Estadio online | ES | EUS
Menu

Sara Maldonado

Sara Maldonado
Mugitzea da adimentsuena

Buru bizkorra eta zorrotza izan nahi baduzu, ebidentzia zientifikoak adierazten du ariketa fisikoa egin beharko zenukeela. Galdera da: giharren ariketaren bidez nola susta daiteke buru ahalmena?

Sedentarismoak eta ariketa fisikorik ezak eragindako gaixotasun kronikoek hazkunde esponentziala duten gure aro honetan, bizi estiloa aldatzea osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko bidea izan daiteke.

Pertsona baten sasoia nolakoa den jakiteko modurik objektiboenetakoa da haren bihotz-biriken gaitasuna neurtzea. Bestela esanda, bi alderdi hauek neurtzea: batetik, denbora batez jarduera fisikoa egiten delarik zirkulazio eta arnas sistemek hezur eta gihar sistema oxigenoz hornitzeko duten gaitasuna; eta, bestetik, odolaren bidez bidalitako oxigenoa eta elikagarriak jaso eta erabiltzeari dagokionez giharretako zelulek duten gaitasuna. Horregatik, bihotz-biriken gaitasuna zuzenean lotuta dago sistema askoren funtzio integratuarekin (besteak beste, garunarenarekin), eta gorputz osasun osoaren isla bat eta bizi ezaugarri funtsezko bat dela jotzen da. Bihotz-biriken gaitasuna aldatu eta hobetu egin daiteke jarduera fisikoa eginez eta gorputz masa kontrolatuz, eta gaitasun hori da zahartu ahala funtzio kognitiboa gainbehera etortzea saihesteko lantzen diren helburuetako bat.

Garunak gaitasun handia du bere jardunbidea eta egitura aldatzeko, inguruaren eraginen eta bizi izandako esperientzien arabera. Hainbat motatako neuronak eta konexio antolatuak ditu, haien artean konexio luzeak daudela. Horiek osatzen dituzte substantzia zuria eta substantzia grisa. Oraintsu aurkitu da substantzia zuriak uste zena baino funtzio gehiago dituela, adibidez: oroimen prozesuan laguntzen duten neurona sare bizkorrak eratzea; ikaskuntza; eta, oro har, adimenaren garapenean ditugun baliabide kognitiboak. Substantzia grisa giharrak kontrolatzean eta zentzumenetako pertzepzioan (hala nola ikustea, entzutea, oroitzea, zirrarak, mintzamena, erabakiak hartzea eta kontrola) parte hartzen duten garun zatietan daude.

Badira zenbait mekanismo, bihotz-biriken gaitasunaren eta funtzio kognitiboaren arteko lotura esplikatzeko balio dutenak. Bihotz-biriken gaitasuna txikia izateak berekin dakar aldaketa morfologikoak izatea garunean; besteak beste, lesioak izaten dira substantzia zurian, eta garunaren atrofia substantzia grisaren zenbait aldetan. Horren ondorioz, funtzio kognitiboak txarrera egiten du zahartu ahala. Aitzitik, bihotz-biriken gaitasuna hobetzeak onerako alda lezake funtzio kognitiboa, garuneko odol fluxua doituz.
Ariketa fisikoak buruko osasunean dituen ondorio onuragarriak ikusi dira haurren adimenean ere. Hainbat ebidentziak erakusten duenez, gehikuntza izaten du substantzia grisaren bolumenak haurtzaroan, eta horrek mielinizazioa eta konektibitate neurala handitzea dakar; horrenbestez, hobetu egiten dira prozesamendu abiadura, oroimena eta garun kontrola. Ariketa fisikoaren eraginpean daude faktore asko, garapen neuralari eragiten diotenak: haurren garapenean neuronen biziraupena, hazkundea eta ezberdintzea doitzen duten neurotrofinen ekoizpena handitzea; mielinizazioarekin batera gertatzen den sinaptogenesia (neuronen arteko sinapsiak sortzea); eta glukosaren eta oxigenoaren garraioari eragiten dion angiogenesia (odol hodi berriak sortzea).

Azken batean, eskuragarri dauden datuek adierazten dute ariketa fisikoak modu eraginkorrean hobetzen duela osasun kognitiboa, giza bizitzaren aldi osoan. Neuroirudizko datuek diotenez, bihotz-biriken gaitasunak, zahartu ahala galdutako garun ehuna berrezartzen laguntzeaz gainera, garuneko eremu espezifikoen —oroimenaren kontrolari eta kognizioari lotutako eremuen— egiturazko osasuna hobetzen du. Beraz, zenbat eta fisikoki aktiboago gabiltzan, gaitasun handiagoa izango dugu jasotako informazioa prozesatzera baliabideak bizkor esleitzeko.

Sara Maldonado-Martín
Gorputz eta Kirol Hezkuntzako Saila. Euskal Herriko Unibertsitatea.

Gai hau interesatzen zaizu? Zatoz Moverse es lo más inteligente hitzaldi-solasaldira. Irailaren 28an izango da, 18:30ean, Estadio Aretoan. Hizlari izango ditugu Sara Maldonado, Zuriñe Carreño eta Alfredo Lopez de Sosoaga.