Estadio online | ES | EUS
Menu

José Manuel Sánchez

José Manuel Sánchez
Kirol profesionalaren zenbat diru iristen da haren oinarrietara?

Kirolaren antolaketa ereduak Europan, eta bereziki Espainian, piramide forma du. Piramide horren oinarrian, amateur mailetako klubak daude; eta tontorrean, kirol profesionala. Lehiaketetan izaten diren igoera eta jaitsiera sistemek mailen arteko lotura bat badagoela erakusten dute. Kirolaren antolaketa azpiegiturari alde horretatik begiratuta, errazago ulertuko dugu ereduaren sostengagarritasuna, azken buruan, oinarriaren sendotasunean datzala.

Sendotasun hori higatu egin du azkenaldiko krisi ekonomikoak. Izan ere, krisi honek nabarmen eragin die oinarriko kirolaren sostengua eman ohi zuten finantzaketa iturriei (oinarriko kirolariak eurak, diru laguntza publikoak, babesle edo dohaintza pribatuak). Diru iturri horiek urritu direnez, oinarriko kirolaren bideragarritasuna neurri handiagoan izango da baliabide ekonomikoak sortzen dituzten arloetatik zuzenean edo zeharka jasotzen duen finantza laguntzaren mende. Hau da, finantzen ikuspegitik, kirol profesionalak ezin dio bizkarra eman oinarriko kirolari; horregatik, elkartasun bertikaleko mekanismoak ezarri behar dira (kirol beraren mailen artean), eta elkartasun horizontalekoak ere (kirolen artean), ereduaren sostengagarritasunaren alde.

Nahiz eta ez den erraza esatea zehazki zenbat diru doan kirol profesionaletik haren oinarrietara, zehaztu daiteke zein diren diru horiek bideratzeko erabiltzen diren mekanismo nagusiak. Mekanismo horietatik ia guztiak daude futbol profesionalari lotuta. Alde horretatik, aipatzekoa da telebista emankizunen eskubideen rola. Futbol profesionaleko lehiaketen ikus-entzunezko edukien ustiapen eskubideen merkaturatzea arautzen duen errege dekretua onartu zen. Dekretu horren bidez, eskubide horien salmenta zentralizatua ezarri da, eta elkartasun elementuak dakartzaten banaketa irizpideak ezarri dira. Zehazki, aipagarria da Futboleko Espainiako Errege Federazioak diru horren % 1 jasotzen duela, amateur futbolerako ekarpen solidariotzat. Gainera, Errege Kopari eta Superkopari dagozkien ikus-entzunezko eskubideen merkaturatzearen % 10 bideratzen dira amateur futbola sustatzera eta lehiaketan parte hartzen duten kategoria ez-profesionaleko taldeetara (eskubide horien titularra Futboleko Espainiako Errege Federazioa da).

Beste alde batetik, fitxaketa merkatuan egindako eragiketak erabiltzen dira oinarritzat, formakuntzagatik eta elkartasunez ematen diren ordainetarako. FIFAren Arautegiko 21. artikuluan ezarrita dagoenez, jokalari profesional bat transferitzen badute haren kontratua indarrean den aldian, klub erosleak transferentziaren kalte ordainaren % 5 banatuko du jokalari horrek 12-23 urte bitarte zituenean jokatu zuen klub guztien artean, aurrez finkatuta dauden irizpide batzuk aplikatuta.

Aurreko finantzabide horiez gainera, kinielei lotutako joko jardueren gaineko zergarekin bildutako diruaren zati bat (% 4,55) Futboleko Espainiako Errege Federazioari dagokio, eta kategoria ez-profesionaletan inbertitzeko izan beharko litzateke. Beste alde batetik, Futbol Profesionaleko Ligaren eta Futboleko Espainiako Errege Federazioaren artean indarrean dagoen hitzarmenean ezarrita dago Futbol Profesionaleko Ligak ekarpen bat egin behar diola oinarriko futbolari.

Diagnostiko gisa, badirudi dudaezina dela gaur egun kirol profesionaletik haren oinarrietara transferitzen den dirua ez dela aski, eta, gainera, diru hori bideratzeko prozesuei gardentasuna falta zaiela. Diru ekarpen horien gutxiegitasuna arintzeko neurri posibletzat, arrazoizkoa dirudi kirol profesionalari lotutako diru iturriei aplikatzen zaizkien ehunekoak handitzea, kirolen arteko elkartasun horizontaleko mekanismoak indartzea, eta kirol ekitaldi handiak amateur kirolaren onerako modu sistematikoagoan ustiatzea. Dena dela, horrekin guztiarekin batera, gardentasuna hobetu beharko litzateke, eta iruzurrak ekiditeko eta dirua laguntzen hartzaileengana iristea bermatzeko ikuskatze eta kontrol mekanismoak ezarri beharko lirateke.

José Manuel Sánchez
A Coruñako Unibertsitatea