Estadio online | ES | EUS
Menu

Arrakasta eta inklusioa sustatzeko programak planifikatzea

Arrakasta eta inklusioa sustatzeko programak planifikatzea

Inklusio programak eta aukerak handitzea lagungarria izan daiteke elbarritasunak dituzten haurrak aktiboago izan daitezen.

Elbarriek, askotan, beren kideek baino jarduera fisiko gutxiago egiten dute. Estatu Batuetako Osasuneko eta Giza Zerbitzuetako Sailak jakinarazi duenez, elbarritasunen batekin bizi diren pertsonen % 25,6k adierazi dute jarduerarik ez dutela egiten ohiko aste batean; elbarritasunik ez duten pertsonen artean, berriz, % 12 dira. Disability and Rehabilitation aldizkarian argitaratutako ikerlan batek aztertu du zerk errazten dien eta zerk eragozten dien jarduera fisikoa egitea elbarritasuna duten haurrei. Ikerlanean sartu zituzten osasunaren edo kirolen arloan diharduten eta elbarriei kirol eta jarduera programetan sartzen laguntzen lan egiten duten sei profesionalei egindako elkarrizketak, bai eta programa horietan parte hartu zuten 10–17 urte bitarteko 28 haur eta nerabe ere.

Profesionalek esan zutenez, jardueran parte hartzea gehien erraztu zuen faktorea izan zen «arrakasta eta inklusioa sustatzeko programak planifikatzea». Haur eta nerabeek bi faktore garrantzitsu aipatu zituzten: jarduera fisikoa dibertigarria izateko langile egokiak izatea; eta aktibo izateko aukera egoki eta inklusiboak izatea. Profesionalek oztopo garrantzitsuenen artean aipatu zituzten muga praktikoak, denbora eta lehentasun kontrajarriak; eta haur eta nerabeek aipatu zuten aukera inklusiboen ezak aktiboago izatea eragozten ziela.

Datuak: Wright A, Roberts R, Bowman G, Crettenden A. «Barriers and facilitators to physical activity participation for children with physical disability: comparing and contrasting the views of children, young people, and their clinicians». Disabil Rehabil. 2018ko urtarrilak 30:1-9. doi: 10.1080/09638288.2018.1432702.