Estadio online | ES | EUS
Menu

Mikel Izquierdo

Mikel Izquierdo
Adinaren aurkako ariketa

Badirudi gaur egun inork ez duela ariketa fisikoaren eragin osasungarriez zalantza egiten, hala prebentzioaren arloan nola tratamendu mediko askoren laguntzaile gisa. Ez eta bizi kalitatea eta buruko osasuna hobetzeko dakartzan onurak ere. Dena dela, praktika mailek baxuak izaten jarraitzen dute. Zer egin dezakegu kontuan izanik onenean ere biztanleen % 50 direla sedentarioak? Estatuko azken osasun inkestan bildutako emaitzek nabarmentzen dute beharrezkoa dela gure gizartean kirol jarduera sustatzea. Izan ere, 18 urtetik gorakoen artean, ehun pertsonatatik 17k obesitatea pairatzen dute; 37k, gehiegizko pisua dute. Eta 2 – 17 urte bitarteko haur eta nerabeen artean, 10 lagunetatik bik gehiegizko pisua dute; eta batek, obesitatea.

Osasun eta gizarte baliabideen kontsumorik handiena bizitzaren azken fasean egiten da. Adintsuek egiten dute Espainiako osasun sistema publikoko ospitale eskariaren % 40 baino gehiago, eta haientzako arretak dakartzan kostuak hazten ari dira etengabe. Garbi al dugu jarduera fisikoak osasun gastua murrizten duela? Pertsona sedentarioek, Estatu Batuetan, pertsona aktiboek baino 1.100 euro gehiago kostatzen dute batez beste, urtean. Kaliforniako estatuan soilik, inaktibotasunaren gastuak 29 mila milioi izan ziren 2005ean. Espainian, oraintsu argitaratutako ikerlan batek erakutsi du ariketa fisikoko programa batean parte hartu zuten pertsonek osasun zentroetara egindako bisitak nabarmen gutxitu zirela, fisikoki inaktiboak ziren pertsona talde batek egindako bisitekin alderatuta. Beste ikerlan batek adierazten du ezen, kirola sustatzen esklusiboki inbertitutako euro bakoitzeko, gutxi gorabehera 50 euro aurrezten direla, guztira, 15 urteren buruan. Ikerlan horietan, halaber, aurrezte handia nabari da osasun kostuan eta sedentarismoari lotutako gaixotasun berrien prebentzioan.

Arlo zientifikoan, geroz eta garbiago dago gaixotasun kardiobaskularretan ariketaren eraginak sendagaien antzekoak edo are handiagoak direla, eragin txarrik ia batere izan gabe. Ba al dakigu batzuetan jarduera fisikoa eraginkorragoa dela zenbait gaixotasunen tratamenduan eta heriotza arriskua murriztean, pilula soil bat hartzea baino? Sendagaiekin konparatuta, ariketak kostu txikia du, eta apenas duen eragin txarrik. Oraindik ere ulertzerik lortu ez duenarentzat, azken ikerlanek diote kirola egiten eta aktibo izaten inbertitutako minutu bakoitzak bizitzako 7 minutu gehiago ematen dituela; gutxi gorabehera sasoi onean izateak eta pisu egokiari eusteak gutxienez 7,2 urte gehiago bizitzea ekar dezakeela; astean sei egunetan ordu erdiz ariketa egiteak (berdin dio zein motatako eta zein intentsitateko ariketa den) edozein kausagatiko heriotzaren arriskua % 40 murrizten duela, hau da, erretzeari uzteak bezainbeste; eta giharren indarra handitzeko ariketa fisikoa egiteak 70 urtetik gorako pertsona baten gaitasun funtzionala 20 urte gutxiago dituen pertsona baten antzekoa izateraino hobetu dezakeela.

Eta zertan datza osasun onurak lortzearren jarduera fisikoa egitearen gai hori? Ez dira oso helburu zailak lortu behar: adibidez, egunero jarduera fisiko neurritsuaren 30 minutu egitea, egunero 150 kilokaloria erretzea, egunero 10.000 pauso ibiltzea, edo erresistentzia, malgutasuna, oreka eta indarra lantzeko ariketak biltzen dituen osagai anitzeko programa bat egitea. Hori da konbinaziorik eraginkorrenetako bat, erorikoen eragina eta arriskua txikiagotzeko, gaixotze tasa eta heriotza tasa murrizteko, eta narriadura funtzionala eta ezgaitasuna prebenitzeko. Horiek guztiak dira zahartzeari lotutako ahultasunak dakartzan kalte nagusiak.

Hala ere, zientziaren ebidentzia erabatekoa gorabehera, gizarteak oraindik ez dauka garbi jarduera fisikoak osasuna hobetzen duela. Zeren zain gaude, ariketa fisikoa botikatzat agintzeko? Noizko emango dute medikuek «kirolaren errezeta» osasun sistema osoan (Osakidetzak Bizkaiko Uribe eskualdean egiten duen bezala), adibidez gaixotasun kardiobaskularrak eta beste gaixotasun kroniko batzuk eta gaitasun funtzionalaren gainbehera prebenitu eta tratatzearren astan bi egunetan ariketa fisikoa egitea aginduz? Oraindik bide luzea dugu ibiltzeko… eta zentzu batean baino gehiagotan esaten dut.

Mikel Izquierdo, Nafarroako Unibertsitate Publikoa