Estadio online | ES | EUS
Menu

Kronika 1. jardunaldia: Estadioko boulderra

Kronika 1. jardunaldia: Estadioko boulderra

Urteak aurrera doaz, baina liga ospetsu honen lehenengo frogaren kokapena ez da aldatzen eta horrela izan da aurten ere. Estadio Fundazioko rokodromoan burutu da. Beste urte batez argi gelditu da eskalada gero eta jende gehiago erakartzen duela, horren seinale izan da lehenengo froga honetan 65 partehartzaileko mugara izen emateen epea amaitu aurretik iritsi zela. Adierazgarria da gero eta gazteagoak direla eskalatzaileak, hau da, batez besteko adina urtero baxuagoa dela kategoria guztietan, eskaladaren gaztetasunaren seinale.

Hasiera eman zaio, guztira lau froga izango dituen txapelketa honi giro ezin hobean!!

Aurten aurreko urteko formatu berdinak erabiliko dira, bai goizeko sailkapen saioan, bai arratsaldeko finaletan ere. Aurreko urteko aldaketekin jarraitzea erabaki da argi eta garbi gelditu baitzen goizeko formatu berriak askoz gehiago eskalatzeko aukera ematen duela eta partehartzaileek askoz gehiago gozatzen dutela. Guztira ekipatzaile talde bikainak proposaturiko zailtasun desberdineko hamabost bloke frogatzeko aukera izan zuten. Formatu berri honi esker eskalatzaileak elkartasun eta laguntasun giro askoz hobea sortzen dute haien artean, goizean zehar guztiak batera eskalatzen dutelako, entrenamendu bat gehiago izango balitz bezala.

Lehiaketara pasatuz, arratsaldean gazteenak izan ziren beti bezala lehian lehenengo agertu zirenak, kasu honetan Sub-16 kategoriako mutilak. Txapeletako txikienak izan arren argi utzi zuten haien maila oso altua dela eta eskaladaren etorkizuna guztiz bermatuta dagoela. Martzel Vicario izan zen garaile, bere atzetik Unax Urteaga eta Juan Diego Ospina izan ziren bigarren eta hirugarren hurrenez urren.

Jarraian, arratsaldeko txapelketak ez baitzuen ia etenik izan, Sub-16 kategoriako neskak sartu ziren lehian. gero eta nabarmenagoa da emakumezkoak eskalada munduan beraien lekua jadanik egin dutela, eta horrekin konformatu gabe aurrera doaz pauso sendoz, horren adierazgarri neskatilen maila eta kemena. Finala oso estua izan zen lehiatzaileen artean, Iune Lahidalga izan zen garaile, Haizea Oses gertu gertutik jarraituta eta Lucia Arlanzonek bete zuen podiuma.

Beste urte batez liga boulderrera jende gehien gerturatzen duen kategoriaren txanda etorri zen txikien ostean, Herrikoia Mutilak hain zuzen ere. Aurreko urtean baino partehartzaile gehiago izan ziren oraindik, guztira 25, eta lehia estua eta gogorra izan zen. Finalera pasatu ziren seiren artean, azkenean Asier Jakak irabazi zuen, bloke bat gehiago egin baitzuen, Asier Cobo bigarren eta Oier Zelaia hirugarren.

Herrikoiak neskek burututako lehia ere nabarmena izan zen larunbatean, kategoria honetan neskak oso indartsu eta motibatuak daudela ikusi zen. Kasu honetan lehenengo hirurak Itziar Pomar, Irune Calvo eta Oihana Zubikoa izan ziren, hirurak oso eskalatzaile gazteak izanda.

Herrikoi kategorien ostean Eliteen txanda etorri zen, lehenik eta behin, mutilak irten ziren ekipatzaileek finalerako prestatutako bloke konplexuak saiatzera. Garaipena bi gipuzkoarren artean egon zen gehien bat, azkenik Iñaki Salaverria gazte indartsuak eraman zuen, Aratz Etxeberria gertutik jarraituta. Podiuma Jon Frakak osatu zuen.

Liga Boulderreko lehenengo froga honi amaiera emateko Elite emakumeak izan genituen ikusgai. Kasu honetan podiuma kategoria honetako hiru neska gazteenak osatu zuten, argi utziz berriro ere emakumeak haien tokia egin dutela kirol honetan eta zer esan asko izango dute hurrengo urteetan. Lehenengo sailkatu zena Izaro Azkue Izan zen, Aitziber Urrutia izan zen bigarren eta podiuma Irati Zabalak osatu zuen.

Antolakuntzatik eskalatzaile eta ikusle guztiei eskertu nahi dizuegu parte hartu izana baita txapelketara gerturatu izana ere, zuei esker froga guztian zehar giroa aparta izan zen eta eskaladaren festaz gozatu genuen. Oroitzea partehartzaile guztiei hurrengo Otsailak 17an Amurrioko polikiroldegian izango dugula hurrengo froga eta izen emateak aurreko ostiralean eguerdiko 12:00etan amaitzen direla.

Animatu eskaladaz gozatzera!