Estadio online | ES | EUS
Menu

Leire eta Nerea Beitia

Leire eta Nerea Beitia
Amerikar ametsa

Orain bukatzen ari den ikasturtea izan zen Estatu Batuetako bataioa Leire eta Nerea Beitiarentzat. Gasteizko bi ahizpa dira, Missouri Valley College ikastetxeak beka eman die unibertsitateko karrera ikas dezaten eta fubolean joka dezaten (hau da, soccer-ean joka dezaten, han izen horrekin baita ezaguna). Lehenengo ikasturtearen bukaeran, esperientziaren balantzea egin dute, eta beren iritziak azaldu dituzte.

Noiz hasi zineten futbolean jokatzen?

Nerea: Txiki-txikitatik aritu gara futbolean, beti aritu gara, harik eta 7 urte genituela neskak onartzen zituen klub bat aurkitu genuen arte. Nahiz eta nire amak gure izena eman zuen dauden kirol guztietan aritzeko, guk tematuta jarraitu genuen, eta berdin zigun jendeak esatea mutilentzako kirola zela.
Leire: Hainbat kirol probatu eta gero, futbola aukeratu genuen, horixe gusatzen baitzitzaigun benetan. Gure ama konturatu zen ez patinek, ez saskibaloiko baloiak, ez teniseko erraketak ez gintuztela hain zoriontsu egiten.

Zer sentitu zenuten, biak batera Estatu Batuetara joateko onartu zintuztetenean?

N: Ohartarazi ziguten oso zaila izango zela gu biak unibertsitate berean onartzea. Beraz, albistea jaso genuenean, ezin esplikatuzkoa da zer-nolako poza sentitu genuen. Bagenekien oso esperientzia gogorra izango zela, eta elkarrekin izateak askoz errazagoa egiten zuen.
L: Nik ezin izan nuen erreakzionatu, harik eta nire gelan egon arte, etxetik 8.000 kilometrora. Gauza asko etortzen zaizkizu burura: familia, zure taldea, zure adiskideak, hizkuntza, distantzia… baina uste dut amets bat betetzearen zoriontasuna dela sentipen hori definitzeko modurik hoberena. Batez ere, zure ahizpa bikiarekin joatea, elkar ulertzeko hitz egin beharrik ere behar ez dudan norbait.

Zer sentitzen da soccer-ean jokatzean, neskek agintzen duten herrialde batean?

N: Soccer-a, han, Espainian ez bezalakoa da erabat, baina ez soilik jokatzeko eran, batez ere giroarengatik. Espainian, zure gurasoak eta adiskideren bat joaten zaizkizu ikustera; hemen, unibertsitate osoa etortzen da, eta talde profesionalen partidetan giroa Espainiako lehen dibisioko partida baten oso antzekoa da.
L: Jendeak benetan baloratzen duen zerbaiten parte zarela sentizen duzu. Zelaira ateratzen zara, eta partida bakoitzaren aurretik himno nazionala entzuten da, eta, nahiz eta zure herrialdea ez den, badakizu une horretan haren alde ari zarela, eta ileak tente jartzen zaizkizu.

Nolakoa da zuen egunez egunekoa, Missourin?

N: Urtea bi seihileko oso ezberdinetan zatituta dago: fall (udazkena), abuztutik abendura, eta orduan dugu lehiaketa, eta spring (udaberria), urtarriletik, maiatzera, denboralditik kanpo. Fall garaian, goizez eskolak izaten genituen, arratsaldez bi orduz entrenatzen genuen, astegunetan partida bat edo bi izaten genituen, eta asteburuan beste bat, edo etxean edo kanpoan. Spring garaian, berriz, astero hiru edo lau egunez entrenatzen dugu, intentsitate txikiagoz, eta lagunarteko partida bat jokatzen dugu.
L: Unibertsitatea dela, entrenamenduak direla, partidak direla eta kafetegian lan egitea dela, ez duzu asti askorik izaten. Hala ere, unibertsitatea txikia da, familia bat bezalakoa da, eta jeneralean oso errutina polita da.

Zer moduz ari zarete bateratzen kirol jarduna unibertsitate ikasketekin?

N: Oso ondo. Izan ere, erraztasun asko jartzen dizkigute. Fall garaian, astialdi gutxiago izaten dugunez, zailtasun txikiagoko ikasgaiak aukeratzen ditugu; eta spring garaian, zailenak hartzen ditugu. Hala ere, irakasleek ulertzen dute jokatzen dugula eta zenbait eskoletara ez gatozela, eta azterketaren bat baldin badugu beste egun batean jartzen digute.
L: Urte sasoiaren gorabeheran doa, baina lehenengo urtean ez duzu eskola askorik izaten, egokitzapeneko urtea delako. Dena dela, erraztasun guztiak ematen dizkizute.

Zer moduz joan da denboraldia?

N: Zortea ez dut lagun izan, eta ligako lehen partidan lesionatu nintzen. Hain liga laburra denez, hain intentsitate handikoa izan arren, ez nuen jokatu.
L: Oso ona izan da, duela urte asko lortutako garaipenen marka ondu dugulako.

Uste duzue Espainian emakumeek egunen batean futbolean profesionalak izatea lortuko dutela?

N: Oraintxe oso zaila da, desberdinkeria izugarria da. Hala ere, egia da emakumezkoen futbola asko garatu dela. Orain, emakumezkoen ligetan lehia gaitezke, neskenak soilik diren taldeetan joka dezakegu. Duela 15 urte, pentsaezina zen.
L: Oraindik bide luzea dago egiteke. Eboluzionatzen ari gara, eta espero dut gudu hau irabaziko dugula, baina lan ikaragarria geratzen da.

Zer iritzi duzue desberdinkeria horretaz?

N: Bizi garen mundu matxistaren adibide garbia da. Estatu Batuetara joan ginen arrazoi askorengatik; ingelesa ikastea eta kanpoan estudiatzea izan ziren nagusiak. Beste bat izan zen, baina, futbolean jokatzeari ez geniola utzi nahi. Beraz, soil-soilik espero dut etorkizunean emakumeek hain urruti joan beharrik ez izatea, aukera bat izateko.
L: Bidegabea da, baina ondo baino hobeto definitzen du zer gizartetan bizi garen.

Estadiora etortzen zaretenean, zer instalaziotan aritzen zarete gehien?

N: Tranpolinetako igerilekuan izaten gara. Solariuma ere gustatzen zaigu, eta arratsaldea trenean igarotzea.
L: Duela urtebete, liburutegia, baina txikia nintzenetik tranpolinetako igerilekua, tenis jokalekua eta futbol zelaia izan dira gure tokiak.


PROFILA

Gasteizko bazter bat – N: Florida parkea / L: La Sureña, erdialdean
Film bat – N: Siete almas / L: Pearl Harbour
Liburu bat – N eta L: Martes con mi viejo profesor, Mitch Albom idazlearena
Mania bat, kirolean – N: Partida baino lehen zelaira ezker oinarekin sartzea, ezkerra naizelako / L: Partida bakoitzaren aurretik eta ondoren otoitz egitea
Beste kirol bat – N eta L: Eskia
Oporleku bat – N eta L: Marbella