartza edo mendia:
M: Nik nahiago izaten dut mendia.
J: Hondartza udan, eta mendia urte osoan.
Liburu bat:
M: Gauza arraroak irakurtzen ditut, hala nola La dieta del intestino, Michaela Axt-Gadermann idazlearena.
J: La catadora, Rosella Postorino idazlearena, edo edozein eleberri historiko.
Film bat:
M: Nik ekintza zinema maite dut.
J: Indiana Jones, George Lucasena.
Sare sozialak: Gure karrera Instagramen dago (epic_landus_swimrun), Twitterren (Epic_Landus) eta Facebooken (Epic Landus Swimrun). Gainera, biok erabiltzen ditugu Instagrameko eta Facebookeko gure profilak.