Estadio online | ES | EUS
Menu

Alain Garalde

Alain Garalde
Haurtzarotik hasita aktiboki bizitzea

Gizakiak, jatorriz, animalia nomadak gara, baina urteak joan ahala mugimendu gutxiko bihurtu gara. Gorputza mugitzeko diseinatuta dugun arren, dagoeneko ez dugu mugitu beharrik bizirik irauteko. Hori al da onena gure garapenerako? Gorputza mugitzeko dago programatuta, eta mugitu behar du osasuntsu izateko.

Gizakiok animalia nomadak gara jatorriz. Urteen joanean, sedentario bihurtu gara. Mugitzeko diseinatutako gorputza dugu, baina dagoeneko ez dugu mugitu beharrik bizirik irauteko. Hori al da onena gure garapen pertsonal eta kolektiborako?

Gorputza mugitzeko programatuta dago, eta mugimendua behar du osasuntsu irauteko. Hala ere, heldu, gazte eta haur gehienek ez dute aski jarduera fisikorik egiten ez gaixotzeko. Eta hori horrela da mundu osoan. Ezin konta ahala ikerketa zientifikok erakusten dute jarduera fisikorik eza hazten ari dela planeta osoan. Jarduera fisikorik eza da gaixotasun kronikoak garatzearen kausetako bat, eta haren prebalentzia altuena da kausa aldagarrien artean.

Haurtzaroan, hezkuntza eta jarduera fisikoa funtsezkoak dira, dagoeneko Europako nerabeen artean ageri diren obesitatea edo beste nahasmendu mediko larri batzuk prebenitzeko ez ezik, batez ere garapen fisiko, psikiko eta sozialerako, eta geroagoko adinetan mugimenduaren ohituraren zale egiteko.

Duela ez urte asko, haurtzaroa jolasaren sinonimo zen. Aisialdia jolas garaia zen, jolasa zangoen, besoen, gorputz enborraren... mugimendua zen, abiadura jolas labur eta bizietan, iraupenezkoetan, trebetasunezkoetan edo indarrezkoetan. Mugimendu orokor eta osoa zen, jarraitua, egunerokoa edo ia egunerokoa.

Egun, teknologia berriek asko aldatu dute jolasteko modua. Haurrek, eskolan edo etxean luzaroan geldirik egon eta gero, askotan eserita jarraitzen dute, bere telefono adimentsuekin, ordenagailuekin, kontsolekin... jolasean. Helduen eredua imitatzen dute, eta jolas fisikoa, ia beti, zuzendutako jarduera edo entretenimenduzkoa izaten da.

Gure mintzagaia da gure osasunerako jarduera fisikoa, gure gorputzean hobeto izateko eta sentitzeko aldaketak eragingo dituena. Oraingoz, ez dago garbi zenbatekoa eta nolakoa izan behar duen hori lortzeko jarduera fisikoak; baina dudarik ez da erlazio lerromakur bat dagoela jarduera fisikoaren kopuruaren eta osasunaren hobekuntzaren artean: pertsona aktiboenek gaixotasun kronikoa nozitzeko arrisku txikiagoa dute, eta hobeto sentitzeko probabilitate handiagoa.

Haurtzaroan, jarduera fisiko erregularrak ondo garatzen ditu bihotz-biriketako, eskeletoko eta giharretako sistemak, kaloria oreka egokiari —eta, beraz, pisu osasuntsuari— eusten dio, eta, gainera, gaixotasun kardiobaskularren garapena prebenitzen du (adibidez, hipertentsioarena edo obesitatearena).

Baina, gainera, haurtzaroa gainditzerako, pertsonen arteko eta pertsona barruko adimena garatua izan behar dugu, eta horretarako bide hoberik ez dago jolasa baino, lagunekin mugituz, elkartuz eta harremanak izanez. Jolasak geure burua ezagutzen laguntzen digu, gizarteko banakotzat; besteekin jolastearen lehenengo emozioak sentitzen laguntzen digu: irabaztea, galtzea, arrakasta, porrota...; eta estrategiei, arrazoiei, erabakiei eta abarri buruzko gogoeta egiten hasten laguntzen digu. Emozioak lantzea guztiz beharrezkoa baita ikaskuntzarako eta garapenerako. Hartara, adin horretan jarduera fisikoaren maila apala izatea lotuta dago nahasmendu emozionalekin.

Oso garrantzitsua da neska-mutikoek helduen ereduak saihestea, eta aske mugitzea eta jolastea, helduen jarraibideen edo epaileen beharrik gabe. Mugimenduak eta jolasaren kudeaketak haurrenak izan behar dute, baita gatazken kudeaketak ere.

Arrisku fisikoren bat izatea da jolasean esku hartzea gomendagarri egiten duen arrazoi bakarra. Helduak jolas libre eta eredugabea planifikatu eta baliabidez hornitu behar du, haurrari bere garapen pertsonalean eta bere adimenak garatzen lagunduko diona (adimen espaziala, pertsona artekoa, pertsona barrukoa, logiko-matematikoa, hizkuntzakoa, musikakoa, naturalista eta gorputzekoa-kinestesikoa). Hala azaltzen du Howard Gardner estatubatuar psikologoak..

Horrenbestez, adin txikietan jarduera fisiko erregularra egiteak, osasunerako beharrezkoak diren egokitzapen fisikoak sortzeaz gainera, garapen pertsonalaren oinarriak izango diren autoezagutzazko gaitasun emozionalak eta adimenak garatzen ditu.

Erakundeak, profesionalak, familiak eta haurren garapenean esku hartzen duten guztiok behartuta gaude ingurune egokia eratzera, haurrek aske garatzeko eta jolasari eta norberari buruzko ohiturak eta ezaguerak hartzeko aukera izan dezaten.


Alain Garalde
Gorputz Heziketako lizentziaduna eta irakaslea