Estadio online | ES | EUS
Menu

Julio Basulto

Julio Basulto
Sen ona kirolerako nutrizioan

Kirola egiten duenak eta jarduera fisikoko bere mailak handitzen dituenak eszeptikoa izan behar du egia izateko bikainegiak ematen duten baieztapenen aurrean, edo osasun-arazoak ekar ditzaketen baieztapenen aurrean. Ondoren, horrelako baieztapen batzuk aztertzen dira laburki.

Sedentarismoaren arriskuak

Pertsona sedentarioek goiz hiltzeko arrisku handiagoa dute, eta haien bizi kalitatea urriagoa da urteetan aurrera egin ahala. Jarduera fisikorik ez egitea da heriotza goiztiarren % 9ren kausa (5,3 bat milioi heriotza, urtean). Eragin handia du mundu osoko gizabanakoen osasunean. Jarduera fisikorik eza bukarazteak gaixotasun kroniko nagusien % 6 – % 10 bitarte deuseztatuko lituzke, eta bizi esperantza luzatuko luke.(1)

Elikadurako osagarriak

Elikadurako osagarrien edo kirolarientzako janari nahiz edarien merkatua handitzen ari den arren, gorakada horrekin batera ez dira etorri haien promesak oinarrituko dituzten proba zientifikoak. Horren adibide ditugu «edari energetikoak» direlakoak (esaterako, Red Bull). Ez dute errendimendu atletikoa hobetzen; gainera, errendimendu hori kaltetu dezakete, eta osasuna arriskuan jarri.(2) Beste adibide bat dira omega-3 gantz azidoak: ez dago frogatuta errendimendua hobetzen dutenik.(3) Eraginkorrak eta seguruak direla erakutsi duten substantzien kasuan ere, jakin behar dugu eragiten duten hobekuntza txikia dela, eta ez dela ikerlan zorrotzik egin substantzia horiek konbinatzean zer gertatzen den ebaluatzeko.(4)

Dopajea... nahita?

2005. urtean jakin genuen kirolarientzako elikadurako osagarrien % 15 inguru kutsatuta daudela etiketan adierazi gabeko substantziekin.(5) 2017an, substantzia debekatuak aurkitu dira aztertutako elikadurako osagarrien % 12 – % 58tan.(6) Horregatik, ez da harritzekoa AEPSAD elkartearen gomendio hau: «Kirolariak oso zuhur jokatu behar du elikadurako osagarriak kontsumitzean. Elikadurako profesional baten laguntzarekin baloratu beharko luke ea osagarri horiek kontsumitu beharko lituzkeen.»(7)

Kirolariarentzat... dieta berezia?

«Kirolariaren dieta, funtsean, jende guztiarentzat gomendatutakoa bera da, salbu eta energiari, urari eta karbohidratoei dagokienez.» (Dietetikako Ameriketako Estatu Batuetako Elkartea) (8) Arreta berezia jarri behar da energia eta karbohidrato eskakizunak asetzean (batez ere, lan karga handia baldin badu), baina ez du dieta elikagai ultraprozesatuetan oinarritu behar, horrek osasuna hondatu baitiezaioke, eta, beraz, errendimendua kaltetu.(9)

Hidratazioa?

Nahiz eta ur beharrak handitzen diren, egarri sentsazioa ere handitzen da. Hartara, salbuespen jakin batzuk edota eliteko atletak izan ezik, gomendagarriena da egarriaren mekanismoak adierazten duena baino gehiago ez edatea.(10)

Proteinak?

Atleta askok uste dute proteina asko behar dutela, baina zientziak ez du uste hori sostengatzen.(11) Ikerlanek ez dute erakusten proteinei egozteko moduko onurarik, dieta osasungarri batekin lortzen dena gainditzen duenik. Proteina-osagarrien onuren ezaren arrazoia da, segur aski, atleta gehienek proteina kopuru egokiak kontsumitzen dituztela.(12) Izan ere, proteinetan aberatsa den dieta bat (batez ere, animalia jatorriko proteinak baldin badira) goiz hiltzeko arrisku handiagoarekin erlazionatuta dago.(13) Literatura zientifikoak, era berean, ez du sostengatzen indar muskularra hobetzeko bete beharko genukeen «leiho anaboliko» bat dagoenik.(14)

Bitaminak edo mineralak?

Gomendagarriagoa da elikadura osasuntsu bat izatea, bitaminen eta mineralen osagarriak hartzea baino. Osagarri horiek, gainera, ez dute hobetzen kirolari osasuntsuen errendimendua.(15)

Nolakoa izan behar du elikadurak?

Gorago aipatutako salbuespenak salbu, elikadurarako aholku nagusiak ez dira aldatu: hau da, dietak «landare gehiago izan behar lituzke, animalia gutxiago, eta haragi prozesatuetatik eta premiarik gabeko elikagaietatik ezer ez edo ia batere ez».(17)

Julio Basulto, dietista-nutrizionista

(f) Julio Basulto Marcet
(i) juliobasulto_dn
(t) @JulioBasulto_DN