Estadio online | ES | EUS
Menu

Bizkarraren mintegia: liberazio miofasziala

Bizkarraren mintegia: liberazio miofasziala
Zeure bizkarra ezagutzeko, zaintzeko eta ondo jardunarazteko, parte har ezazu bizkarraren mintegi honetan, martxoaren 9an (ostirala). Eskolako ikasle ez bazara ere, parte har dezakezu.

Liberazio miofasziala modan dago, eta faszia sakona hartzen duen edozein lanketa puri-purian dago, askotan (gehienetan ez bada...) handia bezain konplexua den ehun horren anatomia ulertu gabe: ehun konektiboaren anatomia, alegia.

Mintegi honetan proposatzen zaigu ikastea nola landu behar den faszia sistema. Bereziki nabarmenduko da liberazio miofaszialeko edozein lan aldendu egiten dela presiotik, konpresiotik, eta irristatzea, arrastatzea bilatzen duela; izan ere, ez da berdina, eta emaitzen bila baldin bagabiltza, zehaztasun eta zuzentasunez jardun behar dugu, eta zertan ari garen jakin behar dugu.

Beste alde batetik, faszia lana ez da mingarria, atsegingarria baizik. Beste behin ere, aurre egin behar diegu mitoei: oraingo honetan, zenbat eta min handiagoa egin eraginkorragoa dela pentsatzen dutenen ideiari. Ideia faltsuak dira, ezjakintasunetik datoz, subjektibotasunetik, ikasteko nagikeriatik, eta gure ehunen, gure gorputzaren benetako ezaugarri anatomiko, fisiologiko eta kimikoak onartzeari uko egitetik. Liberazio miofasziala ez da indar kontua.

Liberazio miofasziala kontzeptu globala da, organikoa, biziari dagokiona. Izan ere, dela eskala mikroskopikoan, dela makroskopikoan gertatutako edozein murriztek eragina izango du gorputz fluidoen dinamikan, fluido horiek eratzen dituzten organo eta zelulen perfusioan (gogoan izan dezagun giharra organo bat dela). Hartara, haien funtzioak aldarazten ditu: mugimendua, oxigenazioa, iragaztea, edo hondakinak kanporatzea.

Atxikidurez hitz egiten dugu, beti, kolageno zuntzen berrantolatzea aipatzeko. Berrantolatze hori gertatzen da lesioagatik, gutxiegi erabiltzeagatik, gehiegi erabiltzeagatik, zahartzeagatik. Hala ere, ikerlanak erakusten ari direnez, egokiagoa da horiek aipatzeko trinkotzeak terminoa erabiltzea. Izan ere, plano trinko eta lodien artean agertzen diren ehun konektibo areolarreko trinkotzeak dira; Stecco & Stecco izan ziren termino horren sortzaileak.

Kontuan izan behar dugu ehun konektiboaren bilbadura aldatu ahal izango dela osagai dituen zuntzen kantitateari eta motari dagokienez, haiekin batera doan substantzia amorfoaren dentsitateari dagokionez, edo are matrize biziaren bilbadura eratzen duten zuntzen orientazioari dagokionez (matrize hori kaotikoa da, baina antolakuntza perfektukoa, eta hor bizi dira eta mugitzen dira zelulak).

Konposizioko aldaketa horiek gorabehera (kontuan izan dezagun ezen, materia bizia denez, aldaketaren kontzeptua guztiz aintzat izatekoa dela, etengabekoa, panta rhei...), gorputza egitura biotensegrikoa dela, eta horrenbestez tentsio konstantea behar duela, murrizterik gabe barreiatuko eta alde batetik bestera mugituko dena (hortxe funtsezko rola jokatzen du liberazio miofaszialeko lanak), kanpoaldetik barrualdera eta barrualdetik kanpoaldera, makroskopikotik mikroskopikora, organismotik zelula bakoitzera. Informazioa sentitzen eta jasotzen da komunikazio sistemarik zaharren eta primitiboenaren bidez: tentsioa eta konpresioa. Binomio hori presente faszia sarean, giza gorputzean nonahi baitago.

Izen ematea hiru aste lehenagotik hasi eta mintegiaren aurreko asteazkeneraino egin daiteke, harrera lekura etorrita, 945131345 telefonora deituta edo Estadio webgunean.

Mintegi hauek Bizkarraren Eskola aretoan egiten dira, eta prezio hau dute: 10 € abonatuentzat, eta 12 € abonatu gabekoentzat.