Estadio online | ES | EUS
Menu

Kronika 3. jardunaldia: Bañueta kiroldegia (Amurrio)

Kronika 3. jardunaldia: Bañueta kiroldegia (Amurrio)

Aurten ere, Martxoaren hasieran heldu bezala, Ariznabarrako Kiroldegiko eskalada murrua Boulderraren festa zoragarri bat izan zen. Bigarren ekitaldi honetan jada klasikoa bihurtzen ari den proba bat da, bai bere formatuagatik (sailkapen librea 20 blokerekin) zein bere ezaugarriengatik (bloke mota ezberdinak, pertsona ezberdinentzat). Bere 40 metro luzeak blokez josi ziren eta berriro ere, Hegoaldeko Gizarte etxeko eskalada murrutik aldaketa burutu izana, zuzena baino, beharrezkoa zen erabakia justifikatua izan zen. Modu batean edo bestean parte izan ginen guztiontzat, pozgarria da horrenbeste gozamen eta parte hartze izan zuen eskaladaren festa ekitaldiaren parte izatea. Gezurra dirudi Boulder txapelketa batean elkar kidetza, gozamena, kolaborazioa edo kidetasuna bezalako balioak azpimarratzea beste edozeren gainetik, baina Boulder Liga ezer bada, hori da. Aukeraturiko ekipatzaile taldeak ere, bere ezagutza eta gaitasunak irudimen eta errealismoz josi zituzten, Sahiela Gonzalez, Julen Berrueko, Mikel Trigo, Mikel Madinabeitia, eta Ander Agirrek, estilo eta mota guztietako 20 bloke sortu baitzituzten. Bai, bai, 20!!! Eta hori, kategoria bakoitzari zegozkion finaletako 3ak kontatu gabe. A.R.T.-k (bi eskalada murruak kudeatzen dituen kooperatibak) eskainitako presa eta formei eskerrak, regletadunak, etzanak, saltodunak,… mugimendu mordo bat burutu ziren, baita bikoteka burutu beharreko bloke bat ere. Parte hartu zuten pertsona guztiek, beren maila eta gaitasunak probatu ahal izan zituzten nahi beste, eta pertsona guztientzako blokeak zeudela agerian utzi zuten. Formatu berriari esker, 65 parte hartzaileek gozatu ederra hartzeko parada izan zuten (31 emakume eta 34 gizonek). Iazko parte hartzaileen ezaugarriei dagokienez, beste pausu bat eman zen parte hartze berdintasunerantz, iaz 28 emakume eta 38 gizon izan eta gero. Era berean, izen ematera berandu heldu zirenez aparte, inguru guztietako parte hartzaileak izan ziren, eta Arabarrak gehiengoa izanda ere, Nafarroa, Bizkaia eta Gipuzkoakoez gain, Errioxatik ere etorri ziren, Boulder Ligaren erreferentzialtasuna agerian utziz.

Goizeko Sailkapen probari dagokionez, sailkapena buruturiko bloke eta saiakeretan oinarritzen zenez, parte hartzaile guztiek hiru ordu eta erdi izan zituzten ahal bezain beste bloke burutzeko. Denak elkar lagundu ziren puntu gehienak lortzeko, gazte eta heldu, neska eta mutil, aita eta alabak, den-denak elkar lagunduz. Dudarik gabe, eredu aldaketa honek eskalatzaile guztiak asebete zituen, indar guztiak gastatzeko aukera izan baitzuten eta bereziki ederra izan zen erronkaren aurrean denek kolaboratu izana. Guztietatik 32 izan ziren finalera pasa zirenak, eta puntuazioz pareko ibili baziren ere, bloke ugari eta ezberdinek halako sailkapena izatea ahalbidetu zuten. Esanguratsuak izan ziren, salto bidez heldu beharrezko forma borobilak izaniko saiakera ugariak, baita eskurik gabe lehen bi presak zapalduz burutu beharrezko blokea, eta zer esanik ez, bikoteka eskuak emanda egin behar zen blokea ere. 20 bloke eta ekipatzaile talde aproposak askorako ematen baidute.

Finalek mutilen 16 urtez azpiko kategoriarekin ekin zioten. Aurten, 8 mutil gazte ziren izen emanda zeudenak, eta nesketan 12 neska gazte izan ziren. Aldaketa badatorrela dirudi eta ez soilik kopuruari dagokionez, baita mailari dagokionean ere, mundu mailan neskek duten maila berdintasunerantz baitoa unetik unera, generotik haratago, norberaren gaitasunak baitira eskaladaren bidez agerian uzten direnak. Mutil gazteek espektakulo itzela eskaini ziguten, mugetan baino, aukeretan oinarritu baitzuten beraien eskalada. Azken sailkapenean Gipuzkoatik etorritako Adrian Isidron Martinez hirugarren izan zuen, potentzia eta abileziazko eskalada bat burutuz, bere gorputzean duen indarra sumatu zen. Bigarren Unax Uterga Nafarra sailkatu zen, goizeko sailkapeneko ordena errepikatuz. Eta iaz bigarren izan ostean atzetik aurrera etorriaz, Martzel Vicario Bizkaitarrak bukatu zuen lehen postuan. Hiruek zein gainontzeko parte hartzaileek, izan ditzaketen garapen aukera oparoak eskaini zizkiguten. Mila esker eta Zorionak hiruei!!!

Berriro ere, aurten 16 urtez azpiko kategoriak duen indar eta teknika bikaina azal erazi zuen, neska gehiagok hartu zuten parte gizonek baino. Sailkapenean jada aurrean ibil zitezkeen hainbat pertsona nabarmendu ziren, eta iazkoa baino maila hobea zutela erakutsi ziguten, hobetzen segitzen dute dudarik gabe. Horien artean hirugarrena izan zen Iune Lahidalga, eskalatzaile bikaina. Sailkapenean parekotasuna izan zen nabarmentzeko ezaugarria kategoria honetan eta bigarren postuan Lucia Arlanzon-ek bukatu zuren, eskalada ziur eta boteretsuaz, esperientzia irabazi ahala hobetzen jarraitzen duena. Eta eskalada arin eta zehatz baten bidez amaitu zuen lehen postuan Haizea Oses Saiz Arabarrak, zeinek finalean bere indar eta boterea agerian utzi zuen, atzetik aurrera salto bat emanaz. Urterik urte argi eta garbi azaltzen da emakumeen eskaladak bizi duen egoera bikaina, bai mundu mailan zein gure eskualdean, eta ziur datozen urteetan zer esana emango dutela, beraien barnean duten guztia erakusteko aukera eskaintzen bazaie behintzat.

Aurten ere, berdintasunik handiena mutilen kategoria herrikoian izan zen, parte hartzaile kopuru handiena izateaz gain. Pasa ziren sei finalisten artean soilik 13 puntuko tartea izan zen (152 puntu lehenak eta 139 seigarrenak), hortaz, arratsalderako emozioa ziurtatuta zegoen. Hirugarren postua goizean seigarren izan zen Joel Sanchez-Ruiz Gilentzat izan zen, Gasteiztarrak lehen blokeak erakutsitako oreka maila altuak eman zion hirugarren sailkatzeko aukera. Bigarren baina lehenengotik oso gertu primerako eskalatzaile batek bukatu zuen, Asier Cobo Pachecok. Ñabardura txikiek egin zuten lehen postura ez igotzea, baina eskalada, ezberdintasun txikietan oinarritzen da. Eta lehen postua bere teknika leun eta finaz, arintasunaz lagundurik, Santosh Aimar Santos-entzat izan zen, bere alaitasunak egun osoan zehar busti zuen Boulder Liga.

Kategoria herrikoiarekin jarraituaz, emakumeak ere oso indartsu egon ziren proba osoan zehar. Horietariko asko Gasteiztarrak, bertako udal eskalada murruetatik ateratzen jarraitzen duen harrobiaren seinale dudarik gabe. Sailkapenari dagokionean, hirugarren urtetik urtera hobetzen jarraitzen duen Irune Calvo Cuesta-rentzat izan zen. Bigarren postua, Oihana Zubikoa Paniaguarentzat izan zen, beste eskalatzaile handi bat, indar eta potentzia handikoa. Eta lehenengo Itziar Pomar Esteban izan zen, goizean hirugarren sailkatu ostean, finalean lehen posturaino igoaz. Bejondeiela denei!

Azken kategorian, elitean, gizonezkoak oso bloke ezberdinei egin zieten aurre eta bigarren bloke gogorrak denen abileziak agerian utzi zituen. Edonola ere, argi zegoen norbere abileziak zaindu eta ezagutzen zituenak lehen postua eramango zuela, Boulder Liga osoan bezala, indarra ez baitzen erronkak burutzeko gaitasun bakarra. Horrela, hirugarren Aratz Etxeberria Gonzalez eskalatzaile paregabeak bukatu zuen, bere jarrerak ez du parekorik, mila esker. Bigarren Iñaki Salaverria Erastorbe izan zen, hau ere Gipuzkoarra eta sailkapenean lehenengo amaitu zuena. Baina lehen postuan, Iosu Iranzo Mazquiaran-ek bukatu zuen, lehen blokeko topean salto itzela emanaz, bai blokean, eta baita sailkapenean ere.

Bukatzeko, emakumeen eliteko kategorian indar erakustaldi bikainak izan ziren, azken unera arte emozioa mantendu zelarik. Hirugarren Leire Ruiz de Argandoña Otano izan zen, barruan zituen indar guztiak erabili zituena. Bigarren berriz, eta iazko postu berean bukatu zuen Izaro Azkuek, ezaugarri paregabeak azalerazi zituena. Eta lehen postua, Aitziber Urrutiarentzat izan zen, beste inork baino Top eta Bonus gehiago lortzeak eraman zuen lehen postura. Zorionak!

Azken proba honen amaiera parte hartzaile guztientzako babesleen oparien zozketarekin gertatu zen, baita argazki familiarrarekin ere. Eskerrak eman behar dizkiegu parte hartzaile zein ikusleei beren jarrera ezin hobe eta elkar laguntzagatik, proba arrakastatsua bilakatu baitzuten. Eta gogoratu hurrengo proba datorren Martxoaren 17an, El Burgoko eskalada murruan izango dela, bloke paregabe, opari eta egun zoragarri bat gozatzeko aukerarekin. Jada parte hartu baduzue gogoratu kamiseta eramateaz eta ez ahaztu izen ematea aurreko ostiralean eguerdiko 12:00etan itxiko dela.

Animatu eta parte hartu, zuek zein ingurukoek!