Estadio online | ES | EUS
Menu

Pablo Riva

Pablo Riva
«Lehiatuz, galtzen ikasten duzu; eta horrek jokalekutik kanpo ere laguntzen dizu»

Euskadiko txapeldun izan da kadete kategorian, eta egun gutxi barru bere kirol ibilbideko proba garrantzitsuenak izango ditu: estatuko banakako eta binakako txapelketak, ekainaren 18tik 24ra, Iruñean; eta taldekakoak, uztailaren hasieran, Bartzelonan. Hamabi urte daramatza erraketari erantsita, eta hamabost urte besterik ez duen gazte honek dena bere alde du etorkizun ez oso urrun batean oso albiste onen protagonista izateko.

Nola izan ziren zure hastapenak tenisean?

Hemen hasi nintzen jokatzen, Estadion, hiru urte nituela. Nire anaia, ni baino bi urte zaharragoa, dagoeneko eskolak hartzen ari zen, eta hura ikustean jokatzeko gogoa piztu zitzaidan. Bost urte nituela, serioago hasi nintzen, ni baino zaharragoekin, eta izan dudan entrenatzaile garrantzitsuenetako batekin: Jose Luis Mororekin. Hiru urte geroago, CDT Mendizorroza klubean sartu nintzen, nire oraingo entrenatzailearekin, Jose Miguel Diaz de Otazurekin, eta hor jarraitzen dut.

Entrenatzen ari zara, eta DBHko laugarren maila ikasten. Nola antolatzen zara guztia egunean eramateko?

Klubean egunero ordubetez entrenatzen dut, baina egun guztietan norbaitekin gelditzen naiz ordutegi horretatik kanpora partida bat jokatzeko edo entrenatzeko. Gainera, astelehen, asteazken eta ostiraletan triatloian aritzen naiz, hementxe, Estadion, nire prestakuntza fisikoa hobetzeko. Oraingoz ez dut arazorik ikasketekin bateratzeko, baina esan behar dut ikastetxean noizbehinka mesederen bat egiten didatela.

Zure ustez, zer gaitasun behar dira tenislari ona izateko?

Nire indargunea, adibidez, lana da. Ez naiz handiena, ez eta indartsuena ere. Beraz, partidetan arian-arian ibili behar dut, indarrez irabazten saiatu gabe. Partida osoan eusteko moduko ahal fisikoa izatea ere beharrezkoa da; eta, jakina, konstantzia. Kirol honetan, egunero entrenatu behar da.

Etorkizunari begiratuko diogu, iristekotan diren txapelketei...

Dagoeneko parte hartu dut horrelako batzuetan. Orain arte, hor zer maila zegoen ikusteko joaten nintzen gehienbat, beharbada. Izan ere, ez nuen hainbeste entrenatzen. Hala ere, aurten hobeto ezagutzen dut zeri egin beharko diodan aurre. Garrantzi pixka bat badu zer koadro tokatzen zaigun; baina baikorra naiz, eta uste dut ondo egin dezakedala. Oso gogotsu nabil. Bartzelonako txapelketarako, gainera, oso talde orekatua daramagu. Beraz, nahiz eta zaila ere izango den, albait hoberena egiten saiatuko gara.

Nola ikusten duzu tenisa Araban?

Beste lurralde batzuekin konparatuta, adibidez Bizkaiarekin, hemen askoz jokalari gutxiago gara. Euskadiko txapelketetan, esaterako, parte hartzaileen erdiak baino gehiago hangoak dira, eta gainera badituzte oso ahaltsuak diren klub batzuk. Hala ere, uste dut pixkanaka jende gehiago ateratzen ari dela Araban.

Zer esango zenuke eman dizula tenisak?

Urduritasuna kontrolatzen ikasi dut. Gogoan dut nola hasieran, partiden aurretik ia zorabiatu ere egiten nintzen; eta orain, berriz, askoz lasaiago noa. Lehiatuz, galtzen ere ikasten duzu, eta joko alternatibak bilatzen, ezer ateratzen ez zaizun une horietan konponbideak bilatzen. Gai horiek gero lagundu egiten dizute jokalekutik kanpo. Eta, jakina, adiskideak egin ditut, adiskide asko. Txapelketetan, adibidez, taldean joaten gara, furgonetan joan ohi gara guztiok elkarrekin, eta lehiatzeaz gainera oso ondo pasatzen dugu.

Nola gomendatuko zenieke tenisa gazteenei?

Lehen esan dudanez, tenisean adiskide asko egiten dira, baina baditu gauza on asko ere, banakako kirola delako. Taldekako kiroletan, adibidez, egun txarren bat baldin baduzu, zu aldatzeko eska dezakezu, edo taldekideen artean pixka bat «ezkutatu» zaitezke. Hemen, ez duzu beste erremediorik zuk zeuk aurrera egitea baino. Uste dut horrek asko laguntzen dizula hobetzen.

Maiz etortzen zara Estadiora. Zer instalazio erabiltzen dituzu gehien?

Teniseko jokalekuez gainera, ez? Izan ere, norbaitekin jokatzeko gelditzen naizenean, gehienak Estadioko abonatuak izaten dira, eta hemen jokatzen dugu. Baina esango nuke, gainera, hemen bizitza egiten dudala. Nire adiskideekin eguna pasatzen dut futbol zelaian, gimnasioan... edonon.


Profila:

Gasteizko toki bat: Estadioko futbol zelaia.
Hondartza edo mendia: Hondartza.
Liburu bat: Rafa, mi historia, Rafa Nadalek eta John Carlinek idatzia.
Film bat: Shrek edo The Lord of the Rings serieetako edozein.
Miresten duzun kirolaria: David Ferrer.
Zure bertute handiena: Burua.
Playlist bat: Era guztietako musika estiloak entzuten ditut.