Estadio online | ES | EUS
Menu

Franchek Drobnic

Franchek Drobnic
Ariketaren garrantzia, garapenean eta ikaskuntzan

Ariketa berezko du giza garapenak. Mugimendua behar dugu hazteko; eta, nolabait ere, mantenduko gaituen jarduera fisiko bat egiteko diseinatuta gaude. Gure gorputza giltzaduretatik batzen diren hezurren egitura arkitektonikotzat eratuta dago, eta giharrei esker mugitzen da, elikagaien bila, uraren bila, eta elkarrekin bizitzearren eta gizartekotzearren antzeko izakien bila, espeziea mantentzeko asmoz orobat. Horregatik, jarduera fisikoa beharrezkoa da, egoki hazteko.
Astronautak espaziotik itzultzen direnean, gihar ahulak eta hezur hauskorrak dituzte. Istripuagatik, lesioagatik edo gaixotasunagatik ohean egon behar duten edo gorputzaren zati bat atsedenean edo geldirik izan behar duten pertsonek, masa muskularra eta indarra ez ezik, nerbio gaitasunak eta kontrola ere galtzen dituzte. Ekintzak okerrago koordinatzen dituzte, mugatuagoak, zehaztasun gutxiagokoak dituzte, eta eragin hori handiagoa da zenbat eta gorputz eremu handiagoari eragin.
Haurrek, baina baita nerabeek, helduek eta 45 urtez gorakoek ere (adin horretan hasten baikara zahartzen), nahi eta nahi ez, ariketa egin behar dugu. Ariketak eta jolasak gorputz eta egitura garapena indartzen dute, baina halaber jatorriz prestatuta gauden mugimendua gobernatzen duen sistema garapena ere. Eta nerbio sistema zentral hori hazten, garatzen eta hobetzen den bezalaxe, hari lotutako guztia ere berdin: arreta, oroimena, erantzuteko bizkortasuna, ikusmena, norberaren eta ingurunearen espazio pertzepzioa, usaimena, dastamena... Azken batean, ariketarekin eta jolasarekin, eta geroago kirolarekin, hobetu egiten da izaki biziduntzat dugun balioa. Eta, lege naturalaren eta hautatutako kirolaren berezko balioak aprobetxatzen ditugun neurrian, pertsona hobeak izaten laguntzen diguten balioak geureganatzen ditugu.
Garrantzitsua den eta aurrez aipatutakotik datorren gaitasun garrantzitsuetako bat da ariketa jarraitua egiten duen eta horretan dibertitzen den pertsonak hobetu egiten duela bere garapena. Alderdi hori ondo ezaguna da kondizio fisikoari dagokionez. Ariketa egiten duenak itxura osasuntsuagoa du, eta lehen baino indartsuagoa, iraunkorragoa eta zaluagoa da. Eta halakoxea da beste arlo batzuetan ere. Adibidez, ikaskuntzan, haurtzaroan eta nerabezaroan; gero, helduaroan gutxixeago beharbada, baina berriz ere funtsezkoa da zahartzaroan. Kirola egiten duten eskola umeek etekin hobeak dituzte ikasketetan, arreta handiagoa dute, hobeto irakurtzen dute, eta nota hobeak lortzeaz gainera zoriontsuago sentitzen dira, autoestimu handiagoa dute, eta konfiantza handiagoa duten beren buruarengan. Bestalde, «kirolariek» obesitate txikiagoa dute, hobeto jaten dute, gutxiago gaixotzen dira eta arazo kardiobaskular gutxiago izaten dituzte zahartzean. Haurrentzat, 45 urtez gorakoentzat, baina batez ere 60 urtez gorakoentzat, ariketa fisiko jarraitua egitea, denboran egituratua eta, batez ere, dibertigarria edo jostagarria, tresna baliotsua da oroimenaren gutxitzea moteltzeko, baita zahartzeak berezko duen gaitasun neurokognitiboen galera moteltzeko ere.
Izan ere, ariketak indartu egiten du ingurunearekiko eta parte hartzen duten izakiekiko harreman egoki bat, neurona bukaerak sortzea sustatzen du, nerbio zelulen arteko kontaktuak sustatzen ditu, odol hodi berriak sustatzen ditu, eta helburuari dagokion jardunbide, mugimendu eta erlazio on bat sortzeko neurotransmisoreen presentzia handiagoa eta ongi modulatua dakar. Hau da, gure ordenagailuak ondo funtzionatzea dakar, harengandik espero den bezala funtzionatzea. Ideiak bizkorrago prozesatzen dira, handiagoak dira laneko memoria eta arreta; eta, azken batean, hobea da egoerei aurre egiteko baliabideen kudeaketa. Hala ere, jakina, ikastea ezinbestekoa da kalifikazio egokiak lortzeko. Azken buruan, sustatu beharrekoak ditugu jolasa eta kirola, dibertigarriak eta aktiboak, garapen egokia lortzeko, eta nota hobeak izan ditzaten. Orain dagoeneko ezin dugu esan: «Ikasgaiak gainditzen ez badituzu, ez duzu kirolik egingo!», baizik eta «Mesedez, ikas ezazu gehiago».

Franchek Drobnic doktorea, Sant Cugateko Errendimendu Handiko Zentroa