Estadio online | ES | EUS
Menu

Iker Larrañaga

Iker Larrañaga
«Espainiako txapeldun titulua berritu nahiko nuke, eta munduko txapelketan 10 onenen artean izateko lehiatu»

Iker Larrañagak (1996) ESTADIOren deiari erantzun dio Qatar eta Indonesia artean. Izan ere, herrialde horietan jokatu ditu lasterketak otsailaren bukaeratik martxoaren hasierara bitartean. MXCP 2017 Munduko Txapelketa abiatu berria da, eta Gasteizko kirolaria MX2 kategorian lehiatzen arituko da datozen hilabeteotan. Munduko txapelketan ari den bigarren denboraldi honetan, lehiakorragoa izan nahi du, Husqvarna 8Biano taldearekin; berriz irabazi nahi du 2015ean eskuratu zuen Espainiako txapelketa; eta munduko txapelketako hamar hoberenen artean izan nahi du.

Noiz eta zergatik hasi zinen motokros egiten?

6 urte besterik ez nuen. Motoek sekulako atentzioa ematen zidaten. Mendiolan lasterketa batean ni bezalako haurrak ikusi nituen lehiatzen, eta kirol hori probatzeko gogoa piztu zitzaidan. 2015ean, KTM marka ospetsuarekin nire lehenengo kontratu profesionala sinatu nuen, Espainiako txapeldun izatea lortu nuen, eta Europako txapelketan jardun ona egitea ere lortu nuen. Orduan, konturatu nintzen profesional gisa aritu nintekeela kirol honetan.

Nora eraman dute zure karrera zure familiakoek?

Hasi nintzenean, oso bestelakoa zen guztia; denbora-pasa bat zen nire gurasoentzat eta nire arrebarentzat. Asteburu gehienetan, Espainian zehar ibiltzen ginen autokarabana batean, nik entrenatu edo lehiatu ahal izateko. Gero, dena profesionalizatuz joan zen. Atzerrian lehiatzen hasi nintzen, eta nire entrenatzailearekin bidaiatzen nuen. Nire familiak beti etxetik jarraitzen ditu munduko txapelketako karrerak, nahiz eta pantailaren bidez ikustea erraza ez den. Pixkanaka, lotura deseginez joan dira; orain, taldeak egiten du haien eginkizuna, baina beti laguntzen didate ahal duten guztia.

Zer bilakaera izan duzu urte hauetan, zirkuituen barruan eta kanpoan?

Heldutasuna izan da gehien aldatu naizen alderdietako bat. Pistan orain badut lasaitasun hori, umea nintzenean bezala presaka ibili beharra kendu didana. Eta pistatik kanpora, indartsuago egin nau bidaiatu izanak, beste herrialde batzuetan jende berriz inguratuta bizi izanak, eta kirol honetatik bizi ahal izateko egin behar dudan ahalegin guztia ikusi izanak.

2017ko munduko txapelketa taldez aldatuta jokatuko duzu, Husqvarna 8Biano taldeak fitxatu baitzaitu. Zer ekarri dizu fitxaketa horrek? Zer ikuspegi ireki dizkizu?

Oso urrats garrantzitsua izan da. Ia punta-puntakoa den talde bat da, eta txapelketako lasterketa guztietan aritzeko aukera eman dit. Aurrekontu handiagoa du, eta gehiago inbertitzen du, nik moto lehiakorragoa eta lehen mailakoa izateko. Orain, nire kideekin berdintasunean lehiatu naiteke, eta txapelketako azken sailkapenean emaitza hobea lortzeko aukera dut. Egunez egunekoan, aurten Italian bizi izango naiz, Milandik hurbil. Herrialde hori atseginagoa dut, kulturagatik eta klimagatik, Belgika baino; Belgikan bizi izan nintzen aurreko denboraldian.

Non egin duzu denboraldiaurrea? Nola prestatzen dituzu lasterketak?

Sardinian egin dugu denboraldiaurrea, eta zeregin nagusia izan dugu motoa nire gustura jartzea, etekinik handiena atera ahal izateko. Lasterketetarako, saiatzen naiz beti gorputzez indartsu iristen, burua libre eta lasai izaten, inspirazio une horiek bilatzeko.

Urtea luzea da, oso. Lasterketa eta bidaia asko daude. Nola prestatzen zarete beti % 100ean aritu ahal izateko?

Denboraldia inoiz baino luzeagoa izango da: munduko txapelketako 19 lasterketa, hainbat herrialdetan, eta Espainiako txapelketako beste 7 lasterketa. Gakoetako bat izango da lasterketen arteko atsedena, lehenengo hilabeteetan den-dena ez ematea, eta motibazioari eta lanaren progresioari eustea urte osoan.

Helburu zehatzen bat baduzu buruan?

Espero dut aurreko urteko emaitzak gainditzea. Aurreko urtean, nire lasterketa hoberenean seigarren bukatu nuen, munduko txapelketan, Herbehereetan. Progresio lineal bati eutsi nahiko nioke, gorabehera askorik gabe. Zehazki, Espainiako txapeldun titulua berritu nahiko nuke, eta munduko txapelketan 10 onenen artean izateko lehiatu.

Kirol honetan, zer merezimendu dituzte motoak, taldeak eta pilotuak?

Ehunekoetara ekarrita, esango nuke % 70 dela pilotuarena, % 15 motoarena, eta % 15 taldearena.

Zein dira zure zirkuitu gogokoenak?

Lur gogorrekoak eta jauzi ugarikoak: Italiakoak eta Frantziakoak.

Nola daramazu etxetik kanpo hainbeste denbora pasatzea?

Gustatzen zait nire bizibidea ateratzea eta pixka bat independentea izatea. Emaitzak lortzen direnean, dena da errazagoa. Gauzak nahi dudan bezala ez doazenean, berriz, familiakoak eta adiskideak hurbilago izatearen falta sentitzen dut, pixka bat deskonektatu ahal izateko.

Estadiora etortzen zarenean, zer instalaziotan aritzen zara gehien?

Jeneralean igerileku estalian; eta, batxilergoa ikasten ari nintzenean, ikasketa gela nire bigarren etxea zen.

Profila:

Gasteizko bazter bat: Olarizu mendia.
Film bat: Cinderella man, Ron Howard zuzendariarena.
Liburu bat: Rey del mundo: Muhammad Ali y el nacimiento de un héroe americano, David Remnick idazlearena.
Zure musika: Macklemore.
Mania bat, kirolean: Ekipamendua beti ordena berean janztea.
Beste kirol bat, egiteko: Mendiko bizikleta, igeriketa.
Oporleku bat: Landak (Frantzia).