Estadio online | ES | EUS
Menu

Arabatxo Klubaren albisteak

Arabatxo, laugarren Iberiar Ligan, proba bat falta delarik

Arabatxo Kluba laugarren doa emakumezkoen gimnastika artistikoaren Iberiar Ligan. Castellóko eta Coruñako probak igarota, gasteiztarrak podiumetik oso hurbil dabiltza, jokatzeko proba bakarra eta zortzi talde hoberenen finala besterik falta ez dela. Arabatxo, Euskadiko ordezkari bakarra, finalera sailkatzeko urrats batera dago. Final hori badirudi Gasteizen izango dela; hala izanez gero, pizgarri ederra litzateke Arabatxoko emakume horientzat. Amara García, Mara Alonso, Maider Lafuente, Leire Maza, Arianne Vadillo, Intza Pagaldai eta Bianca Vázquez dira taldeko kideak, podiumeko postuen bila arituko direnak. Hala ere, lehenago Iberiar Ligako azken hitzorduan neurtu beharko dira, apirilean, Jerezen.

Beste alde batetik, gainerako taldeak lehiaketaren aurretiko aldian ari dira buru-belarri, Palma Mallorcakoan eta Burgosen kontzentratuta, bai eta Bartzelonako Vila de Grácia Torneoan lehiatzen ere. Horrekin, uztaileko estatuko txapelketa albait hobekien prestatu nahi dute.
Aurrez, martxoaren 15ean, Gasteiz Hiriko Trofeoa jokatu zen, 200 bat parte hartzailerekin. Gero etorriko dira RGC Covadonga Trofeoa eta Villa de Móstoles Trofeoa apirilean, eta Euskadiko txapelketa maiatzean.