Estadio online | ES | EUS
Menu

Aralar zeharkaldia

Aralar zeharkaldia
Esaten den bezala “eguraldi txarrari aurpegi on”. Horrela geunden, Estadioren atean goizeko 7:00etan bildu ginen ia 30 mendizaleak, botak jantzita eta, euriagatik ere egun on bat izango zela badakitenak bezala, irribarrea ezpainetan.

Argazki-galeria

Esaten den bezala “eguraldi txarrari aurpegi on”. Horrela geunden, Estadioren atean goizeko 7:00etan bildu ginen ia 30 mendizaleak, botak jantzita eta, euriagatik ere egun on bat izango zela badakitenak bezala, irribarrea ezpainetan.

Aralarreko “Guardetxe”ra 9:15ean iritsi ginelarik, minutu gutxi batzuen buruan bagindoazen oinez Errenagarantz, gure azken helmuga Amezketa herria bazen ere, gipuzkoar isurialdean, alegia. Basoak, artean, bazituen udazkeneko ñabardura batzuk eta berori igarota mendiko klima ozeanikoan tipikoak diren landak, eta hala iritsi ginen, laino mistiko batean bildurik, Errenagako Aterpetxera, non ordurako ondo merezitako hamaiketakoa egin baikenuen. Indarrak suspertutakoan, Irumugarrieta tontorrera igotzeari ekin genion; mendi hori da Aralar mendikateko garaiena bere 1.421 metroekin. Haizea eta lainoa izan genituen lagun bide guztian, baina baita taldearen animoa eta humore ona ere; horrenbestez, bada, arazo barik heldu ginen gailurrera, 12:00 aldean.

Gailurretik Arritzaga haranerantz jaitsi ginen. Haran luze hori mendigunearen mendebaldeko isurialde guztian zehar doa, eta jaisten da 1.200 metrotik 200 metrora, Amezketa herrira. Jaitsieran euria ekarri genuen gurekin denbora-zati handi batean, baina hark balio izan zuen Arritzaga errekaren ur-emari bikaina miresteko, bere turrusta eta ur-jauzi ez oso ohikoak begietsiz. Taldearen erritmo onak ibilbidea bizkor egitea erraztu zuen eta, basoan eta Arritzaga haitzartean zehar aldats behera handi batetik, Amezketa jo genuen, bustita baina pozarren. Eta, Aralar mendikatean zehar bizi izandako jardunaldi arrakastatsu horren ondoren, omenaldi eder bat egin genion geure buruari Herriko tabernan.