Estadio online | ES | EUS
Menu

Santiago de Pablo

Santiago de Pablo
Kirola eta Gerra Zibila Euskadin, 80 urte geroago

Duela laurogei urte, 1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarrak gerra zibil ikaragarria piztu zuen, hiru urtez herria bi bando ezin adiskidetuzkotan banatu zuena. Euskadiko –eta Arabako– kirola ere tragedia hark bete-betean harrapatu zuen. Lehiaketa ofizialak eten ziren, bi bandoek ahalegin guztiak gerra irabaztera bideratu baitzituzten. Adibidez, Euskal Herriko Itzulia, uztailean abiatzekotan zena, bertan behera geratu zen. Donostiako Automobil Zirkuitua betiko desagertu zen, eta berdin Bilboko Excelsius kirol egunkaria: frankismoak itxi zuen, EAJri lotutako informazio enpresa baten jabetzakoa zelako. Kirol instalazio batzuek kalte handiak izan zituzten. Hala gertatu zitzaion, esaterako, Bilbao kirol klubaren igerilekuari edota bonbardaketak suntsitutako Gernikako pilotalekuari.
Pilotaleku batzuek beren jarduerari eutsi zioten, baina boxeo ekitaldi batzuk eta futbol partida bakanak baino ez ziren jokatu. Gerraren lehen urtean Euskadi zatitu zuen frontearen alde bietan, lehiaketa horiek dirua biltzeko eta gerrako propaganda egiteko balio zuten. Konparazio baterako, San Mamesen jokatu ziren, Errepublikaren esku zegoen garaian, Bizkaiko eta Gipuzkoako konbinatuen arteko zenbait partida; edota Euskadi hegazkinaren aldeko norgehiagoka, Eusko Alderdi Jeltzalearen eta Eusko Abertzale Ekintzaren artekoa. Azken horrek ia 20.000 ikusle bildu zituen, besteak beste Jose Antonio Agirre lehendakaria, Athleticeko jokalari ohia. Frankisten mendeko eremuan ere jokatu ziren pilota eta futbol partidak, Armadaren edo kanpainako ospitaleen alde. Kirolari batzuek frontera joan behar izan zuten, eta zenbaitek espetxea edo erbestea nozitu zuten, hala nola Mincho Espinosa bilbotar igerilariak.
Beste kirolari batzuk bete-betean propagandan aritu ziren, adibidez Paulino Uzkudun gipuzkoar boxeolaria, ordurako erretiratua: irabazleen alde jardun zuen. Hala ere, Euskal Herrian gerraren garaian izandako kirol ekimen nagusia Euzkadi futbol taldea sortzearena izan zen. Eusko Jaurlaritzak antolatu zuen, 1937an, atzerrian propaganda egitearren eta iheslariei laguntzeko dirua biltzearren. Gainera, futbol selekzio nazionalaren ernamuina sortu nahi zuten. Izan ere, taldearen koloreak (elastiko berdea, praka zuriak eta galtzerdi gorriak) Euskal Herriko selekzioarenak dira gaur egun ere. Euzkadi taldea, ia osorik Athleticeko jokalariek osatua, Europan eta Amerikan zehar bira bat egiten aritu zen. FIFAk, ordea, errebeldetzat jo zuen, eta frankistek berrantolatutako Espainiako Futbol Federazioa onartu zuen; federazio horrek Donostian zuen egoitza. Euzkadi taldeak «asilo politikoa» aurkitu zuen Mexikon, eta hango hiriburuko liga ofizialean parte hartu zuen, beste talde bat gehiago izango balitz bezala, 1938/1939 denboraldian. Txapeldunorde bukatu zuen. Azkenik, taldea desegin zen, eta jokalari askok Amerikako klubekin fitxatu zuten.
Gerrak aurrera egin ahala, bando frankista egoera normalizatzen saiatu zen, baina baita kontrolatzen ere. Hala erakusten du Toledoko alkazarraren defentsaren protagonista, Moscardó jenerala, geroago Espainiako Kiroletako ordezkari nazional izendatua izateak. Ezkerrari edo nazionalismoari lotutako klub txikiak desagertu ziren, hala nola Gasteizko Euzko Gaztedi Kiroltzalea. Beste batzuek, adibidez Real Sociedadek, beren jatorrizko izena berreskuratu zuten, Errepublikaren garaian debekatuta egon eta gero; izan ere, 1931az geroztik, klub horrek Donostia zuen izena. Kirolari askorentzat, gerraren geldialdia beren karreren bukaera izan zen. Hala gertatu zitzaion Ciriaco defentsa famatuari (Alaves taldean hezi eta gero, Real Madrilen aritua zen).
Normalizazio horren barruan, 1938an futboleko Brigadas de Navarra kopa jokatu zen, Auxilio Social eta Frentes y Hospitales erakundeen alde. Han parte hartu zuten Real Sociedadek, Alavesek, Osasunak, Tolosak, Real Unionek, Logroñok eta Oriamendik (Barakaldo); ez, ordea, Athleticek, erregimen berriak oraindik Euzkadi taldeari lotuegia ikusten baitzuen. Deportivo Alavesek irabazi zuen, eta trofeoa, nola ez, gobernadore militarraren eskutik jaso zuen. 1939/1940 denboraldian, lehiaketa gehienak berriz abiatu ziren, baina kirola ere frankisten garaipenaren ondotik etorritako diktadura luzearen pean izan zen.

Santiago de Pablo
UPV/EHU