Estadio online | ES | EUS
Menu

Ramón Llopis Goig

Ramón Llopis Goig
Kirolak gizartea batzen du, ala zatitzen?

Kirolaren historiak erakusten digu une askotan kirolak gizartea batzeko edota zatitzeko rola jokatu duela. Izaera anbibalente hori berezko du gizakiaren edozein jarduera edo ekoizpenek. Hala ere, kirolaren kasuan askoz deigarriagoa da, azken urteotan ontasun ugari egotzi zaizkiolako, edozein gizarte arazoren panazeatzat agertzeraino. Hartara, Europar Batasunak argitaratu zuen Kirolaren Liburu Zuriak (2007. urtean) nabarmendu zuen ariketa fisikoak eta kirolak ekarpena egiten dutela giza kapitala eta herritarrak garatzeko, eta haien erabilera aipatu zuen talde kalteberak gizartekotzeari dagokionez. Alabaina, urte hartan bertan, Espainian kiroleko indarkeriaren, arrazismoaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurkako legea (19/2007 Legea, 2007ko uztailaren 11koa) onartu zen. Eta lege horretan agerian jarri ziren kirolak gaur egun ere azaltzen dituen gizarte kontraesan, liskar eta tentsioak.

Kirolaren ahal bateratzaile eta zatitzailea sakonago aztertzeko, komeni da haren bi alderdi behintzat bereiztea: ikuskizunarena, eta jolas edo herri jarduerarena. Lehenengoari dagokionez, hedabideek kirol kluben eta selekzio nazionalen arteko norgehiagokaren dramatismoa ustiatzen dute; horrela, ikus-entzule multzo zabal baten inplikazio afektiboa lortzen dute. Hor bada identitate transferentziako prozesu bat, «gu» bat eratzen laguntzen duena eta lurraldearekiko atxikimendua indartzen duena. Prozesu horiek hain dira eraginkorrak, nekez aurkituko dugu hain atxikimendu sendoa sortzeko gai den beste erakunderik. Bigarrenari dagokionez, pentsatu ohi da kirola eremu ezin hobea dela gizartekotzeko eta integratzeko. Izan ere, lankidetza jarrerak, gizarte sareak, laguntasuna eta adiskidetasuna sustatzen dituzten elkarrekintzako eremu berdinzaleak sortzeko gaitasuna du kirolak. Horrek garrantzi berezia du irisgarritasun oztopoak dituzten gizarteratze eremuetan —adibidez, lanean eta aisialdiko beste ingurune batzuetan— presentzia txikiagoa duten gizataldeentzat.

Baina, integratzeko ahal horiekin batera, kirolak baditu beste ahalmen batzuk ere, nolabait kalterako direnak. Hartara, elkartasuna sor dezakeen bezala, kirolak gizarte zatiketak goratu ditzake, eta dauden desberdinkeriak eta bazterkeria harremanak kirol ingurunean berritu ditzake. Nortasun kolektibo bat kirolaren inguruan biziagotzea baztertzailea izan daiteke, eta gizataldeen arteko liskarra sustatu dezake, edo elkarren aurkari diren kirolarien eta zaleen arteko tirabirak sortu, gero gehiegikeria arrazistak, eraso xenofoboak edota bortizkeriazko jokabideak ekarriko dituztenak. Beharrezkoa da, beraz, kirolaren rol gizarteratzaile eta hezitzailea indartzea, aintzat hartuta kirolaren abantailak ez direla berez eta besterik gabe aterako. Ikuskizunezko kirolaren kasuan, hedabideek askoz kontzienteago izan beharko lukete beren baliabide erretorikoek eta diskurtso estrategiek biztanleen artean duten eraginaz.

Kirol klub edo zentroetan egiten den kirol jardueraz den bezainbatean, garrantzitsua da klub eta zentro horiek eskaintza erakargarriak izatea, gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan diren biztanle taldeen beharrak kontuan hartuta. Horretarako, kirol jardueren ordutegiak eta egutegiak talde horien egutegi eta ordutegietara egokitu behar dituzte, jarduerak arrazoizko prezioan eskaini behar dituzte, eta prestazio gehigarriak dohainik eman behar dituzte. Era berean, komeni da entrenatzaile kualifikatuak kontratatzea, aholkularitza eta orientazio indibiduala eskainiko duten hezitzailetzat eta kirol teknikaritzat jardun dezaten. Garrantzitsua da, bestalde, klubek barne bizikidetzako oinarrizko arau batzuk zehaztea, eta elkartzeko eta kideen arteko harremanak indartzeko espazioak ematea. Horri esker, gizarte integrazioa sustatuko da, eta kirol eremutik harago hedatuko. Kontuan izan beharreko beste elementu bat da klub bakoitza bere tokiko komunitatean txertatzea. Gizarteko, kiroletako eta administrazio publikoko erakundeekin lankidetza sare zabal bat eratzeak aukera ematen du gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dauden taldeengana hurbiltzeko eta haiekin harremanetan dabiltzan pertsonekin —adibidez, gizarte langileekin edo maisu-maistrekin— koordinatutako ekintzak garatzeko. Ondorio horiexek atera dituzte gizarte inklusioari, boluntariotzari eta kirol klubei buruzko ikerketa proiektu batean. Proiektu hori Europako hamar herrialdetan egin berri da, eta Europar Batasuneko Erasmus + programaren finantzaketa izan du. Horrekin batera, proiektuan adierazi da gizarte integrazioko ekintzen eraginkortasuna handitzeko faktore garrantzitsuak direla bi hauek: batetik, gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan diren taldeentzako jarduerak koordinatzeko batzorde arduradun bat izatea; bestetik, etorkizuneko garapen estrategia bat hartzea.

Ramón Llopis Goig
Valentziako Unibertsitatea
(Twitter) @llopisgoig_r