Estadio online | ES | EUS
Menu

Diziplina-araubidea

Fundazioak ondo funtzionatzea xede eta bazkideen eskubideak eta betebeharrak gauzatu daitezen, Diziplina Araubide bat dugu

Estadio Fundazioko Diziplina Araubidea

1. Sarrera

Estadio sortu zenetik, abonatuen eta instalazioen erabiltzaileen arau hausteak zuzentzen saiatu gara, langileen zaintzaren eta jarraibideen bitartez eta, batzuetan, zigorren bidez. Gehienetan, uste dugu zigorrek heziketa eragin nabaria izan dutela.

Arau haustetzat hartuko dira abonatuen eta erabiltzaileen egintzak eta ez-egiteak, baldin instalazio eta zerbitzuen funtzionamendu normala eragozten edo asaldatzen badute, edota baldin Estadion pertsonen arteko harremanen garapen normala kaltetzen edo hondatzen badute.

Aplikatutako zigorrak, ohartarazpenetik hasita, abonatu izatetik kentzeraino doaz. Oso salbuespenezko kasuren batean izan ezik, Zuzendaritzak ebazten ditu zigorrak. Kasu larriren batean (abonatu izatetik kentzea dakarrena), zuzendariak ezarritako zigorra berretsi da Batzorde Kudeatzailean (gaur egungo Batzorde Betearazlea). Ez da gogoan gordetzen batzorde horiek zuzenean eramandako zigor espedienterik.

Egun, prozedura hasten da arau haustea komunikatzen duen pertsonatik abiatuta (gehienetan, Fundazioko enplegatu bat da pertsona hori). Zuzendaritzara bidalitako txosten baten bidez komunikatzen du, eta Zuzendaritzak Administrazioko koordinatzailearekin batera ebazten du. Zigortutako arau hauste gehienak honelakoak dira: instalazioetara iruzurrez sartzeari buruzkoak, edo instalazioen erabiltzaileak edo enplegatuak desegoki tratatzeari buruzkoak; gazteek eginak; batik bat udan eginak; zigor ohikoena da astebete edo hiru astez abonatu izatetik kentzea; eta zigorra onartu egiten dute bai zigortuak, bai haren gurasoek.

Kasu guztietan, justiziaz eta bizkor esku hartu da, arau-hausleari bere hutsegitea onartzeko aukera emanda. Inoiz ere ez da zigorra ezarri egintzen ebidentziarik izan gabe.

Egia da oso kasu zehatz batzuetan prozedura korapilatsuagoa dela, arau-hausleen edo zigortuen gurasoek esku hartzen dutelako, beren babes funtzioarekin. Halakoetan, desberdintasunaren funtsa da gertakarien interpretazio ezberdinak daudela (seme-alabek gurasoei kontatzen dizkieten bertsioak), eta prozeduran itxuraz akatsak egin direla (aurretiko entzunaldia, defentsa eta errekurtsoa).

Ondorioz, eta noizbehinka agertzen diren arazoak konpontzearren, egoki irizten da zigor prozedura bat ezartzea, diziplina erabakiak hartzea errazteko asmoz. Bide batez esanda, diziplina erabakiak ez ditu gogoko hartu behar dituenak; baina, tamalez, beharrezkoak dira Fundazioaren instalazioek eta zerbitzuek ondo funtziona dezaten. Proposamen honekin lortu nahi dugu izapideek sinpleak izaten jarrai dezatela eta, orobat, eragindakoen defentsarako aukera bermatzea.

2. Estadio Fundazioko arau esparrua

Indarrean den Fundazioko arautegiko 11. artikuluan ezarrita dagoenez, abonatu betebeharrak huts egiteak zigorrak ekar ditzake; eta berrerortzeak, abonatu izateari utzi beharra.

Eta 12. artikuluak ñabardura hau dakar: «Abonatuen betebeharrak huts egiteak Estadio KE Fundazioaren instalazio edo zerbitzuei kalte egiten badie, errudunak ordaindu beharko du konpontzearen zenbatekoa. Gainera, errudunari dagokion zigorra ezarriko zaio.»

Eta zigortze prozedurari dagokionez, 14. artikuluan hau dago ezarrita:

«Batzorde Betearazlearen organo eskuordetu gisa, Diziplina Batzordea eratzen da. Diziplina Batzordeak izapidetu eta ebatziko ditu —eskuordetzen zaizkion eskumenak erabiliz— abonatuek euren betebeharrak betetzen ez dituzten kasuak. Gertakarien larritasunari kasu eginda, egoki deritzen zigorrak proposatu edo ezarriko ditu, kasuan kasu, eta Fundazioko diziplina araubidea betearaziko du.

Diziplina Batzordeko kideak Batzorde Betearazleak izendatutako bi pertsona izango dira; horietako bat, abonatua eta abonatuen eta Fundazioko Zuzendaritzaren ordezkari gisa.

Diziplina Batzordearen ebazpenen aurkako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Batzorde Betearazleari. Batzorde Betearazlearena izango da azken erabakia.»

Ondorioz, Diziplina Batzorde honek ebatzi behar ditu diziplina gaiak, eta egokiagotzat jotzen da Batzorde Betearazleak eskuordetzea. Izan ere, horrela (kontuan izanik Batzordeko kideen kopurua eta betebeharrak) erabaki horiek hartzean beharrezkoa den bizkortasuna lortzen delakoan gaude.

3. Diziplina antolaketa:

Diziplina ahalmena erabiltzea dagokie Estadio Fundazioko langileei, Diziplina Batzordeari eta Batzorde Betearazleari.

Diziplina Batzordea da Estadio Fundazioaren diziplina arloko organoa. Hiru kide izango ditu: Batzorde Betearazleak izendatutako bi kide (horietatik bat, Fundazioko abonatua izango da) eta zuzendaria. Zuzendariak egingo ditu idazkari lanak. Batzorde Betearazleak izendatutako bi kideak lau urterako izango dira; eta epe hori beste horrenbesteko aldi baterako berritu ahalko da. Gainera, Administrazioko koordinatzailearen parte hartzea izan ahalko du, beharrezkoa denean.

Era berean, Diziplina Batzordeak, arau hausteen eta aplikatu beharreko zigorren arabera, esku hartzearen mailak ezarriko ditu: batzorde eskuordetu batena (batzorde eskuordetuaren kideak: zuzendaria eta Administrazioko koordinatzailea), Diziplina Batzordearena eta Batzorde Betearazlearena. Betiere, Diziplina Batzordeari jakinaraziko zaizkio aplikatutako zigorrak.

4. Zigortze prozedura:

Abonatu edo erabiltzaile batek arau hausteren bat egiten duenean eta beste pertsona batek (Fundazioko langilea edo ez) hautematen duenean, azken pertsona horrek, egoki baderitzo, Zuzendaritzari jakinaraziko dio, arau haustearen jakinarazpena betez. Jakinarazpen horretan jasoko dira gertakariak, gertatu ziren bezalaxe, inolako balorazio edo iritzi pertsonalik jarri gabe. Jakinarazpen horretan bertan, arau hauslearen iritzia edo bertsioa sartzen saiatuko da.

Arau haustearen jakinarazpena Administrazioko koordinatzaileari bidaliko zaio (edo, koordinatzaile hori ez badago, zuzendariari). Hark, gertakariak egiaztatu eta gero, jakinarazpena artxibatuko du edo zigortze espedientea abiatuko du.

Bigarren kasu horretan, behar izanez gero kautelazko neurriak hartu eta gero, Administrazioko koordinatzailea edo zuzendaria harremanetan jarriko dira arau hauslearekin, egoki deritzona alega dezan gehienez 48 orduko epean (ustezko arau hausleak 18 urte beteak ez baditu, betiere harremanetan jarriko dira haren guraso edo tutoreekin). Arau haustea eta alegazioak ikusita, zuzendariak Batzorde Betearazlea biltzeko deia egin ahalko du, eta batzorde horrek ebatziko du gaia.

Diziplina Batzordeak arau hausteak eta zigorrak tipifikatu ahalko ditu; hartara, Diziplina Batzordeak eskuordetuta, Zuzendariak eta Administrazioko koordinatzaileak eratutako batzorde eskuordetu batek ebatzi ahalko ditu, Diziplina Batzordea bildu beharrik gabe.

Diziplina Batzordearen ebazpena kanporatzekoa baldin bada, idazkariak arau hausleari idazki bat bidaliko dio. Idazki horretan azalduko zaizkio zer kargu egotzi zaizkion, eta arau hausleak egoki deritzona alegatuz erantzun ahalko du zazpi eguneko epean; epe hori bukatuta, betiere gaia Batzorde Betearazlearen lehenengo bileran aztertu eta erabakiko da.

Zigortzeko edo kanporatzeko erabakia arau hausleari jakinaraziko zaio. 18 urte baino gutxiagokoen kasuan, jakinarazpena arau hauslearen gurasoei edo tutoreei bidaliko zaie. Kanporatuz gero, gainera, jakinaraziko zaio erabaki horren aurka errekurtso idazki bat aurkeztu ahalko duela Fundazioko Batzorde Betearazlearen hurrengo bileran.

Zigortze edo kanporatze espedientea Batzorde Betearazleari aurkezten bazaio, Diziplina Batzordeko idazkariak espedientearen eta (baldin badago) erruztatuak aurkeztutako idazkiaren laburpena idatziko du, Batzorde Betearazleak dagokion erabakia hartu ahal izan dezan.

Abonatuaren zigorra edo kanporatzea haren fitxa pertsonalean idatzi beharko da.

Abonatu bati edozein arrazoirengatik zigortu edo kanporatu dutela jakinaraztean, instalazioetara sartzeko mugak aldatuko zaizkio bere fitxa pertsonalean. Era berean, eskatuko zaio bete ditzala Fundazioarekin betetzeke dituen betebeharrak, halakorik izanez gero.

Gainera, Fundazioaren eskubidea da gertakariak Justiziari jakinaraztea.

5. Arau hausteen motak:

Arau hausteak mota hauetakoak izan daitezke:

5.1. Arinak:

- Instalazio eta zerbitzuetako erabilera arauak edo langileen aginduak ez betetzea, zabarkeriaz edo arduragabekeriaz.
- Jokabide pixka bat desegokia.

5.2. Astunak:

- Arau hauste arinak errepikatzea.
- Instalazio eta zerbitzuetako erabilera arauak edo langileen aginduak ez betetzea.
- Irainak, laidoak eta protesta sutuak eta nabarmenak.
- Bizikidetzako arau zibikoen kontrako jokabidea.

5.3. Oso astunak:

- Arau hauste astunak errepikatzea.
- Abonatu agiriak inori lagatzea, edota beste pertsona batzuk iruzurrez sar daitezen laguntzea edo halako iruzurrak bideratzeko parte hartzea.
- Lapurtzea edo ebastea.
- Instalazioak eta zerbitzuak gaizki erabiltzea.
- Jazarpena edo botere abusua.
- Erasoak, hertsapenak eta mehatxuak.
- Ezarritako zigorrak urratzea.
- Estadion jardueraren eta harreman pertsonalen garapenari larriki erasotzen dion beste edozein jokabide.

Erantzukizunaren salbuesletzat hartuko dira abonatuak edo erabiltzaileak arau haustea zorotasun egoeran egin izana; edo buru nahasmendu aldi baterakoan edo egonkorrean; edo istripuz eta errurik eta asmorik gabe, legezko egintza bat egitean.

Erantzukizunaren aringarritzat hartuko dira arau haustea probokazio aski baten ondoren gertatzea, edo berezko damutzea gertatzea (zigortze espedientearen hasieraren berri jakin baino lehen).

Erantzukizunaren astungarritzat hartuko da arau haustea konfiantza abusuz egitea edo arau haustea errepikatzea (aurretiko zigorrak izanda) edo berrerortzea (aurrez antzeko arau hausteak egin izana).

6. Zigor motak:

Diziplina Batzordeak zehaztuko ditu arau hausteei aplikagarri zaizkien zigorrak. Horien artean, hauek izango dira:

- Ohartarazpena edo kargu hartzea.
- Estadio Fundaziorako lanak egitea (aukerakoa).
- Aldi baterako egoztea.
- Behin betiko egoztea.

Gainera, eduki ekonomikoa duten zigorrak ezarri ahalko dira, aurrekoen osagarri, kalteak konpontzearen zenbatekoa ordaintzearren, baldin arau hausteak instalazioak edo zerbitzuak hondatzea edo urritzea ekarri badu.

Diziplina erantzukizuna zigorra betetzearekin iraungitzen da.