Estadio online | ES | EUS
Menu

José Calabuig

José Calabuig
Zergatik erakartzen gaitu muturreko kirol probetan minaren langa gainditzeak?

Ariketa fisikoak edo kirolak, gaur egun, inoiz ez bezain onarpen zabala du, eta etorkizunean gero eta zabalagoa izateko itxura du. Azken urteotan egindako ikerketek sobera erakutsi dute ariketa erregularra egitea onuragarria dela, eta eragina duela osasunari lotutako hainbat alderditan, bereziki gaixotasun kardiobaskularrak prebenitzean, baina baita hainbat afekzio nozitzen dituztenentzako osagarri terapeutikotzat ere. Era berean, ondo jakina da ezen, aholkatutako ahaleginak onuragarriak izan daitezen, ariketa fisikoa gutxienez astean hiru egunetan egin behar dela, gutxienez 30 minutuko saioetan, eta intentsitate neurritsuarekin.
Orobat, erakutsi da intentsitate handiko ariketa ez dela txarra, berez (kirolari profesional eta amateur guztiek egiten dute), baina baldin kontrolpean eta mediku azterketekin egiten bada; izan ere, arazoak izan daitezke, jaiotzatikoak edo hartutakoak.
Beste alde batetik, ariketa fisikoa edo kirola 35 urtetik gora egiten denean, eta intentsitate eta maiztasun handiarekin edo oso handiarekin egiten denean, kalte egin diezaioke osasunari hainbat eratara eta hainbat neurritan, baita bat-bateko heriotza eragiteraino ere.
Azken urteotan, ez sufritzearen kultura bizi izaten ari gara; eskura erremedioak baldin baditugu, minari ez eutsi behar izatearen kultura. Baina bereizi egin behar ditugu bururako min ona eta min txarra; eta berdin sufrimendu ona eta sufrimendu txarra. Bigarrenak —txarrak— ez dakar onura materialik; hala ere, lehenak ordain batzuk emango dizkigu, batzuentzat oso garrantzitsuak diren ordainak: sasoian jartzea; osasun egoera ona izatea eta gaixotasun asko prebenitzea; gure gorputzaren zahartzea atzeratzea; besteei geure buruaren irudi ona ematea; norbere buruarekin seguruago sentitzea; autoestimua hobetzea; gure gorputzak eskatzen digun behar bat asetzea; geure borondatea indartzea; dietetan, elikagaietan, alkoholean, tabakoan... sakrifikatzea, sasoi onean izateko; sufrimendu gaitasuna indartzea; ontzat daukagun minaren aurrean gure erresistentzia hobetzea; gure estresa kudeatzea; lehiaketa batzuetan hobetuz doazen gure lorpenez gozatzea; oso ondo sentitzea, edo are plazera sentitzea, dema batzuek sortzen dizkiguten endorfina izeneko hormonei edo adrenalinari esker.
Egiaz, hau ez da txarra berez, baldin geure burua hobeto ezagutzen lagunduko diguten kontrol eta orientazio bat badago, eta horrela zer egin nahi dugun, zer egin ahal dugun eta zer egin behar dugun baldin badakigu. Intentsitate handiko ariketak (maratoiak, ironman probak, ultratrailak, igeriketako zeharkaldiak, basamortuko edo iparburuko lasterketak...), zenbaitetan, lesioen, istripuen eta kalteen eragile dira, batez ere bihotzari dagokionez. Halaxe frogatu da intentsitate handiko kirolarietan egin berri diren ikerlanetan; eta, orokor bihurtuta, esan ere egin da intentsitate handiko kirola txarra dela gorputzerako. Hori ez da beti horrela, baina kontrolik ez badago inoiz ez dugu jakingo ea afekzio horietakoren bat nozitu dezaketen gutxietako bat garen.
Horregatik, hau da mezua: egizu ariketa neurritsua erregulartasunez, zure gorputz osoak izango du onura, eta asko gozatuko duzu horretaz. Eta intentsitate handiko ariketa egin nahi baduzu, egin itzazu lehenengo azterketa batzuk, baieztatzeko ez duzula kontraindikaziorik edo, aitzitik, ariketa hori galarazten dizun kontraindikaziorik baduzula jakiteko eta nahigabeak saihesteko.

José Calabuig doktorea, kardiologoa
Nafarroako Unibertsitateko Klinika