Estadio online | ES | EUS
Menu

Jokin Fernández

Jokin Fernández
Kirola, iragazkirik gabe

Zer da kirola? Zer ulertzen dugu kirol jarduntzat?

Euskaltzaindiak dioenez, kirola da «gorputz ariketa berezkoa duen jarduna, eta, bereziki, jokoa, bakarka edo taldean egiten dena».

Batzuetan, uste izaten dugu jostatzea eta lehiatzea ez direla bateragarriak. Elkarren aurkakoak dira? Lehiatzen garenean... jokoaz gozatzen ari gaitezke? Lehia behar al dugu kirolean? Zer dago kirolari baten atzean?

Galdera asko dira erantzun gabe, eta kirol munduaren inguruan egin beharreko gogoeta asko. Galdera horien erantzunak lagungarriak lirateke, dudarik gabe, kirolariek beren helburuak lor ditzaten eta, batez ere, haren bizitzako edozein alderditan (lanbidea, familia...) atzean dagoen pertsonarentzat.

Eta zergatik kirolean? Bitxia da nola bai Araban, bai Euskadin, kirol jarduna nagusi den. 2017ko irailaren 25ean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzaren azterlan batean (Kirola eta jarduera fisikoa, 2017) jasota dagoenez, inkestatuen % 64k diote kirolean aritzen dela (% 29k adierazi dute kirol batean aritzen dela; eta % 35ek, kirol bat baino gehiagotan); estatuan, berriz, % 40k diote hori (% 22k, kirol batean; eta % 18k, bat baino gehiagotan); eta % 98k uste dute kirola garrantzitsua dela osasun onari eusteko. Datua bitxia da, eta berriz pentsarazten digu zer onura dakartzan gure bizitzara:

Kirolak rol garrantzitsua joka dezake haurrei, nerabeei eta are helduei balioak transmititzen. Ondo tratatuta, errespetu, erantzukizun, konpromiso eta ardura balioak txertatzen ditu; eta balio horiek oso garrantzizkoak ditugu gaur egungo gizartean.
Kirolean aritzeak (bereziki, erregularki eginez gero) pertsonaren ongizatea eta bizi kalitatea hobetu ditzake, bai gorputz osasunari dagokionez, bai osasun emozionalari dagokionez.

Koadroaren lehen pintzelkada horiek eman ondoren, ikusiz joan gaitezke jendea gehienbat osasunagatik eta ongizateagatik aritzen dela kirolean. Zer du kirolak, hain ondo sentiarazten gaituena?

Haurtzarotik, kirolean aritzen gara, inkontzienteki bada ere. Nork ez du gogoan ezkutaketaren jokoa, edo harrapaketarena? Oso arau oinarrizkoak, eta joko eta lehia puntu hori, txiki-txikitatik barnean dakarguna. Esan liteke jokatzen jakinda jaiotzen garela, eta inoiz ez zaigula ahazten.

Hazten garenean, kirol mota jakin batean espezializatzen gara. Batzuk saskibaloian aritzen gara, beste batzuk futbolean, beste asko atletismoan... Askotariko kirolak, askotariko aukerak, eta beti aukeratzeko askatasunarekin, iragazkirik gabe eta ezaugarri komun bat izanik: jokoa eta sortzen digun ongizatea.
Zenbat aldiz gertatzen da pertsona batek bolada txarra izatea eta konponbidetzat kirolera jotzea?
Zer du kirolak, beste diziplina batzuek ez dutena?

Kirola oso erakargarri egiten duten hainbat aldagai azter genitzake, baina guztien gainetik bi nabarmendu nahi nituzke.

Alde batetik, pertsonak konektatzen ditu. Aski dugu parke batean kirolean ari diren haurrei begiratzen gelditzea, konturatzeko zer sortzen den (enpatia, kide izatearen sentimendua, poz partekatua). Eta ez haurrengan soilik. Helduaroan, jendea, bulegotik, fabrikatik edo lantokitik irtetean, kirolaren bidez lanetik eta arazoetatik deskonektatzen da, eta beste heldu batzuekin konektatzen du, guztiek pilotaren atzetik lasterka edo Prado parkearen inguruan biraka.

Beste alde batetik, jolasaren garrantzia aipatu nahiko nuke. Haur guztiek jolastuz ikasten dute. Saiatzen dira, huts egiten dute, ikasten dute eta berriz saiatzen dira. Bitxia da nola jolasteko gaitasuna galduz goazan urteetan aurrera egin ahala. Kirola da geure buruari jolasten jarraitzeko baimena ematen diogun une bakarra. Saiatzen gara talde bati edo geure buruari irabazten, ez dugu lortzen, ikasten dugu eta berriz saiatzen gara. Zer gertatzen zaigu helduaroan, ez dugula jolasa aplikatzen beste arlo batzuetan, hala nola lanbidean edo familian?

Azkenik, kirolak gizartean duen garrantzia aipatu nahiko nuke. Milaka eta milaka ekimenek eraginda, pertsonak elkartzen gara, eta uneak partekatzen ditugu kirolaren inguruan, hainbat hiritan eta herrialdetan. Jokoa eta lehia, diren bezalaxe, eta modak, merkataritza interesek edota jarraibide politikoek axola ez digutela. Izan ere, galdera hau egin nahiko nuke, bukatzeko: Ausartuko zara jolastera?

Jokin Fernández
Coach&Play