Estadio online | ES | EUS
Menu

Arautegia

Arautegia
Instalazioak erabiltzeko eta abonatuen eta erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak arautzeko, nahitaez bete beharreko araua batzuk behar ditugu, Arautegi honexetan jasotzen direnak, hain zuzen.

Fundación Estadio Kirol Elkartea kultura arloko erakunde pribatu gisa eratu du Caja Vital Kutxak, kirol-jarduerak, jarduera soziokulturalak eta jolaserakoak sustatzeko eta ahalbidetzeko, eta haiek Caja Vital Kutxaren Gizarte Ekintzak Gasteizen, Cervantes ibilbidean, dauzkan esparruan eta lokaletan egiten dira.

Horrenbestez, Fundación Estadio Kirol Elkartearen eginkizuna da, beraren jardun-esparruan garatzen diren kirolak irakasteko eta praktikatzeko bitartekoak ipintzea, instalazioak egokiro mantentzen saiatuz eta beraren helburu soziokulturalarekin zerikusia izan dezaketen jardueren kudeaketa eginez.

Instalazioak erabiltzeko eta abonatuen eta erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak arautzeko,, arau batzuk behar dira, nahitaez bete beharrekoak izan behar dutenak, Arautegi honexetan jasotzen direnak, hain zuzen.


I. TITULUA: IZENA ETA HELBURUA

1. artikulua

Fundación Estadio Kirol Elkartea Caja Vital Kutxaren Gizarte Ekintzaren fundazio bat da, izaera soziokulturalekoa eta kirolari eta jolasari emana, eta helbidea Gasteizen, Cervantes ibilbideko 20an du.

2. artikulua
Fundazioaren helburua da, abonatuei eta erabiltzaileei jolas-gune bat eta kirola egiten irakasteko eta kirola egiteko instalazioak eskaintzea eta kirol-, gizarte-, kultura- eta jolas-jarduerei kasu egitea.


II. TITULUA: ABONATUEZ: ONARTZEA, KUOTA MOTAK ETA KANPOAN UZTEA

3. artikulua
Batzorde Betearazleak erabakiko du, Fundazioaren Patronatuaren eskuordea denez gero, aurkezten diren sartze-eskabideei onartzeari buruz. Abonatua izateari Arautegi hau onartu eta errespetatzea datxekio.

4. artikulua
Abonatuak, dagokien urteko kuota ezartzeaz denaz bezainbatean, honako multzo hauetako batean sartzen dira:

a) Heldua: 16 urtetik gorako pertsonek osatzen dute; adin hori betetzen duen unean, abonatua multzo honetakoa da.
b) Adinekoa: 65 urtetik gorako pertsona guztiak.
c) Haur-multzoa: 16 urtetik beherako pertsona guztiak.
d) Aldi baterako eszedentzia: abonatuek aldi baterako baja eskatu dezakete euren bizilekua Arabako lurraldetik kanpo ezartzen dutenean aldi baterako; baina epealdi horrek izan behar du urtebetetik gorakoa eta bost urtebetetik behera bitartekoa eta bestalde, aldez aurretik bizileku berriaren egiaztagiria erakutsi beharko da.

5. artikulua
Multzo bakoitzari kuota mota orokor bat ipintzen zaio. Kuota mota bakoitzaren barruan ere, gainera, deskontuak jaso daitezke zenbait inguruabar orokor eta objektiboren arabera, hala nola: adina; Arabatik kanpo bizi den ikaslea; familia ugaria, eta antzeko beste batzuk.

6. artikulua
Fundazioaren Batzorde Betearazleak urtero ezarriko ditu zenbateko eta kontzeptu hauek: kuota arruntaren eta gainerako zerbitzuen zenbatekoa; zeintzuk diren deskonturako eskubidea duten multzoak, eta horietako bakoitzari aipatu kuotaren zein deskontu-portzentaje dagokion.

7. artikulua
Fundazioaren Batzorde Betearazlearen eskumena da, besteak beste, abonatu kopurua xedatzea eta abonatu berriak onartzeko baldintzak ezartzea, Fundazioaren Estatutuetan oinarrituta.

8. artikulua
Ezarritako urteko kuota ordaindu ez duten abonatuek bere kautan galduko dute hori izatea.

9. artikulua
Abonatuen eskubideak:

- Fundazioaren instalazioetan libreki sartzekoa, jendearentzat irekita dauden egunetan eta ordutegian
- Fundazioarekin hartu-emanak dituzten erakundeen instalazioetan sartzekoa, kasu bakoitzerako ezarritako baldintzetan
- Instalazioak eta zerbitzuak erabiltzekoa, kasu bakoitzerako ezarritako baldintzetan, Arautegi honetako 24. artikuluaren b) atalean ezarritakoaren kalterik gabe
- Fundazioak antolatutako ikastaroetan eta bestelako jardueretan izen ematekoa, kasu bakoitzerako ezarritako baldintzetan, haietan zerbitzu egokia jasotzekoaz batera
- Instalazioak eta zerbitzuak erreserbatzekoa, ezarritako prozeduren bitartez eta baldintzetan
- Fundazioaren jardueraren berri jasotzekoa, kasu bakoitzerako xedatzen diren bitartekoen bidez.

10. artikulua
Abonatuen betebeharrak:

- Dagokion egiaztagiria —txartel pertsonalizatua— erabiltzea, esparruan sartzean zein ateratzean
- Fundazioaren instalazioak eta zerbitzuak behar bezala eta ondo tratatuz erabiltzea
- Begirunea izatea beste abonatu eta erabiltzaileei eta Fundazioko enplegatuei.
- Lehentasun-eskubideak errespetatzea, bereziki instalazioak eta zerbitzuak erreserbatzerakoan.
- Garaiz ordaintzea urteko kuotak eta ikastaroetarako eta gainerako jardueretarako izen-emateak, bai eta instalazioen eta zerbitzuen erreserba
- Instalazioen eta zerbitzuen erabilera-arauak eta instalazioetako enplegatuen jarraibidek betetzea
- Bere kontaktu-datuetan, helbidean, banku-datuetan okerrik antzeman badu edo aldaketarik bada, albait arinen jakinaraztea Fundazioari
...

11. artikulua
Betebehar horiek ez betetzeak zehazpenak ekarri ditzake, eta berrerortzeak, abonatua izatetik baja.

12. artikulua
Betebehar horiek ez betetzeak Fundazioaren instalazioen nahiz zerbitzuen hondatzea balekar, halakoa eragin duenak konpontzearen zenbatekoa ordaindu beharko du, dagokion zehapena jasotzeaz gain.


ZEHATZEKO PROZEDURAZ

13. artikulua
Diziplina Batzorde bat eratzen da Batzorde Betearazlearen organo eskuordetu gisa, eta hark hasiko eta ebatziko du, abonatuek euren betebeharrak ez betetzen duten kasuetan eta berari eskuordetutako eskumenen arabera; berak proposatu eta ezarriko ditu bidezko deritzen zehapenak, gertaeren larritasunaren eta Fundazioaren Diziplina Araubidearen arabera.

Batzorde hori bi pertsonak osatuko dute, biak Batzorde Betearazleak hautatuak: haietako bat abonatua izango da, kolektibo hori ordezkatuz, eta Fundazioaren zuzendaritza.

Batzorde horren ebazpenaren aurka helegitea ipini daiteke Batzorde Betearazlearen aurrean.


III. TITULUA: ERABILTZAILEEZ

14. artikulua
Erabiltzailetzat joko dira, kasu bakoitzean xedatzen diren baldintzetan instalazioak erabiltzeko baimena duten norbanakoak zein taldeak. Baimen hori Fundazioaren Zuzendaritzak zein Batzorde Betearazleak ematen du, aipatu norbanakoek edo taldeek euren zeregina Fundazioaren helburuekin ados garatzen badute.


IV. TITULUA: INSTALAZIOEN ERABILBIDEAZ

15. artikulua
Instalazioak erabiltzeko ezinbesteko betekizuna da abonatua izatea eta ordainduta edukitzea dagozkion kuotak

16. artikulua
Fundazioko abonatuek abonatu-izate hori egiaztatzen duen egiaztagiria —txartel pertsonalizatua— erakutsi behar dute esparruan sartzean zein handik irtetean, eta Fundazioko enplegatuek instalazio barruan ere eskatu diezaiekete.

17. artikulua
Egiaztagiri hori —txartel pertsonalizatua— pertsonala eta erabat besterenezina da. Dokumentazio hori inori lagatzeak, edo baita beste pertsona batzuk iruzur bidez sartzen laguntzeak zein horretan parte hartzeak berehala ekarriko du abonatu horren baja, abonatu gisa.

18. artikulua
Fundazioko abonatuak ez diren pertsonak instalazioetara sartzeko, beti abonatua den batek lagunduta eta sarrera ordainduta egin behar dute; sarreraren zenbatekoa urtero ipiniko da prezioen zerrendan.

19. artikulua
Gerta daiteke, abonatuak ez diren norbanakoek zein taldeek, Arautegi honen 14. artikuluak azaltzen duen bezala. Fundazioaren baimena izatea instalazioetara sartu ahal izateko; orduan haiei horrexetarako dokumentazio egokia tramitatuko zaie.

20. artikulua
Kirol-, kultura- edo jolas-gertakari batzuk direla-eta, instalazioetara sartzea doan nahiz sarrera ordainduta izan daiteke abonatuentzat zein abonatu gabeentzat. Kasu bakoitzean, Batzorde Betearazleak nahiz Fundazioaren Zuzendaritzak ezarriko ditu prozedurak eta baldintzak.

21. artikulua
Ezin sartu daiteke inolako animaliarik —txakur gidariak izan ezik—, pertsonentzat arriskugarriak izan daitezkeen gauzakiak badituzte, ezta ezin daiteke ere bizikletan edo patinetan ibili instalazioetan.


V. TITULUA: INSTALAZIOEN ERABILERAZ

22. artikulua
Fundazioaren instalazioak eta zerbitzuak bakoitzaren erabilerarako araudi osagarriaren arabera erabili beharko dira. Oro har, debekatuta dago: substantzia toxikoak, estupefazienteak eta psikotropikoak kontsumitzea; barruko guneetan, kirolguneetan eta haur-eremuetan erretzea; aldageletan irudiak ateratzea, eta gainerako instalazioetan hori egitea argazkiko edo grabatutako pertsonen edo Fundazioaren baimenik gabe.


23. artikulua
Instalazio eta zerbitzu batzuen erabilera aldez aurreko erreserbari atxikita egon daiteke. Kasu bakoitzean Fundazioaren Batzorde Betearazleak xedatuko ditu prozedura eta baldintzak.


VI. TITULUA: XEDAPEN OROKORRAK

24. artikulua

a) Fundazioaren Batzorde Betearazleak xedatuko ditu instalazioak eta zerbitzuak irekitzeko eta ixteko egutegia eta ordutegia, Elkarteari komeni zaionaren, urteko sasoiaren edo beste arrazoi batzuen arabera.
b) Kirolgunearen jabea denez gero, Vital Kutxaren Gizarte Ekintzak beretzat atxikitzen du instalazioak eta zerbitzuak, osorik zein zati batez, erabiltzeko eskubidea, bere gizarte-jardueretarako interesatzen zaizkion helburuak lortzeko.
c) Fundazioak ez du erantzukizunik instalazioetan gauzak edo dirua galtzen edo lapurtzen direnean.
d) Fundazioaren Batzorde Betearazleak interpretatuko eta ebatziko ditu Arautegi honetako arauek sorrarazi litzaketen zalantzak, eta beretzat atxikitzen du, Arautegi hau Fundazioaren interesentzat komenigarriago deritzon moduan aldatzeko edo handitzeko eskubidea.
e) Arautegi honetan aurreikusi ez diren kasuak Fundazioaren Batzorde Betearazlek ebatziko ditu.