Estadio online | ES | EUS
Menu

Iker Irastorza eta Gorka Mtz. Hidalga

Iker Irastorza eta Gorka Mtz. Hidalga

Hasteko, galdera erraza egingo dizugu: zeure burua pertsona aktibotzat daukazu? Hala ere, horri erantzutea ez da hain erraza. Beraz, zuri laguntzearren, aktiboa izatea zer den azalduko dugu lehenik.
OMEk (Osasunaren Mundu Erakundeak) dio pertsona heldu aktiboa dela gutxienez 10' minutuko blokeetan astean bost aldiz jarduera fisiko neurritsua egiten duena; astean 75 minutuz jarduera indartsua egiten duena; edo bien arteko konbinazio bat egiten duena. Edota, egungo gailu eramangarrien aitzindari den Manpo-kei podometro digitalak erakusten duenez, egunean 10.000 pauso baino gehiago ematen dituena da aktiboa.

Eta, orain, erantzun diezaiokezu galderari? Bizimodu aktiboa duzula uste duzu?
Esan dezakegu bizimodu modernoak 5 ‘gehiegikeria’ dituela ezaugarri (tabakoa, alkohola, estresa, jana eta drogak/botikak) eta ‘gutxiegikeria’ bat (jarduera fisikoa). Jarduera fisikorik eza osasun arazo larria da, eta Espainiako biztanleen % 60ri eragiten die. Obesitatearen gehikuntzari, kolesterol maila altuari, hipertentsioari... lotutako gaixotasun kardiobaskularren arrisku faktore nagusia da. Beraz, mugitu behar dugu, eta aktibo izan.

Baina... teknologiak lagun gaitzake aipatutako gutxieneko helburuak lortzen eta luzarora mantentzen?
Berez, teknologia gure bizitza errazteko asmatuu zen (lanak mekanizatzea, eskailera mekanikoak, igogailuak, garraiobideak, online erosketa...); eta, ikusten dugunez, era berean egunez eguneko bizitzan jarduera gutxiago egitera garamatza.
Ikusita jarduera fisikorik eza eta sedentarismoa arazotsuak direla osasunerako, gaur egun barra-barra ditugu teknologia digitalak, gu aktiboago izateko helburuz garatuak. Hona hemen horietako batzuk:

– Kontsola aktiboak: teknologia oro har aipatu dugunean ikusi dugunez, kontsolek,. berez, gure joko estiloa aldatu dute, gure bizimodua sedentarioago egin dute. Gero etorri ziren kontsola interaktiboak, jokoan mugiarazten gaituztenak (Wii, Xbox Kinect), eta horietako batzuk estalpeko kirolerako tresna interaktibo bihurtu dira (Bkool, altxatzen den txirrindulari arrabola, etxeko eski simulagailuak, eskalada murru mugikorrak...).
– Mugikorreko aplikazioak: aplikazio ugari daude, gure jarduera fisikoa erregistratzen dutenak eta gure telefono adimentsuan nola entrenatu eta nola hobetu erakusten digutenak. Egin duguna erakutsi diezaiekegu adiskideei; horrela, banaka egindako jarduera bat gizarte jarduera bihurtzen dugu. Oraintsu bizi izan dugu Pokemon Go jokoaren goraldi ikaragarria. Joko horretan aritzen zirenek egunean 1.473 pauso gehiago ematen zituztela erregistratu zen (Stanfordeko Unibertsitateak egindako ikerlanean). Aldaketa onuragarri horrek, ordea, ez du luzaroan iraun.
Wearables direlakoak: eskumuturrean edo jantzietan daramagu teknologia, gure jarduera monitorizatzen duena, eta jarduera horren kantitate eta kalitateari buruzko informazioa ematen diguna. Beti doaz aplikazio bati lotuta, eta oso baliagarriak izan daitezke entrenatzaileentzat, medikuentzat... Izan ere, wearable horien bitartez, erabiltzaileak urrutitik kontrola ditzakete, eta hobetzeko jarraibideak eman.

Bukatzeko, aktibo izatea zer den jakinda eta aktibo izaten lagunduko digun teknologia ikusita, ondorio batzuk atera ditzakegu: teknologia hori luzarorako dugu gure artean, oso bilakaera bizkorra du, eta egunez egun berritasunen bat agertzen da merkatuan; teknologia hori oso interesgarria da gure sasoi puntua monitorizatu eta ezagutzeko, eta zenbat jarduera fisiko egin beharko dugun jakiteko (hori oso motibatzailea da, baina epe laburrera); eta epe luzera motibatzailea izan dadin eta mugitzeko ohitura har dezagun (hori baita egiaz garrantzizkoena), uste dugu funtsezkoa dela entrenatzailearen, teknikariaren... lana, hau da, jakintzak dituen, esperientzia duen, motibatuko gaituen eta segimendua egingo digun pertsona baten lana, jarduera osasungarria egiten dugula ziurtatzeko.

Egileak: Iker Irastorza eta Gorka Martinez Hidalga, Athlon Kooperatiba Elkartea