Estadio online | ES | EUS
Menu

Borja Osés

Borja Osés
Ohikoa al da dopatze substantziak erabiltzea kirol amateurrean?

Azkenaldian egiaztatu da osasunerako arriskutsuak edo kaltegarriak diren gaiak erabiltzen dituztela, gaitasun fisikoak hobetzearren, lehiaketetan parte hartzen ez duten batzuek, edota, kirol probetan parte hartuta ere, parte hartze hori aisialdikoa edo zaletasun hutsekoa izanik.

Era berean, irakurri ditugun zenbait albistetan —hala nola, 2017ko martxoaren 22an hainbat egunkaritan argitaratutakoan— aipatzen zen Guardia Zibilak dopatze substantzien hiru milioi dosi atzeman zituela Valentziako Erkidegoan, eta hamalau lagun atxilotu zituela.

Horrelako egoerek hauxe pentsarazten digute: eliteko edo goi mailako kirolean dopinari lotuta izaten diren kasu ezagunez gainera, badagoela arazo bat gai jakin batzuen (esteroide anabolizanteak, hormonak, estimulatzaileak...) erabilera zabala dela, askotariko helburu edo motibazioekin jarduera fisikoa egiten dutenen artean, toki jakin batzuetan (gimnasioak, fitness eta estetika zentroak, kiroldegiak, oposizioak prestatzeko akademiak...).

Horrez guztiaz gainera, dopinaren aurkako kontrolek gai debekatuak detektatu dizkiete kirolari amateurrei, proba herrikoietan edo aisialdikoetan (maratoiak, zikloturismo probak, mendi lasterketak...).

Horrelako egoeren atzean, dopatzeko gaien trafiko eta horniduran diharduten sare antolatuak daude. Gai horiek erabiltzea ez da inola ere gomendagarria ariketa fisikoa edo kirol jarduera olgetarako egiten dutenentzat. Gai horiek hartzea kirol arauetan arau haustetzat jotzen diren ala ez begiratu gabe ere, arrisku potentzial eta erreala dira gai horiek hartzen dituztenen osasunerako.

Kontuan izan behar da egiaztatuta dagoela atzemandako gai horiek toki osasungaitzetan fabrikatzen direla, eta osasun arau eta prozeduretatik guztiz kanpo. Gainera, gai horien erabileraren planifikazioa eta hartzeko jarraibideak ematen dituzten pertsonek ez dute medikuntzako prestakuntza txikiena ere.

Horregatik, gai horiek kirolariei saltzeari, hornitzeari, emateari, eskaintzeari edo beste edozein eratan bideratzeari lotutako jarduerak egiten dituztenek osasun publikoaren kontrako delitua egiten dute: Zigor Kodean berariaz tipifikatutako delitu bat.

Estatu batzuek dopinaren aurkako politikak egiten dituzte era guztietako kirolariak neurri handian inplikatuz eta kontzientziatuz, aipatzen ari garen jardunbideak errotik kentzearren. Horren adibide ona dugu Norvegia. Horrelako lurraldeetan, kirolean eta olgetarako jarduera fisikoan era horretako gaiak (estimulatzaileak, anabolizatzaileak eta hormonak, funtsean) erabiltzeari buruzko sentikortze nahiz kontrol programak izaten dituzte, bereziki gizatalde sentikor edo kalteberenei zuzendua; adibidez, gazteei eta nerabeei.

Errealitate horrek gainditu egiten ditu kirol arloaren mugak, eta eragin handia du pertsonen osasunean. Horren ondorioz, estatuko eta autonomia erkidegoko kirol nahiz osasun agintariek kezkaz begiratzen diote gizarte arazo gero eta zabalduago horri. Izan ere, giro jakin batzuetan ozen aldarrikatzen da on-onak dela muskulatzea eta gorputz profil jakin batzuk lortzea.

Soluzioa bi bidetatik dator. Alde batetik, sentikortze eta hezte programak ezarri behar dira, gai horien erabiltzaile izan daitezkeenei zuzenduak, garbi azalduta zein arrisku larriak dakarzkion haien osasunari dopatze gai horiek erabiltzeak. Beste alde batetik, epaileen, mugazainen eta polizien lanak areagotu behar dira, gai horien fabrikazioko eta salmentako sare antolatuak eta guneak (hala nola Internet) atzemateko; izan ere, gai horiek askotan merkatu beltzean eskaintzen baitzaizkie kirolariei.

Aipamen berezia merezi dute, arlo horretan duten garrantziagatik, bai kirol zentroek, bai kirolari horiei aholku ematen, entrenatzen edo jarduera planifikatzen diharduten profesionalek. Zalantzarik gabe, instalazio eta prestatzaile edo entrenatzaile horiek funtsezkoak dira hemen aipatzen aritu garen arazoa errotik kentzeko.

Borja Osés
Kirol arloko abokatua, Dopinaren aurkako Euskal Agentziaren aholkulari juridikoa