Estadio online | ES | EUS
Menu

Yon Bárcena

Yon Bárcena
Delta hegala txoriek bezala hegan egitean datza, txoriek bezala planeatzean

Yon Barcenak bizitzaren erdia darama zeruak zeharkatzen, delta hegalari dion grinak bultzatuta. Irrika hori Arabako gazteengan piztu nahiko luke. Joan den uztailean, beste hirurogeita hamar lehiakiderekin parte hartu zuen Espainiako Txapelketan, eta lortu zuen Europako eta munduko torneoetako selekziorako hautagaien taldean sartzea.

Nondik datorkizu delta hegalerako zaletasuna?

Hegan egitea da gizakiaren ametsetako bat, eta nik mutikoa nintzela jadanik eguna ematen nuen hegaztiei begira. Gaztetan, gainera, Gasteizen berreskuratu nahiko nukeen jarduera batean aritu nintzen: modelo aeronautikoetan. Paperezko eta zurezko hegazkinak egiten nituen, bai eta hegaldarazi ere. Hala ere, hegazkin bat jaurtitzen nuenean, nire irudimenak harekin bidaiatzen zuen. Hala, adindun bihurtu nintzenean, parapentea egiten ikasi nuen, eta geroxeago hasi nintzen delta hegalean.

Nola deskribatuko zenuke kirol hau?

Delta hegala txoriek bezala hegan egitean datza, txoriek bezala planeatzean. Izan ere, planeatzearen bidea, delta hegalaren errendimendu aerodinamikoa, arrano baten edo sai baten oso antzekoa da. Hegaztiekin hegan egiten dugunean, gure abiadura haien berdintsua da, haiekin hegaldatzen gara. Ez dugu motorrik, oso-osorik gaude goranzko korronte termikoak aurkitzearen menpe, energia potentziala lortzeko eta gero planeatu ahal izateko. Ozta-ozta bidaiatzen dugu goranzko beste korronte bat aurkitu arte, eta hor berriz egiten dugu gorantz.

Zertan datza lehiaketako proba?

Egun bakoitzean eguraldiaren gorabeheran izaten da. Horren arabera, 100 edo 120 kilometroko distantzia duen proba bat ezartzen da, jeneralean balizekin markatua (herri bat, mendi gailur bat, bidegurutze bat...). Hegan goazela daramagun GPS sistemarekin lortutako track batek adierazten digu ea ibilbidea osatu dugun. Lehiaketan, 2.000 edo 3.000 metroko garaieran hegan egitera irits gaitezke; goranzko aire korronteek jartzen digute goiko muga. Ibilbidea osatzea oso zaila da, eta parte hartzaileen % 15 soilik izaten dira hori lortzen dutenak. Hala ere, helmugara iristen ez den pilotuari egin dituen kilometroak zenbatzen zaizkio.

Zertan datza zailtasunik handiena, hegaldian?

Oinarrizko zailtasuna da korronte termikoak aurkitzea eta gorantz egitea. Delta hegal baten planeatze indizea 1-10 bitartekoa da: igo garen metro bakoitzeko, hamar metro egiten dugu aurrera. Horrenbestez, proba 100 kilometrokoa baldin bada, 10.000 metro pilatu behar dituzu igoeretan, eta ez da beti erraza izaten goranzko korronteak aurkitzea. Funtsezkoa da ondo interpretatzea zerua eta haren koloreak, lurraldea eta hegaztien hegaldia. Delta hegalaren erabilera oso intuitiboa da. Aginte aerodinamikorik ez duen hegan egiteko aparatu bakarra da; norabidea aldatzeko, norberaren gorputza mugitzen da, horrela hegoetan deformazio txiki bat eragiten baita, hegaztien hegoetakoaren oso antzekoa.

Nola prestatzen zara kirol horretan aritzeko?

Entrenamendurik hoberena hegaldatzea da, dudarik gabe. Hala ere, burua asko erabiltzea eskatzen duen kirol bat da. Erabakiak hartu behar dira etengabe. Gorputzari dagokionez, garrantzitsua da sasoian egotea, zeure gorputza baita delta hegalaren lema. Ni, adibidez, igerian aritzen naiz, mendian, eta abarretan. Sasoian ez egotea arriskutsua izan daiteke, gorputzaren eta buruaren nekeak okerreko erabakiak hartzera eraman zaitzakeelako.

Etorkizunera begira, zer kirol erronka dituzu pentsatuta?

2015ean selekzioarekin lehiatu nintzen Mexikon, Munduko Txapelketan. Horri esker, bete-betean sartu nintzen goi-goiko mailan, eta beharbada iritsi nintekeen gorenera iritsi ahal izan nintzen. Orain, erronka pertsonalagoak ditut, adibidez Pirinioak hegan zeharkatzea.

Zer eman dizu delta hegalak?

Pasio bat da, eta beraz agian esplikazioa ez da oso arrazionala izango. Naturarekin zuzen-zuzeneko harremanean jartzen zaitu, naturarengandik sentsazio paregabeak erdiesten dituzu. Natura ingurunean zer garen, egiazko neurria sentiarazten dizu. Hoberena da delta hegalarekin benetan txori batek bezala egiten duzula hegan. Esperientzia hartzen duzun eran, zenbait unetan arrazionalki pentsatzeari ere uzten diozu, eta intuizioz lan egiten duzu.

Kirol hau gomendatuko zenieke gazteagoei?

Bai, jakina. Hala ere, delta hegaletik edo hegan egitetik harago, proiektu bati ekin nahi diot, Arabako gazteen artean aeronautikaren mundua sustatzeko, txiki-txikitatik bizi izan baitut mundu hori. Ikas dezatela hegazkinak egiten, hegaldiaren prozesua aztertzen...

Beharbada, gutxi ezagutzen den kirol bat da, eta beraz, gutxi praktikatzen dena...

Gutxi gara, bai. Hor jarraitzen dugun lau zoro suharren lanari esker eusten dio bizirik. Kirol hau 1970eko hamarkadan jaio zen, 1980koan oihartzuna izan zuen, baina 1990ekoan parapentea agertu zen eta atentzioa hara desbideratu zen. Horregatik, delta hegalak ez ditu zale asko gazteen artean, nahiz eta Euskadin baldintza onak ditugun jarduera horretarako: Urduña, Orio edota Sopela toki ezin hobeak dira horretan aritzeko. Egia da, baita ere, nolabaiteko sakrifizioa eskatzen duela. Inork ezin du hegan egin, bizikletan ibiliz bezala edo egun batez igeri egitera joanda bezala. Arriskuak handiagoak dira, eta ezinbestekoa da denbora eskaintzea eta ondo-ondo prestatzea.

Maiz etortzen zara Estadiora. Zer instalazio erabiltzen dituzu gehien?

Batez ere igerilekua. Han entrenatu ohi naiz.

---

Profila:

Gasteizko toki bat: Olarizu.
Hondartza edo mendia: Itsasoa eta zerua, esango nuke.
Liburu bat: Printze txikia, Antoine de Saint-Exuperyrena; edo Juan Salvador Gaviota, Richard Bachena.
Film bat: Miyazakiren edozein.
Miresten duzun kirolaria: Beren bizitza beren pasiora ematera ausartu diren guztiak.
Zure bertute handiena: Bertuterik handiena eta akatsik txarrena: perfekzionismoa.