Estadio online | ES | EUS
Menu

María Ascasso

María Ascasso
Eskrimalaria

Publikoarentzat oro har eskrima ezezaguna den arren, ohoretzat du lehen joko olinpiko modernoetan —1896. urtean Atenasen— jokatu ziren bederatzi kiroletako bat izatea. Pierre de Coubertin baroia, joko haien sustatzailea, eskrimalaria zen, eta florete zein sable lehiaketak sartu zituen. Handik 120 urtera, eskrima garrantzia hartzen hasi da Araban. Gasteiz Eskrima Klubean (CEGA) bertan —hirian dugun klubetako batean—, zenbat eta 80 bazkide baino gehiago daude, haurrak eta helduak barne. María Ascasso (Gasteiz, 1992), klubeko lehendakaria ez ezik, Arabako Superkopako txapelduna ere bada; titulu hori berak baino ez du lortu orain dela zazpi urte sortu zenetik.


Noiz hasi zinen eskrima egiten?

Duela hamar bat urte, 14 nituenean, telebistaz ikusi nuen, eta etxekoei esan nien probatu nahi nuela. Amak ikusi zuen udal ikastaroetan bazegoela, eta nire izena eman zuen. Hiruhileko baterako baizik ez zen; beraz, gustatzen ez bazitzaidan, erraz utziko nuen. Eta hor jarraitzen dut orduz geroztik.

Zertan datza? Zein dira oinarrizko arauak?

Zuk aurkaria ukitzean, aurkariak zu ukitu gabe. Hiru modalitate daude: ezpata, floretea eta sablea. Ezpatan eta floretean, puntarekin ukitu behar da; eta sablean, xafla osoarekin ukitu behar da. Gu hemen ezpatarekin aritzen gara. Ahalik eta bizkorren ukitu behar da, oinarrizko teknika batzuei jarraituz, zenbait asaltotan zehar.

Zer kategoria daude lehiaketan?

Eskrimalariok adinaren arabera banatutako lehiatzen gara. Alde batetik, eskola umeak daude: 15 urtetik beherakoak dira, eta adin tartearen arabera multzokatzen dira. Eta horiek baino zaharragoen artean, bada kategoria bat 20 urtez beherakoentzat, eta beste bat adin horretatik gorakoentzat.

Zer osagai ditu ekipamenduak?

Jakatxoa, galtzak, oihalezko barruko petoa, bularra babesteko plastiko zurrunezko beste barne peto bat (batez ere emakumeek erabilia), gizonezkoen kasuan barrabil babeskia, mediak, eskrimako oinetakoak, maskara (ikusi ahal izateko saretarekin), eskularrua (arma darabilen eskuan), ezpata, eta ezpata konektatzeko kableak. Gainera, pistak 14 metro luze dira, eta 1 – 2 metro zabal, eta zorua metalezkoa da.

Zein da kirol honetan hasteko adin hoberena?

Edozein. Izan ere, zure sasoi mailaren arabera, eskakizun batzuk edo besteak izango dituzu. Haurrak beti ilusio handiz hasten dira, ezpatak direla eta; baina helduekin ere hasi izan gara, eta oso pozik aritzen dira, ez dago arazorik adinarekin.

Zer da garrantzitsuena kirol honetan?

Kontzentrazioa ez galtzea, eta aurkariak egiten dizun joko motara egokitzen jakitea.

Handia da eskakizun fisikoa?

Zer mailatan aritzen zaren begiratu behar. Oso kirol osatua da, gorputz oso-osoa lantzen du. Beharrezkoak dira zangoetan indar handia izatea, erresistentzia fisikoa, abiadura, koordinazioa; alderdi guztiak lantzen ditu.

Zenbat entrenatzen duzu?

Salburuko gizarte etxeko aretoan entrenatzen dut, astean hiru egunez. Asko lantzen dugu alde fisikoa: berotu, bloke fisikoa, teknika eta taktika, zer egin, aurkariaren aurrean nola erantzun ikasi, eta asalto librea, lehiaketa balitz bezala. Eskuko eskolak ere egiten ditugu, entrenatzailearekin egindako eskola partikularrak, etengabe eskuekin ariketak egiten. Eta beste bi astegunetarako, entrenatzaileak ariketak agintzen dizkigu, etxean egin ditzagun. Asteburuetan lehiatzen gara.

Eskrima egiteaz gainera, haurrak entrenatzen dituzu...

Bai, eskolak ematen dizkiet 6 – 15 urteko haurrei. Bi talde ditut, bata 18 kidekoa, eta bestea 25ekoa, eta gainera beste bat zazpi heldu dituena.

Zenbat jende aritzen da Araban?

Gero eta gehiago. Orain, CEGA klubean soilik, 50etik gora haur eta 30 heldu ditugu; eta, gainera, gero eta gehiago dira eskrimalari federatuak eta eskola umeak. Ondo-ondo ezagutarazten saiatzen gara gizarte sareetan, eta erakustaldiak egin ohi ditugu ikastetxeetan, kirolguneetan, Araskiren partidetan eta Baskoniaren partidetan.

Zein da instalazioen maila?

Oso ona da. Salburuko eskrima areto berriarekin, jauzi handia egin dugu. Guztiz muntatu gabe dagoen arren, areto espezifikoa da, beirazko hormak ditu eta kanpotik ikusten da nola entrenatzen duen. Gure burua ezagutarazteko modua ere bada.

Zer balio eman dizkizu?

Diziplina eta aurkariarekiko errespetua. Bai eta kontzentrazioa mantentzeko trebetasuna ere. Hala ere, funtsezkoena da aurkariarekiko errespetua; izan ere, arma bat daukazu. Eskola ematen ari zarenean saiatzen zara haurrek barnera dezatela kontua ez dela aurkariari min egitea, baizik eta aurkaria ukitzea, pertsona bat dela errespetatuta; eta ez dela beharrezkoa aurkariaren gorputza zeharkatzea. Eta heziketa; beti agurtzen dugu aurkaria asalto bakoitzaren hasieran eta bukaeran, zaldunen kirola da.

Zeure burua ikusten duzu etorkizunean kirol honetatik bizi izaten?

Nahiko nuke entrenatzetik bizi izatea, baina oraintxe ezinezkoa da. Dagoen eskariak ez du horretarako adina ematen. Oso kirol ezezaguna da.
Profila:

Gasteizko bazter bat: Floridako parkea.
Film bat: 12 Angry Men, Sidney Lumet zuzendariarena
Liburu bat: A Thousand of Splendid Suns, Khaled Hosseini idazlearena
Mania bat, kirolean: Ilea ondo-ondo bilduta eramatea
Beste kirol bat, egiteko: futbola edo eskia
Oporleku bat: Castro Urdiales