Estadio online | ES | EUS
Menu

Arrisku kardiobaskularra gutxitu

Arrisku kardiobaskularra gutxitu
Journal of the American Medical Association: Internal Medicine aldizkarian argitaratutako ikerlan batek aztertu du zer eragin duen sasoian izateak gaixotasun kardiobaskularren gainean, helduaro goiztiarrean.

Helduaro goiztiarrean sasoian izateak arrisku kardiobaskularra gutxitu lezake ondorengo bizialdian.

Lehenago egindako ikerketek erakutsi dute bihotz-biriketako sasoi onean izateak gaixotasun kardiobaskularren arrisku txikiagoa izatea dakarrela; hala ere, ez da hain argia helduaro goiztiarreko bihotz-biriketako sasoiaren eta geroztiko bizialdiko arrisku kardiobaskularraren arteko harremana. Journal of the American Medical Association: Internal Medicine aldizkarian argitaratutako ikerlan batek aztertu du zer eragin duen sasoian izateak gaixotasun kardiobaskularren gainean, helduaro goiztiarrean. Ikerketaren hasieran, 4.872 parte hartzaileri esfortzu proba bat egin zitzaien, lasterka egiteko zintaren gainean; eta, zazpi urte geroago, parte hartzaile haietatik 2.472ri bigarren proba bat egin zitzaien. Ikerlanak parte hartzaileen segimendua egin zuen, batez beste 26 urtez.

Ikerlanaren emaitzek erakutsi zutenez, esfortzu proban minutu bat gehiago irauteak % 15 gutxitzen du heriotza goiztiarraren arriskua, eta % 12 gutxitzen du gaixotasun kardiobaskularraren arriskua. Bai hasierako proba, bai zazpi urte geroagokoa egin zituzten parte hartzaileen artean, zintaren gainean minutu bat gutxiago irauteak heriotza arriskua % 21 handitzea ekarri zuen, eta gaixotasun kardiobaskularrak izateko aukerak % 20 handitzea.

Gimnasioek toki seguru eta erakargarria eskaintzen dute, adin guztietakoek ariketa egin dezaten.

Iturria: Shah RV, Murthy VL, Colangelo LA, Reis J, Venkatesh BA, Sharma R, Abbasi SA, Goff DC Jr, Carr JJ, Rana JS, Terry JG, Bouchard C, Sarzynski MA, Eisman A, Neilan T, Das S, Jerosch-Herold M, Lewis CE, Carnethon M, Lewis GD, Lima JA. «Association of Fitness in Young Adulthood With Survival and Cardiovascular Risk: The Coronary Artery Risk Development in Young Adults (CARDIA) Study». JAMA Internal Medicine. 2015eko azaroaren 30a: 1-9. doi: 10.1001/jamainternmed.2015.6309. (Argitaratu aurreko Epub fitxategia.)