Estadio online | ES | EUS
Menu

Elisa Ascasibar

Elisa Ascasibar
«Atletismoan, ezinbestekoa da gorputzaren eta buruaren arteko oreka»

Gasteiztar gazte hau, hamazazpi urte dituelarik, pistetako beteranoa da bete-betean. Barrutia Atletismo Klubeko lasterkariak ia hamarkada bat darama kirol honetan, eta 200 metroko lasterketan nabarmendu da. Haren helmuga: bere marka pertsonalak ontzen jarraitzea.

Nola izan ziren zure hastapenak atletismoan?

Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan hasi nintzen lasterka aritzen, duela bederatziren bat urte. Beti gustatu izan zitzaidan kirol hau, eta kasualitatez nire lehengusua ere aritzen zen. Harekin joaten hasi nintzen, eta, egia esan, adiskide piloa egin dut. Uste dut horrek bultzatu nauela urtez urte jarraitzera.

Atletismoaren barruan, modalitate ugari daude. Zergatik aukeratu zenuen abiadura?

Hasieran, txikiak garenean, guztiok aritzen gara proba guztietan, baina gero, handitzen zoazen eran, espezializatuz zoaz. Ni abiadurarekin geratu naiz, gehien gustatzen zaidana baita dudarik gabe. Gainera, denborarekin ikusiz zoaz zein modalitatetan ibiltzen zaren hobekien, eta nik, egia esatera, nire tartea 200 metroetan aurkitu dut. Gainerakoetan zailagoa egiten zait lehiatzea.

Atletismoan, besteen aurka ez ezik, zeure buruaren aurka ere lehiatzen zara...

Jakina. Sailkapeneko postuek ez dute beste kirol batzuetan bezainbesteko garrantzirik; garrantzitsuena da marka pertsonala. Lehenengo buka dezakezu, eta denbora txarra egin; edo, aitzitik, azkena geratu eta marka pertsonal oso ona egin. Nire denborarik hoberena, 200 metroetan, adibidez, 25,91” da, eta oso pozik nago, niretzat denbora ona delako. (Espainiako txapelketan parte hartzeko marka minimoa 26,40” da.)

Zure ustez zer bertute izan behar du zure adineko batek, atletismoan aritzeko?

Bistan denez, gorputz gaitasun egokiak izatea beharrezkoa da, baina oso garrantzitsua da baita ere burua, ez etsitzeko, beheraldiak gaindituta aurrera egiteko. Buruz ondo ez bazabiltza, amore ematen duzu azkenean. Esango nuke atletismoan ezinbestekoa dela gorputzaren eta buruaren arteko oreka.

Zer eman dizu atletismoak?

Batez ere, arlo honetan egin ditudan adiskide ugariak hartuko nituzke. Baina, gainera, oso gogokoa duzun zerbait egiten baduzu, eta halaxe gertatu zait niri, kirolak poz ugari ematen dizu.

Nabarmenduko zenuke zure atleta karrerako uneren bat?

Egia esatera, asko dira une bereziak. Bat hartu beharko banu, beharbada Espainiako txapelketak izango lirateke. Txapelketa horiek oso jende onarekin lehiatzeko eta zeure buruari are gehiago eskatzeko aukera ematen dizute. Gainera, jende askorekin batera bizi izaten gara pistatik kanpo, eta adiskide asko egiten ditugu.

Etorkizunari begiratuko diogu, iristekotan diren demei...

Ez dut buruan dema zehatzik, nahiko nuke nire denborak hobetzen jarraitu eta lehiatzeari ez utzi. Batzuetan, ez da erraza ikasketekin bateratzea, baina hobetzeko lanean jarraitu nahi dut oraingoz.

Zein da zure lan errutina, astean?

Lau egunetan entrenatzen dugu ordubete eta erdiz edo bi orduz; beraz, egun horietan ez dut denbora askorik beste ezertarako, hala nola ikasteko. Aste batzuetan hobeto daramat, eta beste batzuetan okerrago, baina garrantzitsuena da ondo antolatzea. Antolaketarik gabe, ezinezkoa litzateke.

Zer esango zenieke kirol honetan hasteko aukera duten gazteei?

Uste dut atletismoak, beste kirol batzuek ez bezala, modalitate asko probatzeko aukera ematen dizula, modalitate batetik bestera aldatzeko aukera, eta gogokoen duzunak aurkitzekoa. Atletismoan lasterka egin dezakezu, baina baita ere hor daude hesiak, jauziak eta abar. Esango nuke kirol asko direla batean.

Kirol honek zer maila du Araban?

Euskadiko gainerako lurraldeen aldean ez da oso ona, egia esatera. Kanpora lehiatzera ateratzen zarenean, konturatzen zara hor zehar maila handiagoa dagoela. Kontua ez da hemen jende ona ez dagoenik, ba baitago; baina, beharbada, gutxiago dira. Beste toki batzuetan, askoz jende gehiago dabil lehen mailako markak egiten.

Estadioko zein eremutan ibiltzen zara maizenik?

Oro har, udan igerilekuetara etortzen naiz. Tranpolinen eremuan egoten naiz.

PROFILA:

Gasteizko toki bat: Nire auzoa, San Martin.
Hondartza edo mendia: Hondartza.
Serie bat: How to Get Away with Murder, Peter Nowalk sortzailearena.
Miresten duzun kirolaria: Cristina Lara, atleta.
Zure bertute handiena: Adiskide ona naiz.
Playlist bat: Nire bat: veranaso.
Sare sozialak: Instagramen, @eli_ascasibar naiz.