Estadio online | ES | EUS
Menu

Aaron Mulvey

Aaron Mulvey
«Esaten da igeriketa banakako kirola dela, baina nire kideak gabe ni orain ez nintzateke igerian arituko»

Judizmendi igeriketa klubeko igerilari gaztea (Gasteiz, 1999), Urkide ikastetxean batxilergoa bukatuta, unibertsitatera sartzeko probetan murgilduta dago. 2016ko uztailean brontzezko domina lortu zuen Espainiako junior txapelketan, eta Arabako hainbat errekor ditu; horietako batzuk, gainera, berriz egin ditu.


Nondik datorkizu igeriketarako zaletasuna?

Bitxia bada ere, nik txikitan nahiago nuen futbola, baina gure aitak, igerilaria izan baitzen, igeriketarako eman zuen nire izena. Hasieran ez zitzaidan gustatzen, ez nuen Pinguinoetara entrenatzera joan nahi, harik eta egun batean, ia pentsatu ere egin gabe, konturatu nintzen arte kirol hau gozatzen hasia nintzela, hobekuntza pertsonaltzat ikusten hasia nintzela. Gogoan dut nola agindu ziguten 100 metroko serieak egiteko, erritmo bizian. Hain bizkor egin nuen, leher eginda iritsi nintzen, baina era berean hain pozik neure buruaz, geroztik ez naiz igerilekutik atera.

Zer esan nahi du familian lehendik igerilari bat izateak?

Dudarik gabe, laguntza handia izan da, bai eta, jakina, nire entrenatzaileak (Marta, Garazi, Oscar, Koldo), kluba edo Estadio bera (Estadiok aukera eman baitit, besteak beste, goizeko 6etan entrenatzera etortzeko). Gure aitak igeriketaz jakitea oso ondo etorri zait; lehiaketetan, adibidez, bideoan grabatzen naute, eta gero elkarrekin ikusten ditugu egin ditudan akatsak, zuzentzen saiatzeko.

Igeriketak entrenamendu zorrotza eskatzen du. Nola bateratzen duzu ikasketekin?

Egia da kirol honek entrenamendu ordu asko eskatzen duela. Nik, adibidez, goizez eta arratsaldez entrenatzen dut. Ordu asko dira, baina uste dut denerako denbora dagoela. Oro har, gure ohiko ikastorduetatik kanpo entrenatzen dugu. Ni, behintzat, goizeko 6etan ez nintzateke ikasten arituko. Kontua da norbere ordutegia antolatzen jakitea.

Zure ustez, zer gaitasun behar dira igerilari ona izateko?

Kirol guztietan, indar mentalak du eragin handiena. Gai horretaz eztabaida daiteke; baina, nahiz eta uste osoa dudan beharrezkoa dela fisiologia ona edukitzea, eta igeriketan flotagarritasun ona ere bai, niretzat buruak bere barnean hartzen ditu beste gauza asko, hala nola sufrimendua, lehiatzeko gaitasuna, nork bere buruari exigitzea, lehiaketan nerbioei eustea...

Etorkizunera begira, zer kirol erronka dituzu pentsatuta?

Nagusia da igeri egiten jarraitzea, markak hobetzen segitzea, eta, datorren ikasturtetik aurrera, hori guztia unibertsitatearekin bateratzea. Hala ere, nor baino nor aritzearen oso zalea naiz, eta ondoan maila handiko aurkariak izatea oso ondo datorkit egunez egun hobetzeko, benetako lehiaketa neure buruaren aurka da.

Zer eman dizu igeriketak?

Dudarik gabe, nire ondoan egon diren eta dauden pertsonak. Entrenatzaileak eta kideak (Mikel Mugarza, Jaran Padilla, Aitor Barredo, Ander Jiménez, besteak beste) oso garrantzitsuak dira. Esaten da igeriketa banakako kirola dela, baina nire kideak gabe ni gaur egun ez nintzateke igerian arituko. Haiek babesten zaituzte eguneroko bizitzan, eta haiekin bat egiten duzu. Erreleboetan islatzen da gehien talde lan hori. Kalkuluak egiten dira guztien markekin, eta batzuetan kalkulu zehatzak dira eta beste batzuetan ez hainbeste; baina talde horrek eramaten zaitu lehiatzera eta jarraitzera, une onetan eta txarretan.

Zein izan dira zure unerik hoberenak?

Bereziki gogoan dut A final batean sartu nintzen lehenengo aldia: Manresan izan zen, duela lau urte, eta Espainiako bosgarren bukatu nuen. Aipatuko nituzke, baita ere, Euskal Herriko bi kopak, nire marka guztiak asko jaistea lortu bainuen; eta Espainiako bi txapelketa: iaz Kanarietan jokatutakoa, hirugarren bukatu bainuen, eta Sabadellgoa, nahiz eta hain ondo ez bukatu oso denbora egin bainuen, nituen marketarako.

Kirol hau gomendatuko zenieke gazteagoei?

Jakina, baina nik gomendatuko nieke kirola egiteko oro har, edozein kirol. Garrantzitsuena da gustatzen zaizun kirola bilatzea, eta kirol hori gozatzea.

Zure iritzira, igeriketak zer maila du Araban?

Gaur egun, uste dut urtez urte hobetuz doala. Egia da beste garai batzuetan Araban oso maila altua zegoela, eta, nik dakidala, oraintxe ez dagoela garairik onenean. Hala ere, baikor ikusten dut etorkizuna. Harrobian badago, igerilari askorekin, eta oso onak eta oso gazteak dira. Federatuen mailara jauzi egin beharko dute, baina onak eta gazteak izatea abantaila bikoitza da. Aurten, esaterako, Arabako neska eta mutil askok parte hartuko dugu txapelketetan.

Maiz etortzen zara Estadiora. Zer instalazio erabiltzen dituzu gehien?

Igerilekua, jakina, nire bigarren etxea bezalakoa da; han entrenatzen aritzen naiz ia egunero, egunean bitan, eta entrenamendu denboraren zati bat gimnasioan ere ematen dut. Udan, gainera, astialdian ongi pasatzen dut tranpolinetan, igerilekua beste ikuspuntu batetik gozatzen dut.



Profila

- Gasteizko toki bat: Estadioko igerilekua, karkarkar.
- Hondartza edo mendia: Goi mendia.
- Liburu bat: Skulduggery Pleasant, Derek Landy idazlearena.
- Film bat: Fight Club, David Fincher zuzendariarena, edo Pulp Fiction, Quentin Tarantinorena.
- Miresten duzun kirolaria: Michael Phelps.
- Ikusi nahi izaten duzun kirol bat: Igeriketa edo eusko pilota.
- Zure bertute handiena: Neure burua hobetzea gustatzen zait.