Estadio online | ES | EUS
Menu

Ana Herrezuelo

Ana Herrezuelo
Kirol apustuekiko adikzioa

Kirol apustuak alarma sortzen ari dira gizartean, batez ere nerabeei eta gazteei dagokienez. Kirol apustuak egiteko bi bide daude: edo modu presentzialean, hau da, joko establezimendu batera joanda (tabernak, joko aretoak, apustu etxeak), edo online.

Mendearen hasieran Estatu Batuetan eta Kanadan agertu ziren online diharduten kirol arloko lehenengo apustu etxeak, eta gerora mundu osora zabaldu ziren. Internet agertu eta gure eguneroko bizitzan sartu zenetik, online jokoa nabarmen hazi da. Sarean jokatzea erakargarriagoa da pertsona batzuentzat; izan ere, etxetik jokatzeko aukera ematen dizu, bakardadean eta inork zu ikusi gabe. Egun, mugikorra da online jokoan sartzeko ohiko bideetako bat, berehalakotasuna eta irisgarritasuna ematen dituelako egunean 24 orduz, urteko 365 egunetan. Beste alde batetik, errazagoa da joko portaera ezkutatzea, eta horrek portaera hori hautematea zailtzen du.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 2008. urtean agertu ziren apustu etxeak eta hasi ziren instalatzen apustuak egiteko makinak ostalaritza lokaletan eta joko establezimenduetan. Apustu etxeek joko arautegi berri bat sustatu zuten Euskadin.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako Euskadiko adikzioei buruzko inkesta (2017) ikerlanean jasota dagoenez, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen % 7,3k kirol apustuak egiten dituzte. Mutilak dira joko horren zaletasun handiena dutenak; joko horren praktika % 6 hazi da. Kezka eragiten du 15-34 urte bitarteko mutilen arteko prebalentziak, joko mota horretara gehien jotzen dutenak baitira.

Pertsona batek apustuekin adikziozko portaera garatu duela jotzen da, portaera hori kontrolatzeko gaitasuna galtzen duenean, haren bizitzaren ardatza jokoa izanik, eta jokoak bizitzako funtsezko eremuak inbaditzen dizkiolarik, pertsona horren osasuna, ekonomia, lana, adiskidetasunak... arriskuan jarrita.

Estudio sobre Prevalencia, comportamiento y características de los/as usuarios/as de juegos de azar en España (2015) ikerlanean jasota dagoenez, jokatzen duten pertsonen % 70ek ez dute arazorik. Pertsonen % 6,3k portaera arazotsuak dituzte: % 0,9 jokalari patologikoak dira; % 1, jokalari arazotsuak; eta % 4,4, arrisku motaren bat duten jokalariak.

ASAJER elkarteak portaerazko adikzioen arloan dihardu, eta elkarte horrekin lan egiten dut duela 30 urtetik. Bada, ASAJER elkarteak 2017. urtean lagundutako pertsonen % 20 - % 25 inguruk arazoak zituzten kirol apustuekin.

Gero eta pertsona gazteagoak etortzen dira. Nerabezaroan hasten dira, eta garatze prozesua bizkorragoa da kirol apustuetan (1-2 urte). Ezaugarri hauek izan ohi dituzte: gizonezko gazteak; kirolzaleak eta apustuzaleak, batez ere futbolean, saskibaloian eta tenisean; lehiakorrak eta oldartsuak; bakardadearen eta asperduraren tolerantzia txikia, bai eta frustrazioarena ere; gehiegizko gastuak egiten dituzte; bizitza normalizatua dute; mugikorrari lotutako jokoa egiten dute; substantziak kontsumitzen dituzte; familiarengandik dirua lortzen dute; heldugabeak dira...

Prentsan, irratian, telebistan nahiz Interneten egiten den publizitatea, eta kirol taldeen eta kirol lehiaketen bidez egiten dena, eztabaida handia eragiten ari da gizartean. Izan ere, tabakoaren eta alkoholaren publizitatea baimentzen ez den bezala, uste da jokoarena ere ez litzatekeela baimendu behar, Eusko Jaurlaritzaren Adikzioen Planean sartuta baitago.

Kezkagarria da jokoak pertsonen bizitza inbaditzen duela, adinik eta generorik bereizi gabe. Ez duzu etxetik irten behar jokoa bilatzeko. Adingabeak ez daude babestuta. Internetera konekta daitezke, eta jokoaren publizitatea ikusiko dute; beren gogoko kirol taldea ikustera joan daitezke, eta apustu etxeen publizitatea jasoko dute.

Apustu etxeen publizitatean emandako mezuak era honetakoak dira: «Egizu apustu emozioaren alde». Gainera, kirolari ospetsuak erabiltzen dituzte, eta gizon gazteentzat egindako mezuak dira. Sustatutako balioen artean, hauek daude: arrakasta izatea dirua lortzeari lotuta, eta ahaleginik egin gabe; emozio berriak esperimentatzea; eta batzuetan errealitatetik urrun dauden ametsak lortzearekin fantasiak egitea.

Ana Herrezuelo, psikologoa
ASAJER